Informazioaren ‘janari lasterrean’, gezurra garaile

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Sare sozialetan gezurrak nola zabaltzen den aztertu dute zientzialariek eta ondorio garbia atera dute: informazio gehiegi dago eta jasotzailearen arreta mugatua da.

1 irudia: Sare sozialen bitartez zabaltzen dira gezur gehienak. (Argazkia: Kansasko Unibertsitatea)

Facebook-en horman ez –oraindik ez zegoen halakorik-, baina Egiptoko hainbat tenplutako hormetan marraztu zuen Ramses II faraoiak Historian dokumentatutako lehen gezur handia. Bertan zehaztu zituen hititen aurka Kadeshko guduan izandako garaipena. Historialariek badakite, ordea, errealitatea oso bestelakoa izan zela, eta gudu horretan garaile garbirik ez zela izan. Berdinketa tekniko horretatik atera zen ere Historiako lehen bake hitzarmena.

Nahita zabaldutako desinformazioa ez da, beraz, gaur egungo kontua. Halere, normalean estatuek edo korronte ideologiko boteretsuek zabaldutako propaganda izan da erraz barreiatu dena. Zorionez ala zoritxarrez, Interneten garapenak informazio eredu hau irauli egin du. Orain edozeinek zabal dezake mezua eta, teorian behintzat, mila milioika laguni heltzeko ahalmena dago.

Informazio andana izateak, ordea, gezurren zabalpena erraztu du, eta fenomenoak zientzialariek arreta ekarri du. Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratutako ikerketa batean aztertu dute gaia Indianako Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) eta Shanghaiko Teknologia Institutuko (Txina) ikertzaileek. Ondorio nagusia atera dute: gero eta informazio gehiago dago eta erabiltzaileen arreta gero eta mugatuagoa da. Horrek hauspotzen du gezurren eta berri faltsuen hedapena sare sozialetan.

Aurreko ikerketetan oinarrituta, zientzialariek bazekiten kalitatea ez dela beharrezkoa Interneten informazio bat birala bilaka dadin. Baina erantzunik gabeko galdera bat zegoen airean. Zergatik bilakatzen da birala kalitate baxuko informazioa? Egileek John Milton poetak zabaldutako ideia bat ekarri dute gogora: ideiak askatasunez eta modu irekian alderatzen direnean, egia garaile aterako da. Senak ala agintzen du, eta munduan diren antzeko beste hainbat fenomeno ere ideia borobil horren zuzentasunaren adierazle dira: eboluzioan, esaterako, inguruarekiko hoberen egokitzen direnak nagusituko dira; ekonomian, berriz, merkatuaren beharrak egokien asetzen dituzten produktuak ere hobetsiko dira. Errealitateak, ordea, poeta ingelesa erratu zela erakutsi du; bidelagun aparta izanda ere, sena ez da beti garaile ateratzen.

Ikertzaileek eredu teoriko bat garatu dute sare sozialetan izaten den informazioaren jarioa jarraitzeko. Halako informazio zati bakoitzari “meme” deritzo. Meme horiek oso bestelakoak izan daitezke: albiste bati lotura, esaldi bat, traola bat, bideo bat edo irudi bat. Twitter, Facebook eta Tumblr sare sozialetan egin dute albisteen jarraipena.

Funtsezko bi faktore kontuan hartu dituzte ikerketan: batetik, hedatzeko lehian dauden memeak; bestetik, jasotzaileek duten arreta mugatua. Bi faktore horien arteko elkarrekintzatik erabakitzen omen da informazio sistema batean zeintzuk izango diren hedadura gehien lortuko duten memeak. Jende gehienak denbora laburrez mantentzen du arreta albiste bakoitzean. Ondorioz, arreta lortzeko lehia gehiago sortzen da meme ezberdinen artean. Egoera horretan, erabiltzaileak di-da batean erabaki behar du albiste bat onartzea ala alboratzea, eta askotan erabaki hori ez da egokiena.

2 irudia. Noizbehinka berri faltsuak ere hedabide “tradizionaletan” sartzen dira. ‘Euskalburroa’, horren adibide da.

Egileek arazoaren tamainaz ohartarazi dute: “hedabide sozialetan, ebidentzia anekdotikoetan oinarritzen diren iruzurrak, konspirazioaren teoriak eta berri faltsuak” barra-barra zabaltzen ari dira, eta, hortaz, “desinformazio digital masiboa gure gizarteak dituen goi mailako arriskuen artean” kokatu behar da. Metafora bat baliatu dute egoera azaltzeko: “sare sozialak gure arreta eskuratzeko lehian ari diren ideia eta albisteen merkatu masiboak dira”.

Bestetik, “bot” automatikoen papera azpimarratu dute. Informazio faltsuak automatikoki eta abiadura handiz zabaltzen dituzte automatizatutako programa hauek. Desinformazioaren hedatzeari aurre egiteko, ikertzaileek zerbitzu hauen erabilera mugatzea proposatzen dute eta, orokorrean, sisteman sartzen diren sarrera kopurua mugatzearen alde azaldu dira.

Sare sozialak, informazio iturri

Beti hala ez bada ere, informazioaren atzean hedabide jakin bat egotea, beraz, informazioaren gutxienezko bermea izan daiteke. Halere, sare sozialen bitartez eskuratutako berrien kontsumoa gora doa, Nafarroako Unibertsitateak egindako inkesta baten arabera. Unibertsitate hau mundu mailan urtero osatzen den Digital News Report ikerketaren Espainiako atalaz arduratzen da. Guztira 36 herrialdetan egindako 70.000 inkestatan oinarritzen da ikerketa; horietatik, 2.000 inguru Espainian egin dira.

Inkestaren arabera, Espainiako erabiltzaileen %41ek sare sozialen bitartez kontsumitzen ditu albisteak. Hori egiten duten lagunen kopurua gora badoa ere (%35 ziren duela bi urteko inkestan), oraindik internauta gehienek hedabide marka “tradizionalak” erabiltzen dituzte informazioa jasotzeko (telebista kateetako webguneak, egunkariak edo hedabide digitalak). Gainera, hamar internautetatik seik gutxienez zazpi hedabide ezberdin kontsumitzen ditu Interneten.

Copy-pastearen garaian, hedabide horietan ere kontsumitzaileek askotan informazio beretsua jasoko dute seguruenera, baina, noizean behin, gizaki batek denboraz landutako informazio kontrastatua jasotzeko aukera izango dute. Informazio hori egokia ala okerra izan daiteke, baina, bederen, sinatzaile bat egongo da atzean. Ohitura bitxi horri kazetaritza deritzo, eta, garai latzetan egonda ere, oraindik pizten du John Miltonek aipatutako ilusioa: ideiak askatasunez alderatzean, egia –edo horren antzeko zerbait- garaile aterako da.

Erreferentzia bibliografikoa

Xiaoyan, Oliveira et al. Limited individual attention and online virality of low-quality information. Nature Human Behaviour 132 (2017). DOI:10.1038/s41562-017-0132


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.