Euskara ingurune digitalean

Bideo-jokoen hamaika alderdi aztertu zituzten Jokoteknia jardunaldian

Iragan larunbatean, Jokoteknia Bideo-jokoen III. Euskal Jardunaldia egin zen Bilbon kokatutako Euskararen Etxean, euskara eta bideo-jokoak uztartzeko eta komunitatea sortzeko asmoz. Azkue Fundazioak eta Game Erauntsiak ondu zuten ekitaldia lankidetzan.

Lau adituren hitzaldien eta Digipen eta Harrobia hezkuntza-zentroetako ikaslez osatutako mahai-inguruaren inguruan ardaztu zen egitaraua, zeina streaming bidez transmititu zen. Ondoko  bideoan ikus dezakezue:

Hauexek dira, besteak beste, azaroaren 28ko jardunaldian jorratu ziren gaiak: animazioa bideo-jokoetan, bideo-jokoen lokalizazioa, katalana eta bideo-jokoak eta eJokoak familian.

Axis Studios konpainian diharduen Julen Urrutia gernikarrak ireki zuen jardunaldia, eta 3D pertsonaiak sortzeko prozesua aztertu zuen. Horrekin batera, 3D zinematikaren edo pelikulen prozesuaren inguruan ere aritu zen. “Animazioen eta bideo-jokoen arteko muga gero eta meheagoa da. Jokoetan trikimailu asko erabiltzen dira, baina animazioetan ez dugu halakorik behar. Halaber, animazioak oinarri batzuk ditu, eta film batean lan egiten dutenek oinarri berberak aplikatu behar dituzte. Joko batean  baina, hainbat kontu aztertu behar dira, tartean, segundoko irudien tasa eta motor grafikoaren alderdi teknikoak”.

Lingua Vox enpresako Itziar Zorrakinek bestalde, lokalizazioa izan zuen hizpide; hain zuzen, bideo-joko bat merkaturatu baino lehen landu behar diren lokalizazioaren atalak aztertu zituen. “Nire ustez garatzaileek gero eta gehiago balioesten dute lokalizazioa, izan ere, duela urte batzuk jokoak 5 hizkuntzatan argitaratzen ziren, baina gaur egun 12 hizkuntzatan kaleratzen direnak badira”. Euskarazko itzulpenak ere jorratu zituen: “euskaraz gramatika aldetik gauza asko aldatzen dira. Orokorrean, euskara itzultzea katalanera itzultzea baino garestiagoa da”.

img_3677

Pantallas Amigas elkarteko kide Igor Gaminde hezitzaileak bideo-jokoek familiengan eragiten dituzten onurak jorratu zituen. “Nerabeak jolasten dauden bitartean, hitz egiten dute eta erlaxatu egiten dira, eta normaltasun osoz jolasten dira. Etxean, elkarrekin jolastuz gero, gure gauzei buruz hitz egiteko une interesgarriak sor daitezke”.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle Laura Santamariak katalanaren eta bideo-jokoen arteko harremana jorratu zuen. “Erakundeek egindako lana eskasa da. Katalana hitz egiten duten zenbakiak aztertzerakoan poztu egiten gara, baina errealitatea beste bat da: erabilpena areagotu egin behar dugu, eta bideo-jokoak horretarako arma aproposa dira. Horrekin batera, bideo-jokoek termino berriak sortzen dituzte; esaterako, jokalarien komunitateek ingelerazko hitzak hartzen dituzte eta beste hizkuntza batzuetako atzizkiak gehitzen dizkiete”.

img_3680

Ikasleen mahai-inguruari dagokionez, Harrobia ikastolatik Koldo Gorostidik eta Iñaki lergak parte hartu zuten mahai-inguruan, eta Digipen zentrotik, berriz, Mikel Sertutxak eta Ander Najerak.

Harrobia Ikastolako ikasleen kasuan, klaseko proiektu asko euskaraz egiten dituzte. “Ikasleek garatutako bideo-joko asko euskarara itzultzen dira, gero eta gehiago”, gaineratu zuten Digipeneko ikasleek.

Bideo-jokoetan euskara sustatzeko pauso txikiak ematen ari direla nabarmendu zuten. Haatik, diru-laguntzen beharra ere azpimarratu zuten, enpresa euskaldun indartsu bat eratzeko, munduan ezaguna izango den bideo-joko egin dezan, Katalunian garatutako Gris jokoarekin gertatu den bezala, zeinak hainbat sari jaso dituen.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu