- Euskara Nafarroako berezko ondarea da eta, hortaz, nafar guztiei eta bakoitzari dagozkie euskarari buruzko hizkuntza eskubideak.
- Aipatutako epai horrek, alde batetik, ez du aintzat hartzen bertako hizkuntza den euskara balioestea Nafarroako eremu guztietako administrazioetako lanpostuetan. Eta, beste aldetik, ez du ahalbidetzen, normaltasunez, Foru Komunitateko ondare kulturala den euskara, gaztelaniarekin batera, agerraraztea ere idazki, inprimaki, errotulu, zigilu, xafla eta abarretan. Epaiak hizkuntza eskubideak herritarrenak direla argi aitortu arren, epai horren erabakiekin nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatu eta babestu beharrean, murriztu eta mugatu egiten ditu, eta atzerapauso nabaria ezartzen nafarrei aitortutako hizkuntza eskubideak gauzatzean.
- Orobat, Euskaltzaindiak eskatzen dio Nafarroako Gobernuari euskarari dagozkion lege eta arau guztietan berma ditzala hiztun komunitate osoaren eta nafar bakoitzaren hizkuntza eskubideak eta, euskara gaietarako erakunde aholku emaile ofiziala den Akademia honetako Zuzendaritzak, adierazpen honen bidez, egiteko horietan lankidetza hertsia eskaintzen dio Nafarroako Gobernuari.
Iruñean, 2019ko urriaren 30ean.