Gizon erromani bat hil du txekiar Poliziak, hainbat minutuz lepoa belaunarekin zapaldu ondoren

  • Agenteek diote ez dela gehiegikeria polizialik egon, biktima droga gaindosi baten ondorioz hil dela. Txekiako erromanien komunitateak eta nazioarteko hainbat eragilek gertatutakoa ikertzeko eskatu dute.


2021eko ekainaren 28an - 09:58
Azken eguneraketa: 12:03
Polizia Stanislav Tomáš atxilotzen, lepoa belaunarekin zapaltzen diotela. Argazkia: Romea TV

Txekiar Errepublikan gizon erromani bat hil du Poliziak, atxilotzerakoan hainbat minutuz belaunarekin lepoa zapalduta eduki eta gero. Hedabideen arabera, Stanislav Tomáš izeneko gizona da hildakoa. Teplicen jazo da gertakaria, eta sare sozialetan zabaldutako bideo baten harira izan da haren berri. Segurtasun indarrek adierazi dute gizonezkoa atxilotzeko erabili duten indarra ez dela gehiegizkoa izan, eta heriotza ez dutela haiek eragin, droga gaindosi batek baizik. Txekian Poliziak ijito edo erromani bat hiltzen duen bigarren aldia da, eta AEBetan 2020an hil zuten George Floyden kasua dakar gogora.

Gertatutakoaren bideoa ekainaren 21ean zabaldu da sare sozialetan. Bertan, hiru polizia agente agertzen dira, gizonezko bat atxilotzeko ahaleginetan: bata hanketatik eusten ari zaio, beste bat eskuburdinak jartzen saiatzen ari da, eta azkenak lepoaren gainean jartzen dio belauna. Stanislav Tomáš lurraren kontra etzanda daukate, eta arnasteko zailtasunak ditu. Hainbat minutuz daukate horrela; azkenean, anbulantziari deitzen diote, baina osasun langileek ezin dute ezer egin Tomáši laguntzeko.

Prokop Voleník Ústecký-ko larrialdi zerbitzuetako bozeramailearen arabera, Poliziak drogen eraginpean zeuden bi gizonezko eragiten ari ziren istiluengatik deitu zien. Veronika Hyšplerová Poliziaren bozeramaileak Blesk.cz agerkari digitalari adierazi dion moduan, patruila liskarraren tokira heldu zenean, bi gizonetako batek alde egitea lortu zuen, eta bestea -Stanislav Tomáš- atxilotzen saiatu ziren agenteak.

Erabilitako indarra beharrezkoa izan zela adierazi dute segurtasun indarrek: gizonezkoa biolentzia erabiltzen ari zela esan dute, eta kalean zeuden auto batzuen kontra bere burua kolpatzen zebilela heldu zirenean. Anbulantzian egindako aurretiazko autopsiaren arabera, Tomáš “arteria koronarioen aldaketa patologiko” baten eraginez hil zela baieztatu dute. Poliziak nabarmendu du anfetaminaren ondorioz gertatu zela hori.

Andrej Babiš txekiar lehen ministroak eta Jan Hamácek barne ministroak Facebook eta Twitter bidez eskertu dute agenteek egindako lana, eta heriotzean izan duten esku-hartzea ahobatez ezeztatu dute. Erromanien gutxiengoari dagokion Gobernu Kontseiluak bi agintarien jarrera kritikatu du, eta jazotakoaren ikerketa paralelo bat egiteko eskaria zabaldu du, Amnesty International eta Europako Kontseiluarekin batera.

Antzeko hainbat kasu

Brave New Europe hedabidearen arabera, 2016. urtean, Miroslav Demeter izeneko gizon erromani bat hil zen txekiar Poliziaren eskuetan. Žatec herriko jatetxe batean gertatu zen, eta orduan ere jazotakoaren bideo bat zabaldu zen sare sozialetan. Bertan ikusten zen agenteek gizonezkoa lurrean botata zutela, eta belaunarekin lepoa zapaltzen ari zirela. Ikerketa egin ondoren, Poliziak 2017. urtean azaldu zuen Demeter droga gaindosi batengatik hil zela. 

AEBetan ere antzeko kasu bat egon zen 2020. urtean. Polizia agente batek George Floyd afroamerikarra hil zuen hainbat minutuz bere lepoa zapalduta eduki ondoren. Ekainaren 21ean Tomášekin gertatutakoak kasu honekin duen antzekotasunagatik lotura zuzena egin dute askok sare sozialetan, txekiar Poliziak akusazioak ezeztatu dituen arren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeriak
Irunen gizon bati eraso egin zion ertzaina kargutik kendu dute momentuz, gertakariak ikertzeko

Gizonezkoa kolpatu zuen ertzain agentea kargutik kendu dute kautelazko neurriekin, eta gertakariak ikertzen ari da Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitatea. Une hartan han ziren polizia agenteen jarrera ere aztertzen ari dira.


Ertzaintzak herritar bati Irunen egindako erasoak haserrea eragin du

Ostiral goizean sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus daiteke nola pertsona bat eztabaidan ari den udaltzain eta ertzain talde batekin. Une batean, ertzainetako batek zartako indartsu batekin lurrera bota du, eta ondoren, lurrean utzita joan dira. Bideoa Irungo San Migel... [+]


2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Mbolo Moye Doole plafatormak elkarretaratzea deitu du, manteroen aurkako arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko

Plataformak salatu du indarra neurriz kanpo erabiltzen dela migratzaileen eta arrazializatuen aurka, eta saltzaile ibiltarien aurkako jazarpena etengabe egiten dela, batez ere turismo handiko garaietan, oporraldietan.

Manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean, 19:30ean,... [+]


Eguneraketa berriak daude