Gizateriaren herena baino gehiago


2024ko apirilaren 23an - 11:36
Arazoa da Myanmar gerra “zibilean” murgildu dela azken sei hilabeteetan, duela hiru urteko estatu-kolpe militarraren segizioan. / Argazkia: X/ @kokang0123

Suteek bezala, gerrek, kontrolpetik ihes egin eta zabaltzeko duten erraztasuna ezaguna baino ezagunagoa izanik, pentsa zitekeen munduak adi-adi egon behar lukeela gizateriaren herena baino dezente gehiago bilbatzen duten herrialdeei zuzen-zuzenean eragiten dien –eta gogotik gaiztotzen ari den– gatazka batekin. Baina ezetz ematen du. Myanmar, non dago hori? Zer dela eta kezkarazi behar gaitu han gertatzen denak?

Bada eskueran duzun edozein kartografia-baliabidek esango dizu Asia hegoaldeko horrek, itsaso zabalaz gaindi, beste bost herrialde dituela mugakide. Baina a zer nolako bost: Bangladesh, India, Txina, Laos eta Thailandia. Bosten artean, gizateriaren ehuneko 38 inguru bilbatzen dutenak. Ez da halakorik gertatzen beste inon mundu osoan.

Baina ez litzateke hori buruhaustea, berez. Arazoa da Myanmar gerra “zibilean” murgildu dela azken sei hilabeteetan, duela hiru urteko estatu-kolpe militarraren segizioan. Gerra horren “zibil”-tasunari komatxoak jarri behar zaizkio, ez bakarrik halako kasuetan ohikoa denagatik, baizik eztabaidagarria delako herri baten baitako “barne-gerra” dela egun Myanmarren duguna.

Izatez, deskolonizazio-prozesuan Burma/Birmania izenarekin independentzia lortu zuenetik, ia etengabeko “barne-gerran” egon da egun Myanmar dugun hori. Teorian bertako gehiengo zabala den bamar-herriaren ordezkari litzatekeen agintearen eta gutxiengoen (shan, kachin, karen, rakhine, txinatarren) arteko gatazka litzateke; praktikan, benetako boterea bere eskuetan ia etengabe izan duen armadaren eta gerrilla etnikoen arteko gerra gupidagabea. Gure artean, rohingyen kasua besterik ezagutzen ez bada ere.

2021eko estatu-kolpeak egitate hori gehitu dion berritasuna da gehiengo bamar-jendearen artean militarren aurka diharduen oposizioaren laguntasuna (politikoa, gehienbat, oraingoz, militar eta operatiboa baino gehiago) gutxiengo etnikoen matxinada armatu indarberrituarekin, etsai komunaren aurka. Tatmadaw armadaren moralaren moteltasunean zerikusia izango duena, seguruenera.

Baina korapiloa biziro gaiztotzen da mapa zehatzago behatu eta jabetzen bagara altxamendua, berezko tasunez, baina baita ere operatibotasunez, mugetako egitatea dela. Eta une honetan, hein batean Naypyidaw-eko aginte militarra isolatuta legokeela lurrez mugakide dituen herrialdeetatik.

Egoera horren aurrean, beren urduritasuna egintza bihurtzen hasi dira dagoeneko, batez ere Txina eta India, bi erraldoien kasuan. Myanmarreko suteak aise zeharkatu ditzakeelako orain arte Yunnaneko, Assameko akabuan galduak ziruditen muga haiek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Myanmar
2022-10-11 | Axier Lopez
Hamar urteko espetxe zigorra ezarri dio kazetari japoniar bati Myanmarreko erregimen militarrak

Toru Kubota uztailean atxilotu zuten, Myanmarko bi herritarrekin batera, Yangonen, erregimen militarraren aurkako protesta batean argazkiak eta bideoak atera ostean.


2021-12-21 | Leire Artola Arin
Gutxienez 40 zibil torturatu eta hil izana leporatu diote Myanmarko armadari

BBC hedabideak ikerketa bat argitaratu du, eta militarrek uztailean egindako lau sarraskiren berri eman du. Uste dute hilketak “zigor kolektiboak” izan direla, herri horiek baitira agintean dagoen junta militarraren oposizioaren gotorlekua. Armadak ez ditu hilketak... [+]


Myanmarren gerra zibila hastear dela ohartarazi du NBEk

Otsailean militarrak agintera heldu zirenetik, herritarren aurkako hainbat eraso eta ekintza armatu egin dituzte. 1.100 pertsona hil dituzte ordutik, eta 4.500 (haurrak barne) atxilotuta dauzkate. Biztanleei armak hartzeko eskatu diete oposizioko kideek.


Gutxienez 15 hildako eta 560 zauritu utzi ditu Bangladesheko rohingya kanpaleku bateko suteak

Bangladesheko rohingya kanpaleku bateko suteak gutxienez 15 hildako eta 560 zauritu utzi ditu, eta baita 400 desagertu ere. Sugarrek eremu zabala suntsitu dute eta 45.000 pertsona etxerik gabe geratu dira.


Eguneraketa berriak daude