Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

  • Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.

15 urterekin “antsietate matematikoa” handiagoa da nesken artean; alegia, agobio sentimendu handiagoa dute. Argazkia: Freepik

2024ko apirilaren 24an - 06:00

6 bat urterekin, bai neskek bai mutilek uste dute “benetan inteligenteak” mutilak direla eta matematikak “mutilen gauza” direla. Norbere gaitasunen autopertzepzio txarragoa dute neskek, proba objektiboetan antzeko emaitzak lortu arren. 9-10 urteetarako, mutilak baino gutxiago dira matematika ikasgai gogokoena dutela dioten neskak, baita matematiketan onak direla diotenak ere, azkar ikasten dutela edo matematikekin gozatzen dutela. Ikerketa EsadeEcPol Politika Ekonomikoen Zentroak egin du, Espainiako Estatuko ikasleei eta STEM ikasketei erreparatuta (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak).

Azterketaren arabera, 15 urterekin “antsietate matematikoa” handiagoa da nesken artean; alegia, agobio sentimendu handiagoa dute (eta sentimendu hori areagotu egin da azken hamarkadan): kezka, tentsioa eta urduritasuna nabaritzen dute ariketa matematikoak edo buruketak egiterako orduan. Konfiantza falta eta antsietate horren eraginez, adin buelta horretan mutilek baino nota okerragoak ateratzen dituzte neskek matematiketan (PISA azterketak oinarri hartuta), dio ikerketak.

15 urterekin dagoeneko mutilak baino gutxiago dira STEM profesio bat izatea aurreikusten duten neskak; nahiago dituzte osasunari eta hezkuntzari lotutako lanbideak.

Genero rolekin zerikusia duten matematikekiko pertzepzioek eta neskek duten konfiantza faltak, espektatibekin uztartuta, eragina dute: zientzia arlotik aldentzea hautatzen dute neskek

Notak ez dira arrazoia

Derrigorrezko hezkuntza bukaeran, neskek orokorrean mutilek baino ikasgai gehiago gainditzen dituzte, baita zientzia eremuan ere, eta EBAU azterketan, STEM arloko notak apur bat hobeak dira nesken artean, mutilen notekin alderatuta. Halere, Arte eta Humanitateak hautatzeko joera handiagoa dute emakumeek, eta ikerketak nabarmentzen du zientzien arlora jotzen duten emakumeek adar teknologikoa baino askoz gehiago aukeratzen dutela biosanitarioa.

Nota ez bada traba, zergatik? Azterketaren egileek aipatzen dutenez, genero rolekin zerikusia duten matematikekiko pertzepzioek eta neskek duten konfiantza faltak, espektatibekin uztartuta, eragina dute, eta azkenean, ikasketa-ibilbidea aukeratzeko garaian zientzia arlotik aldentzea hautatzen duten nesken portzentajea handiagoa da.

Emaitza? Ez dago unibertsitateko STEM gradurik emakumeen presentzia ikasleen erdira iristen denik; Informatika eta Matematika karreretan, dezente behera egin du emakumeen portzentajeak azken urteotan (Ingeniaritza Aeronautikoan, ordea, laukoiztu egin da emakumeen presentzia). Lanbide Heziketan, desoreka are handiagoa da. Ondorioz, lan munduan ere STEM arloko lanpostua duten emakumeak gutxiago dira gizonak baino (emakumeen %5,5 eta gizonen %13). Ikerketak dio hamarkada batean bikoiztu egin dela 24-34 urte bitartean dituzten emakumeen presentzia STEM enpleguetan, baina abiapuntua hain zen baxua, oraindik ere txikia dela portzentajea. Gainera, zientzia arloko graduren bat duten emakume gehiagok bukatzen du ikasketa horiei loturik ez dagoen lanpostu batean, gizonekin alderatuta.

Azken buruan, horrek guztiak lan baldintzetan eta soldatetan gizonen alde jokatzen duela ondorioztatu du ikerketak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Itxialdiak egin dituzte Iruñerriko institutuetan Gazaren alde, nahiz eta Nafarroako Gobernuak espresuki eskatu ez baimentzeko

Astearte gauean Israelen genozidioaren aurkako itxialdia "normaltasunez" egin dute DBH eta Batxilergoko ikasleek Iruñerriko hainbat institututan, ARGIAri kontatu diotenez. Itxialdi horiek egin ez zitezen saiatu da Nafarroako Gobernua, astearte eguerdian... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Pantailarik gabeko aisialdiari ekin diote 1.553 ikaslek Ipar Euskal Herrian

Hamar egunez, aisialdi orduetan telebista, bideo-joko eta smartphoneak alboratuko dituzte gutxienez 1.553 ikaslek, Ipar Euskal Herrian. Helburua lortzeko, pantailarik gabeko alternatibak diseinatu dituzte aisialdirako, denok bat eginik deskonexio digitala errazagoa dela... [+]


2024-05-13 | ARGIA
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua

Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.


Eguneraketa berriak daude