Aitor Ossa: “Soilik eguzki plakak jarrita ez dugu energia trantsizioa egingo”

Gorka Zabaleta 2022ko mai. 22a, 09:00

Energiaren auzia, eztabaida teknologiko hutsa baino gehiago, gizarte eta bizimodu ereduari dagokion borroka kulturala da Aitor Ossarentzat: Eztabaida ez da plaka batzuk jarri edo ez; eztabaida da zer herri eredu nahi dugun, zer bizimodu mota nahi dugun, oinarrizko beharrak nola asetuko ditugun.

(Martxoko Baleike aldizkarian agitaratutako elkarrizketa)

Zumaia energia trantsizioaren bidean nola jarri aztertu zuen Aitor Ossa (1993, Arroa Behea) ingeniariak duela pare bat urte, Udalaren enkarguz. Zumaiarrok kontsumitzen dugun energiaren argazki zehatza egiteaz gain, aurrera begirako estrategiak proposatu zituen. Energia iturri berriztagarrien erabilera eta efizientzia energetikoa areagotzeaz gain, ezinbestekotzat jotzen du energia kontsumoa murriztea. Gaur egun, Goiener kooperatiban ari da lanean.

Energiaren gaiaz gehiago hitz egiten da gaur egun, baina gehienontzat argindarraren faktura bezain ulergaitza da.

Energia trantsizioaz hitz egiten da gehienbat, baina beste trantsizio batzuk ere beharko dira. Energia ez da isolatuta ulertu behar den diziplina bat, baizik eta gizarte osoa zeharkatzen duen oinarrizko behar bat. Energiarik gabe ez dago ezer. Ez da kasualitatea hain gai inportantea iluna eta ulergaitza izatea herritarrontzat, atzean enpresa handien interesak daude eta.

Lan handia dago egiteko herritarrok benetan energiaren gaian ahalduntzeko.

Bai, eta beharrezkoa da herritarrak formatzea, ahalduntzea. Behintzat gardentasunez hitz egin behar da, zer den energia, zer energia mota kontsumitzen dugun, nola kontsumitzen dugun, zer baldintzatan, zeinena den, zeinentzat den, nondik datorren, zer onura dauzkan eta zer albo kalte.

Energiaren gaia ikuspegi askotatik azter daiteke; baina, agian, klima aldaketarekin duen loturagatik hartu du pisua eztabaida publikoan?

Bai, hala da. Kontsumitzen dugun energia gehienbat erregai fosiletatik lortzen da eta, prozesu horren ondorioz, berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzen dira atmosferara. Hori horrela izan da orain arte, oso merkea izan delako petroliotik energia kopuru handitan lortzea; baina horrek bere albo kalteak dauzka, karbono isuria gehiegizkoa delako eta horrek klima aldaketari eragiten diolako zuzenean. Eredu hori ez da jasangarria. Baina horrez gain, badago beste faktore bat: erraz eskura daitekeen petrolioa agortzen ari da. Gelditzen den petrolioa lortzea zailagoa eta garestiagoa izango da aurrerantzean, eta horrek eragingo du energia gutxiago izatea eskura mundu mailan eta, beraz, prezioek gora egitea.

Eta horren alternatiba modura planteatzen dira energia berriztagarriak.

Konponbidetzat beste energia iturri batzuk eta energia transformatzeko beste modu batzuk planteatu dira: berriztagarriak direnak. Petroliotik hartu beharrean energia, berriztagarriak diren iturriak erabiltzea da planteamendua: haizea, ura, eguzkia, geotermia, biomasaHoriek proposatzen dira klima aldaketari aurre egiteko irtenbide gisa.

Klimarekiko neutrala izateko helburua jarri dio Europako Batasunak bere buruari. Zer da klimarekiko neutrala izatea?

Berotegi efektua eragiten duten gasen isurketan balantzea zero izatea. Alegia, ez isurtzea atmosferara gure inguruak xurga dezakeena baino gehiago. Baina hori esaten denean ikuspegia mugatua da oso. Europa iparraldeko herrialdeek diote gero eta energia eredu jasangarriagoa dutela, baina ez da esaten jasangarritasun horren parte bat zeren bizkar lortzen duten. Demagun ikatzarekin argindarra sortzen duen zentral bat daukagula gure lurraldean. Azpiegitura hori hemendik Txinara eramaten badugu, esan dezakegu gure lurraldean CO2 gutxiago sortzen dugula, baina mundu mailan ez dugu ezer aurreratu.

Garrantzitsuena da nola kontsumitzen den, eta ez hainbeste zer

Zer da energia berriztagarria? Edo iturri berriztagarrietatik sortzen den energia esan beharko genuke?

