Europako Batzordea Googleren amesgaizto bihurtu da hirugarrenez

Bruselak berriro zigortu du AEBetako konpainia lehia arauak hausteagatik; orain, 1.490 milioi euroko isunarekin. Aurretik ezarritako beste bi zigorrak batuta, Googleri 8.250 milioi pilatu zaizkio isunetan

Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioa, atzo, Googleri buruzko azalpenak ematen. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
xabier martin
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bi izanda, hiru seguru; Europako Batzordeak tenk eutsi dio isunaren sokari, beste muturrean Google egon ala ez. AEBetako konpainiak hirugarren isuna jaso du bi urte eta erdiko epean; oraingoan, 1.490 milioi eurokoa. Aurreko biak handiagoak ziren; ez alferrik, Bruselak inoiz jarritako isunik handienak izan dira: 2.420 milioi eurokoa 2017ko ekainean, eta 4.340 milioikoa iazko uztailean. Isunen zergatia, baina, ez da aldatzen: Googlek merkatuan duen nagusitasunaz abusatu izana lehiakideak oztopatzeko. Horrenbestez, Europako Batzordeak 8.250 milioi euroko zigor ekonomikoa ezarri dio Internet sareko bilatzaile ahalguztidunari, hiru isunen bidez.

Atzo zazpi jakin zen Google tasa Europako Batasun osoan ezartzeko beste saio batek porrot egin duela, eta 2021erako utzi dutela ahalegina. Atzo, berriz, garaipen horren ifrentzua ikusi zuen Interneteko atari famatuak. Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak ez du zalantzarik egin, eta beste kolpe bat eman dio AEBetako konpainiari. Publizitatearen merkatuan Komisarioak dio Googlek eragozpenak jarri dizkiela lehiakideei Adsense for search plataforma baliatuz. Vestagerrek atzo azaldu zuen «jarrera okerrak hamar urte baino gehiago» iraun duela, eta beste konpainiei eragotzi diela «lehiatzea eta berrikuntza egitea». Finean, Bruselak online publizitatean nagusikeriaz aritzeagatik zigortu du Google; merkatu horren ia %80 haren esku dago gaur egun.

Konpainiak bazekien iritsi berri den isuna bazetorrela, prozesu luze baten ondorio izan baita. Birritan akordio batera iristeko aukera egon zen, baina ez. Bruselak Googleren eskaintzak baztertu eta ikerketa ofiziala zabaltzea erabaki zuen 2016an; artean, Joaquin Almunia zen Lehia komisario. Europako Batzordeak dio Googlek esklusibotasun klausulak ezarri dituela 2006tik aurrerawebgune askorekin egindako kontratuetan, eta iragarkiak monopolizatu dituela modu horretan. «Ez zegoen esklusibotasun horretarako arrazoirik; bere lehiakideak urrun edukitzea baino ez».

Helegitearen zain

Pentsatzekoa da Googlek helegitea jarriko diola isun horri ere, aurretik jasotako beste biei ere jarri baitie. 2017ko ekainean, Europako Batzordeak inoiz jarritako isunik handiena ezarri zion Internet sareko atari ezagunari: 2.420 milioi eurokoa. Ikerketak ondorioztatu zuen AEBetako konpainiak nagusitasuna zuela Interneteko bilaketetan, eta posizio hori gehiegikeriaz baliatu zuela bere produktu eta zerbitzuei lehentasuna emateko.

Handik urtebete pasatxora, 2018ko uztailean, Europako Batzordeak berriro zigortu zuen Google, eta orduan ere sekula jarri duen isunik handienarekin: 4.340 milioi euro. Sakelako telefonoen merkatuan lehia askea oztopatzeagatik ezarri zion kopuru hori, eta hari ere helegitea jarri zioten.

Googlek dio «aldaketak» egingo dituela Eurpako Batzordearen azken isunaren ostean; «urtero milaka aldaketa egiten ditugu gure produktuetan», esan zuen atzo. Merkatu «osasuntsuak» nahi dituela erantsi zuen, eta bere produktuak berriro gaurkotuko dituela. Ez zuen argitu, edonola ere, 1.490 milioi euroko isunari helegitea jarriko dion ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.