“Hi(ZKI)bridoak” Bertso Saio Literariorako gonbidapenak asteazkenetik eskuragarri

2020-11-23

Mari Luz Esteban idazleak eta Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariek parte hartuko dute Bertso Saio Literarioan, abenduaren 10ean, Euskararen Etxean, 19:00etatik aurrera. Hi(ZKI)bridoak egitarauaren lehen denboraldiaren azken hitzordua izango da Bertso Saio Literarioa.

Gonbidapenak doakoak izango dira, eta telefonoz erreserbatu beharko dira, gehienez bi, asteazkenetik (azaroak 25) aurrera, ondoko telefonoan eta ordutegian: 944 028 081, astelehenetik larunbatera, 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00.

Saioa streaming bidez ere ikusi ahalko da Euskararen Etxeko Youtube kanalean.

Hala, Mari Luz Estebanek kantuan jarriko ditu Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio. Idazleak pasarte literarioak irakurri ondoren, pasarte horiei loturiko gaiak proposatuko dizkie. Hiru ahots elkarlanean. Erregistro guztiak lantzeko ahalbidea ematen du. Bertso-saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko da. Ahots mutazioak.