Silvia Guillen eta Josetxo Mandado
ELAren Zerbitzu Publikoen Federazioko kideak

Bizitzaren hasiera eta amaiera prekaritateari kateatuta

Nafarroan haur eskoletan zein hirugarren adinekoen egoitzetan egiten ari diren mobilizazio eta greben helburua eskaintzen den zerbitzua ahalik eta onena izatea ahalbidetuko duten baldintzak finkatzea da. Ezin da zerbitzu onik eman baldintza prekarioekin.

Gure bizitzako lehen eta azken pausoak egiteko lagun egingo digun eta zainduko gaituen norbait behar dugu. Haur txikienen eta, kasu askotan, adinekoen menpekotasuna erabatekoa da. Arreta ematen dieten pertsonekiko harremana hil ala bizikoa da.

Mendetasun horrek esan nahi du, zaintza eta heziketa horiek familia eremutik ematen ez diren kasuetan, gure seme-alabak edo gurasoak horretan diharduten profesionalen esku utzi behar ditugula. Hori da haur eskoletan eta hirugarren adinekoen egoitzetan egiten dutena. Hezi, zaindu, garbitu, elikatu, pixoihalak aldatu, jolastu, entretenitu, eta, azken finean, gure senideei lagundu.

Guztiok nahi dugu zerbitzu hauek profesionalak eta kalitatezkoak izatea. Mundu guztiak, Nafarroako Gobernuak eta patronalak izan ezik. Euren lehentasuna errentagarritasun ekonomikoa da, zerbitzuaren kalitatearen edo langileen egoeraren aurretik.

Zaintza behar duten pertsonak ezin ditugu enpresa pribatuen eta putre funtsen esku utzi, ezta prekaritatea betikotu ere haur txikienekin dihardutenei. Adineko jendeari ezin zaio arreta egokia eman kronometro bati begira, ezta txikienei ere ratio onartezin batzuekin.

Nafarroan haur eskoletan zein hirugarren adinekoen egoitzetan egiten ari diren mobilizazio eta greben helburua eskaintzen den zerbitzua ahalik eta onena izatea ahalbidetuko duten baldintzak finkatzea da. Ezin da zerbitzu onik eman baldintza prekarioekin.

Egoitzen sektorean Nafarroako Gobernuak ikusle soilaren papera hartu du. Urtebete igaro da Nafarroako Egoitzen Hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik, eta patronalak propaganda egiten duen bitartean eta mahai gainean edukirik jartzen ez duen bitartean, Nafarroako Gobernuak pasibotasun onartezina erakusten du. Hitzarmen hau funtsezkoa da laneko prekaritateari aurre egiteko eta zaintza eredu publiko, unibertsal eta doakorantz jotzeko.

Antzeko zerbait gertatzen da haur eskolekin: gehienak udal titulartasunekoak dira, baina Nafarroako Gobernua da baldintzak jarri eta hezitzaile bakoitzak zenbat haur izan behar dituen ezartzen duena. Ez da gauza bera hamasei haur izatea, Nafarroan gertatzen den bezala, edo zortzi (Europar Batasuneko batez bestekoa).

Egoitzek eta haur eskolak diru publikoan oinarrituta funtzionatzen dute. Nafarroako Gobernuaren ardura da hori kudeatzea. Bere esku dago langileek sufritzen duten prekaritatea desagerraraztea: 1.000 eurora iristen ez den soldata dute, lanaldi partzialak, behin-behinekotasun handia eta karga psikosozial izugarria. Eta baldintza prekario horiek ez dira kasualitatea, bizitzaren hasierari eta amaierari arreta emateaz arduratzen diren sektoreak baitira. Prekaritatea egiturazkoa duten bi sektore feminizatu dira.

Nafarroako Egoitzen Hitzarmenaren eta kalitatezko haur eskolen alde egiten ari diren greba eta mobilizazioek aldaketa historikoa bultzatu behar dute sektore hauetan. Langileek pairatzen duten prekaritateari aurre egiteko balio behar dute.

Horregatik, ELA bi borroketan parte aktiboa da, eta Nafarroako Gobernuak duen erantzukizun zuzena bere gain har dezala eskatzen dugu.

Search