Sabino Ormazabal: “Iragana kontatu egin behar da, handik ikasteko”

Sabino Ormazabal: “Iragana kontatu egin behar da, handik ikasteko”

Miren Garate

1970eko eta 1980ko hamarkadetan Euskal Herrian izandako nuklearren aurkako borrokari buruzko ezagutzan egon daitekeen hutsunea betetzea du helburu Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentalak; horrekin batera, Gladys del Estal estatuaren biktima dela aldarrikatzen du. Bertha Gaztelumendik zuzendu du, eta gidoia Sabino Ormazabalena da (Donostia, 1953). Azaroan estreinatu zuten, eta, Ormazabalen esanetan, harrera “oso ona” izan du. Gaur bertan, Legazpin eta Irunen emango dute, eta datozen asteotan beste herri askotan izango da ikusteko aukera: Ataunen, Oñatin, Donostian, Bergaran, Ordizian, Tolosan… Emanaldien tokiak eta orduak ezeskerrikasko.eus atarian daude zehaztuta.

Bertha Gaztelumendi zuzendariak eta biok barrutik bizi izan zenuten zentral nuklearren aurkako borroka. Nola gogoratzen duzu mugimendu hura?

Borroka antinuklearra eta antimilitarista izan zen, eta oraindik ere bada: Bardeako tiro eremua eta Garoñaren hondakin erradioaktiboak hortxe daude. Oso garai interesgarria izan zen, eta hantxe ikasi genuen zer den natura zaintzea, erabakiak beste norbaiten esku ez uztea, demokrazia parte hartzailea, maitasuna, batera joanez gero herri batek duen indarra… Eskola ona izan zen, eta ateak ireki zizkion gaurko ekologismoari.

Nolatan lortu zuen mugimendu hark hain jende ezberdina batzea?

Hamarkada haietan, kalean zeuden egiazko komunikazioa eta saltsa. Diktaduraren bukaera edo/eta ondorengo urteak ziren. Dena aldatu nahi genuen, eta aukerak bazeudela sinesten genuen. Bide antzekoan sektore zabal bat zegoen, eta bat egin genuen, aniztasunez eta gogoz: auzo elkarteek, zentrala beren etxe ondoan nahi ez zutenek, antimilitaristek, ekologistek… Ingurumenaren eta gure herriaren etorkizuna erabakitzeko aukera, kontrola eta parte hartze publikoa erreibindikatzen genituen. Horregatik, funtsezkoa izan zen elkarrekin loturarik ez zuten gizarte geruza asko mobilizatzea lortu izana. Gaurko testuinguru politiko, kultural eta soziala ezberdina denez, ezin da konparatu.

Zeuk proposatu zenion Bertha Gaztelumendiri dokumentala egitea. Zergatik iruditzen zitzaizun beharrezkoa?

Erronka pertsonala izan da batetik, bai, baina, segituan, biena, eta, aurrerago, talde zabal batena. Dokumentala mugimenduaren barrutik egina dago. Barrutik kontatzen da, eta barruko aniztasunak adierazten ditu: estrategia ezberdinak, antolaketak nolakoak ziren, zer-nolako ekitaldiak egin ziren, eztabaidak… Hori dena transmititu behar zen. Eta, horregatik, erronka pertsonaletik kolektibora pasatu da. Iragana ez da ahaztu behar; kontatu egin behar da, handik ikasteko. Gainera, Gladys estatuaren biktima bat dela eta aitortza behar duela erreibindikatzen jarraitzen dugu. Hori lortu arte hemen izango gara.

Zein aukera daude aitortza hori lortzeko?

Orain dagoen aukera da Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzko uztailaren 28ko 12/2016 Legeari heltzea. Nafarroako legearekin gauza bera gertatzen da. Nahiz eta orain inpugnatuak dauden, aurrera aterako diren itxaropena daukat.

Askok ez dute jakingo Euskal Herrian lau zentral nuklear egiteko proiektuak egon zirenik. Gladys del Estal bera ere ez da hain ezaguna. Zer esango zenuke hari buruz?

Gure dokumentalarekin hutsune hori betetzen lagundu nahi dugu. Gladysi dagokionez, mugimendu ekologistaren barruan bada ezaguna; sinbolo bat bihurtu zen hil ondoren, eta urtero omenaldiak antolatzen dira hura oroitzeko. Donostiako Egia auzoko 23 urteko neska bat zen. Donostiako lehenengo talde ekologistako partaide izan zen, nirekin batera; aktibista sutsua: ingurumenarekin erlazionatutako jarduerak egiten zituen haur talde bat sortu zuen auzoan…

Nolakoa izan da gidoia egiteko prozesua?

Edozein gidoi behin eta berriz aldatuz joaten da: dokumentalaren muntaketa egiten ari zarenean, moztu egin behar duzunean erritmoa ez galtzeko, pasarte bat tokiz aldatu behar denean… Asko ikasten da, baina sufritu ere bai, zuretzat garrantzitsuak diren gauza batzuk kendu egin behar direlako. Mugimenduan parte hartu duten 33 pertsonaren testigantzak jaso ditugu. Asko dira, baina beharrezkoak ziren hainbat gai jorratzeko. Eta utzi ez didatelako; niregatik balitz, batzuk gehiago sartuko nituzkeen. Eskerrak zuzendari on bat neukala ondoan, bestela…

Leave a Reply

Your email address will not be published.