Urrutiko lana erregulatzen duen araudia indarrean sartu zen aurreko astean. Denon ahotan dagoen birusa dela eta etxean konfinatuta egon behar izan genuen asteetan, bizkortasun handiz telelana deiturikoa jarri behar izan zuten martxan hainbat enpresek. Eta langileak ere abiadura berean moldatzen saiatu ziren lan egiteko sistema eta eredu berrietara. Araudiak modu eskasean jasotzen zuen urrutiko lana, eta hutsune hori betetzera etorri da erregulazio berri hau, lan-kontratua duten langileei aplikagarri zaiena.

Kontzeptuei dagokionez, zera argitzen du legek berak: “Urrutiko lana” lan-jarduera antolatzeko edo egiteko modua da; horren arabera, lana langilearen etxean edo langileak aukeratutako lekuan egiten da, erregulartasunez, eta lanaldi osoan zehar egin daiteke edo lanaldiaren zati batean bakarrik. “Telelana”, aldiz, sistema informatikoak erabiliz egiten den urrutiko lana da.

Legeak berak urrutiko lanaren abantaila eta desabantailak zerrendatzen ditu. Lan egiteko modu honen alde positiboen artean leudeke, besteak beste:

  • Malgutasun handiagoa lanaldien eta atsedenaldien kudeaketan.
  • Autoantolaketarako aukera gehiago (kasu batzuetan), bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa erraztu daitekeelarik.
  • Bulegoetako kostuak murriztea eta joan-etorrietako kostuak aurreztea.
  • Ordutegiak arrazionalizatzea.
  • Landa-eremuko langileei, batez ere, mugikortasuna murriztea.

Hala eta guztiz ere, lan sistema honek eragin ditzakeen ondorio negatiboak ere aipatu behar dira, arauak hauexek jasotzen dituelarik:

  • Datuen babesaren inguruko arazoak (gailu digitalen erabilera dela eta).
  • Teknoestresa.
  • Gailu digitalei etengabe konektatuta egotea.
  • Langilearen isolamendua eta informazioa lankideen artean elkar banatzeko oztopoak.
  • Langileak bere gain hartzea urrutiko lana egiteak dituen kostuak.

Azken arazo hauei aurre egin edo horien efektuak murrizteko asmo garbia du aipatzen ari garen araudia berri honek. Besteak beste, enpresak langilearen esku jarri beharko ditu urrutiko lana burutzeko beharrezko tresnak, eta gastuei aurre egin beharko die. Gainera, deskonexio digitala espreski aipatzen da: gailu teknologikoen erabilera langilearen atsedenaldietan mugatzen dela bermatzea enpresaren betebeharra da.

Lan egiteko modu hau kontziliaketa erraz lezakeen sistema moduan azaldu izan da. Baina, egia esan, hori ez da horrela, edo ez du zertan horrela izan. Hau da, urrutiko lanaren helburu nagusia ez da familia eta lana uztartzeko aukera ematea langileari, nahiz eta kasu zehatz batzuetan kontziliaketa hori erraz dezakeen. Langilea lanean ari den bitartean, horretantxe ari da: besteren kontura lanean. Horregatik, urrutiko lana egiten dutenek kontziliaketarako neurriak eska ditzakete, enpresan lanean ariko balira bezala (lanaldia murriztu, lanorduak beste modu batera antolatu, etab.).

Araudia honek orain arte landu gabeko gai asko jorratzen dituen arren, eta langileen eskubideak bermatzeko marko aproposa aurkezten duen arren, oraindik ere bete beharreko hutsuneak daudela gogoraraztea komeni da. Batetik, deskonexio digitalerako eskubidea jasotzen den arren, libre-egote edo disponibilitate aldiak ere aipatzen ditu arauak. Horren inguruan, langileak bere ordutegitik kanpo erantzuteko betebeharrik ez izatea proposatzen dute elkarte batzuk (hau da, gaueko bederatzietan email bat jasoz gero erantzuteko obligaziorik ez izatea, ezta hurrengo goizeko bederatzietan erantzuna bidalita egotea ere). Bestetik, arrakala digitala dela eta, mundu digitalera egokitzeko gaitasun mugatua duten langileek oztopoak izango dituzte etxetik lan egin ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa da formakuntza egokia ematea. Sexu-arrakala ere antzemango da, ziurrenik, emakumeak izango badira urrutiko lana eskatzen dutenak, haurren edo helduen zaintzarako lanak errazteko modua izan daitekeelakoan.

Azkenik, urrutiko lana ez da beti bideragarria, eta pandemia egoera honetan, adibidez, birusaz kutsatzeko arriskurik handiena jasaten ari diren milaka eta milaka langilerentzat ez da aukera bat (adibidez, osasun arlokoentzat, adinekoei etxez etxeko laguntza ematen dietenentzat edo garbiketa lanak egiten dituztenentzat; sektore feminizatuak horiek denak). Horregatik, arauaren sortze eta aplikazioan genero ikuspegia deiturikoa aplikatzea beharrezkoa da, beti bezala.