gorka julio
IRLEN SAREA

'Baltimore, Maryland...'

2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Horrela hasten ziren X files telesaileko atal asko. Gertatu dena beste kapitulu bat izan zitekeen, baina ez da fikzioa, errealitatea da; 10.000 ordenagailu baino gehiago bahitu dituzte, ransomware baten eraginez. 600.000 biztanle baino gehiago dituen hiriko zerbitzu asko erasotzaile batzuen kontrolpean daude orain, eta ezingo dituzte berreskuratu xantaiaren dirua ordaintzen ez badute. Horrelako erasoetan gertatu ohi den bezala, ezinezkoa da sistemak berrezartzea. Ransomware motako softwareak, kasu honetan Robin Hood programak, behin sisteman sartuta, informazio guztia zifratzen du eta berreskuratu ahal izateko bahitzaileek jarritako pasahitza ezinbestekoa da.

Erasotzaileek 100.000 euroko erreskatea eskatu diote udalari bitcoinetan, ordenagailuak askatzeko eta bahiketa amaitzeko. Udaleko langileak, Polizia, suhiltzaileak edota elektrizitate, ur edo gas enpresak ere, euren ordenagailuetan sartu ezinik dabiltza, eta erasoak herritarrengan eragin zuzena izan du. Ehunka zerbitzuk eskuzko kudeaketa behar izan dute informatizatutako operazioetarako. Helburua orain zerbitzu kritikoak berriro martxan jartzea da. Hala ere, litekeena da sistema konplexuagoak suspertzeko hilabeteak igarotzea.

Gerta daiteke norbanako edo enpresa askori ere aurretik eragitea erasoak, masiboki eragina agertu aurretik —gurean ere gertatu izan dira horrelakoak—. Gerta daiteke arlo publikoko erakunderen bati ere eragin izana, eraso handia hasi baino lehen. Kasu honetan, hala gertatu izan da, larrialdi zerbitzuek pairatu baitzuten lehen erasoetako bat.

Teknologiari lotutako udal arduradunak abisua emana zuen, gainera. Baina inbertsio falta eta departamenduan bertan egon ziren aldaketek ez zuten batere lagundu. Aurreikusi zitekeen eraso baten aurrean, inbertsio txiki bat egin ez izanak orain alimaleko arazoa sortu du.

Askotan gertatu ohi da: era horretako arriskuen aurrean prebentzio faltarekin jokatzea, gaur egun zerbitzu horiek duten garrantzia kontuan hartu gabe. Zorionez, egunero bizitza errazago egiten diguten prozesu teknologiko asko dago. Baina hiri handi bati egiten zaion lapurreta txiki batek milaka pertsonen bizitza baldintzatzea lortzen badu, eta hori etorriko diren erasoen aurrekari txiki bat besterik ez bada, prestatu beharko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.