Kontzeptuekin nahasmen handia dago gaur egun. Plaka fotovoltaikoak ikusten ditugunean esaten dugu energia berriztagarria dela, eta ez da hori. Plakak dira teknologia bat energia iturri berriztagarri bat aprobetxatzeko, kasu honetan, eguzkia. Guk kontsumitu ahala agortzen ez diren energia iturriei deitzen zaie berriztagarri, kontsumitzen duguna baino gehiago birsortzen direlako berez naturan. Erregai fosilak ez dira berriztagarriak, gure kontsumo erritmoan agortu egingo direlako, naturak ez duelako astirik iturri horiek birsortzeko. Azken finean, garrantzitsuena da nola kontsumitzen den, eta ez hainbeste zer. Petrolioa askoz gutxiago kontsumituko bagenu jasangarria izango litzateke, beste milaka urtez izango genuke eskura. Baina gaur egungo gizarte ereduan hain azkarra eta hain handia da kontsumoa, ez da jasangarria.

Askotan ez gara jabetzen teknologia edo tresna horiek fabrikatzeko ere lehengaiak eta energia behar izaten direla. Hori ere sartu beharko genuke gure fakturan?

Hori oso gai garrantzitsua da, energia trantsizioan aintzat hartu beharrekoa. Oso kontuan hartu behar da teknologia horrek izan duen energia kostuaren eta emango digunaren arteko balantzea. Ondo neurtu behar da teknologia bakoitzaren eraginkortasuna aspektu horretan. Eta beste paradoxa bat ere sortzen da: trantsizio energetikoa egin nahi dugu klima aldaketari aurre egiteko, horretarako inbertsio handiak aurreikusi ditugu energia iturri berriztagarriak aprobetxatzen lagunduko diguten teknologietan, baina hori dena ekoizteko behar den energia eta baliabide bolumena ikaragarria da. Beraz, epe motzean, energia gehiago kontsumitu beharko dugu, erregai fosiletatik gehiena, eta hor kontraesana sortzen da. Haize errotak ekoizteko energia asko behar da, kamioiak behar dira mendi puntara garraiatzeko, eta hori guztia gaur egun ezin da egin energia berriztagarriekin.

Eguzkia eta haizea baliatzeko teknologiak dira gehien garatzen ari direnak. Hidrogenoa ere aipatzen da, baina ez dakigu asko horren inguruan. Zer joko eman dezake hidrogenoak?

Energiaz hitz egiten dugunean askotan argindarrean bakarrik pentsatzen dugu, baina energia termikoak askoz pisu handiagoa du gure kontsumoan. Egin kontu, munduan kontsumitzen den energiaren % 20 baino ez da argindarra, gainerakoa termikoa da, eta hori erregai fosiletatik lortzen da: petrolioa, ikatza, gasaEta % 80 horretan daude gas isuriak: garraioan, industrian eta abar. Horrek ere soluzio bat behar du. Nik uste dut, neurri batean, hidrogenoa ari direla planteatzen agortzen ari diren erregai fosilen ordezkorako. Baina hidrogenoak baditu hainbat zailtasun, eta azpiegitura konplexuak eskatzen ditu.

Baina badirudi erakunde publikoak eta energiaren sektoreko enpresak inbertsio handiak egiteko prest daudela hidrogenoaren teknologia eta azpiegiturak garatzeko.

Bai, eta ez da kasualitatea. Energia enpresa handienen negozioa orain arte erregai fosilak izan dira. Negozio hori zailtzen eta murrizten ari denez, alternatiba bat behar dute. Baina hori guztia, nire ikuspegitik, aurreranzko ihesbide bat baino ez da, ez dakigu oso ondo zer egin, proba dezagun, egingo ditugu inbertsio handiakin, mantenduko dugu ekonomia bizirik, eta ea zer gertatzen den.

Nuklearraren eztabaida ere bizirik dago. Energia trantsiziorako teknologia egokitzat jo du Europako Batasunak.

Hasteko, inondik ere ez da berriztagarria, uranioa erabiltzen baita lehengai modura. Batzuek berde kontsideratzen dute argindarra sortzen den momentuan ez dagoelako gas isuririk, baina ez da kontuan hartzen zentral nuklear bat eraikitzeko behar diren energia eta baliabideak. Sekulako azpiegiturak dira eta sekulako inbertsioa eskatzen dute dirutan eta energian. Munduko eraikin garestienen artean daude. Energia trantsiziorako estrategian lagungarri izan daitezkeela saldu nahi digute, baina zentral bat eraikitzeko 10-15 urte behar dira, eta, beraz, ez dira alternatiba bat. Horrez gain, hor daude teknologia horren arriskuak, albo kalteak eta hondakinak.  Bizi dugun egoerara iritsi gara, neurri handi batean, ez zaielako erreparatu albo kalte horiei.

