Idoia ERASO

EUSKARA BATUARI «BATASUNA» EMATEKO TRESNA EUSKALTZAINDIAREN ESKUTIK

Ipar Euskal Herriko Euskaltzaindiko kideek, Battittu Coyos gidari izanik, Euskara Eskuz Esku tresna digitala sortu dute, euskarari «batasuna» emateko. Bereziki, Iparraldeko hiru lurraldeetako euskaldunei zuzenduta dago eta bertako hizkerak lehenesten ditu.

Saiatu gara modu erraz eta sinplifikatuan jendeari arauak eta Iparraldeko formak eta adibideak ematen, zeren eta euskara batuan Ipar Euskal Herriko gauza anitz onartuak dira, baina jendeak ez daki, Iparraldeko euskaldunek ez dakite». Hitzokin azaldu zuen Battittu Coyos Euskaltzaindiko kideak Euskara Eskuz Esku tresna sortzera eraman zuen arrazoia. Bere burua «Iparraldeko euskaltzain oso, zuberotar eta zubereraren ordezkari» gisa definitzen du, eta, toki horretatik, «ohartu naiz, badirela kezkak, zailtasunak eta dudak euskaraz idatzi nahi dutenen artean, noiz euskalkia, noiz batua, zein forma...». Hori ikusita deliberatu zuen Coyosek Euskara Eskuz Esku tresna digitala sortzea.

Euskara batuaren arauak modu sinplifikatuan agertzea da egitasmoaren xedea, Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak azpimarratuz eta euskara batuak onartzen dituen Iparraldeko formak lehenetsiz. Horregatik, Euskara Eskuz Esku «Ipar Euskal Herritik batasunari eginiko ekarpen» gisa aurkezten du Euskaltzaindiak, eta denen eskuragarri eman du bere webgunean.

Iparraldeko hiru lurraldeetan euskara batua erabili nahi duen euskaldun alfabetatuari zuzentzen zaio bereziki, hala nola irakasleak, ikasleak, euskara teknikariak... Hau da, hizkuntza idatzia erabiltzen dutenei. Lehen erabiltzaileak horiek izatea espero baldin bada ere, Hego Euskal Herriko eta diasporako euskaldunentzat baliagarria izateko ere garatu du akademiak. Ildo horretan, honakoa azpimarratu zuen Coyosek: «Euskaltzaindiaren hiztegian, hitz bakoitza nagusiki non erabilia den emana da, horrek nahasten eta aberasten du euskara. Baina erregistroak behar dira, batua behar da kanpoko zenbait eremutan, ez da etxean eginen, salbu, bistan dena, lurralde horretan ez bada euskalkirik».

Hitzen eta hiztegiaren trukaketa ere azpimarratu zuen: «Harremanak euskaldunen artean zabaltzen dira fite, eta hitzak nahasten dira, 20 edo 30 urteren buruan ez dugu erranen Iparraldekoak edo Hegoaldekoak diren. Orain ‘bikain’ entzuten duzu baita Zuberoan ere, eta lehen ez zen erabilia».

Baliabide ezberdinak erabili dituzte tresna digitalaren xedeak lortzeko, gomendioak eta arauak artikulu errazen bidez agertzen dira, betiere Ipar Euskal Herriko hizkuntza-aniztasunari dagozkionak azpimarratuz. 123 arau landu dituzte, eta, horien aurkezpenetan, batuan onartzen diren hiru lurraldeetako formak lehenetsi dituzte adibideetan. Era berean, lekukotasun bideoak, ahoskeraren audio grabazioak eta artikulu batzuk bildu dituzte, besteak beste. Zalantzak edo galderak izatekotan, akademiako webgunean dagoen Jagonet zerbitzuan pausatu daitezke.

Coyosek lan horretan bidelagun izan du Isabelle Duguine ikertzailea, eta aholkulari lanetan aritu dira Andres Alberdi Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua batzordeko koordinatzailea eta euskaltzain urgazlea, Jean-Louis Davant, Txomin Peillen eta Xarles Bidegain euskaltzain osoak eta Allande Socarros euskaltzain urgazlea. «Bistan da, Euskaltzaindiak argitaratu baino lehen aztertu du», gaineratu zuen Coyosek.

Behin proiektua gauzatuta eta aurkeztuta, orain gizarteari helarazteko momentua ailegatu da. Horretarako, erabiltzaile potentzialak diren AEK, Seaska, IKAS, Euskararen Erakunde Publikoa... bezalako eragileetako kideen artean tresna zabaltzeari ekingo diote. Heldu den astean hasiko da jada Coyos bide hori egiten, eta Ikastolen Federazioak Baionan daukan Estitxu Robles Kolegioan bi mintzaldi eskainiko ditu.

Batuaren tokia Ipar Euskal Herrian

Tresnak eskaintzen duen ezagutzaren gaineko interesa ageria da Iparraldeko zenbait eremutan, non batua Hegoaldetik etorritako hizkuntza gisa hautematen den. Ezezagutzaren ondorioa dela defendatu zuen Coyos euskaltzain osoak: «Euskara batua ez da ezagutua, hiztegia hartzen baldin baduzu, badira 370 hitz zubereran bakarrik erabiliak direnak, baina sartuak Euskaltzaindiaren hiztegian». Ildo horretan, honakoa nabarmendu nahi izan zuen: «Euskara batua, beste hizkuntza estandar guztiak bezala, ez da monolitikoa, hau da, orain mintzatzean, batuaz ari naiz, baina baditut nire formulak, nire azentua eta fonetika, nahi ala ez».

Euskara batua monolitikoa dela zabaltzen dutenak sarri euskara ongi ez dakitenak izaten direla salatu zuen Coyosek, eta egun iritzi hori aldatzen ari direla nabarmendu, ikastoletan ikasi dutenen edo zenbait elkarteren baitan egindako lanaren ondorioz. Horrez gain, euskara aspaldi galdua izan den eremuetan eta familietan berreskuratzen ari den garai honetan, batuaren beharra aldarrikatu zuen: «Iparraldean badira haur batzuk ikasiak euskara batuan, bestela, Baionan edo Biarritzen, zein da euskalkia? Ezin da lapurtera denik erraten ahal, hori Saran, Azkainen eta inguru horretan egiten da».

Egitasmoak Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren dirulaguntza jaso du, zehazki, proiektuaren %65 finantzatu du. Espainiar eta frantses estatuek eta Andorrak bultzatutako POCTEFA programaren baitako Linguatec egitasmoaren bitartez diruztatu du egitasmoa. Teknologia berriak eta hizkuntzak hedabide digitalen bidez sustatzeko proiektu horretan, orotara sei egitasmok jaso dute finantzaketa, tartean Elhuyar fundazioaren bat. Aragoiera eta okzitaniera laguntzeko egitasmoak ere diruztatu dituzte.