Ez dakit zenbat denbora gelditzen zaigun benetako neurriak hartzeko, baina lehengaiak ere agortzen ari dira

Zumaiako energia estrategiaz egin zenuen lanean datuak nahikoa nabarmenak dira: energia berriztagarrietan ahalegin handia eginda ere, ez da nahikoa jasangarritasun helburuak betetzeko. Ezinbestekoa da energiaren kontsumoa asko murriztea, baina horrek aldaketa oso sakonak eskatzen ditu, eta ez dakit gure bizimoduari uko egiteko prest gauden

Autokritika eskatzen du, gizarte eredua bera aldatu behar da. Ez dakit zenbat denbora gelditzen zaigun benetako neurriak hartzeko, baina lehengaiak ere agortzen ari dira. Klima aldaketa hor dago, baina, demagun, kobrearen prezioa bizkoizten edo hirukoizten bada hurrengo urteotan, zer egingo dugu eguzki plakekin, kableekin, gure etxeekin? Eta kobrea bezala beste lehengai guztiak. Martxoaren 1ean 50 urte bete dira Erromako Klubak Hazkunderen mugak txosten ezaguna argitaratu zuela. Orduan zioten ez zela posible hazkunde infinitua mundu finitu batean. Oso planteamendu logikoa da. Eta jakin badakigu hala dela, baina ez dugu onartu nahi. Ez dugu onartu nahi gure bizimodu eredua ez dela posible mundu osoan, materialki ezinezkoa da.

Eta, orduan, zer egin dezakegu?

Batzuek proposatzen dute aurrerantz ihes egitea, teknologia eta aurrerapen zientifikoen esku uztea irtenbidea, baina egingarria dela frogatu gabe. Jauzi teknologikoak gerta daitezke eremu jakin batzuetan, baina hemen hitz egiten ari gara sistema osoaz. Zumaiara etorrita ere, gaur egun erronka handienak politiko-filosofiko-kulturalak dira. Teknologia garrantzitsua da, erabili beharko dugu eta badugu zer hobetu, baina tresna bat da. Kontua da nola erabili eta zertarako. Erronka handia da, baina ezin zaio bizkar eman, ezin da luzatzen utzi. Erromako Klubak iragarritako kolapsoaren lehen zantzuak ikusten hasi gara: ez dago denontzat adina lehengai eta energia, eta prezioak gora eta gora doaz. Mende erdia pasa da eta, amildegira gerturatzen ari garen arren, oraindik gehienak ez daude prest mundua beste norabide batean jartzeko. Geure buru barruko txipak aldatu behar dira, ez teknologiakoak. Aldatu behar da nola ulertzen dugun gizartea, nola ulertzen dugun kontsumoa eta ongizatea. Ongizatea izan dadila funtsezko beharrak asetzea, eta ez fabrikatutako desioak bete behar izatea.

Europatik datozen lege aldaketei esker, orain aukerak zabaldu dira energia tokian tokiko azpiegiturekin sortzeko, jabetza partekatzeko, energia komunitateak antolatzeko. Zumaian ere badaude proposamenak bide horretan. Horrek lagunduko al du kontzientzietan eragiten?

Bai, baina ez zaigu ahaztu behar etxebizitzetako argindarraren kontsumoa energia kontsumo osoaren parte txiki bat baino ez dela. Kontsumoaren zatirik handiena garraioan eta industrian dago, Zumaian ere bai. Dudarik gabe, norberak bere energia sortu ahal izatea eguzki plaken bidez eta kontzientzia sortzea garrantzitsua da, eta energiaren gaian ahalduntzen ere laguntzen du; baina horren arriskua da benetan garrantzitsua denari ez erreparatzea. Soilik plaka batzuk jarrita ez dugu benetako trantsizio energetikorik egingo garraioak eta industriak berdin segitzen badute. Eztabaida ez da plaka batzuk jarri edo ez. Eztabaida da zer herri eredu nahi dugun, zer bizimodu mota nahi dugun, oinarrizko beharrak nola asetuko ditugun. Nik uste dut posible dela bizimodu duina izatea gaur egun ingurumenean daukagun inpaktua asko murriztuta. Kontua da zeri ematen diogun balioa. Horregatik da, sakonean, borroka kulturala.