Martxan da Ko-sorkuntza Esperimentuen Lehiaketa!

Arantzazulab-ek antolatuta, gaur, urriak 4, eman zaio hasiera Ko-sorkuntza Esperimentuen Lehiaketari. Ekimenak Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren gizarte berrikuntza ikuspegiak ditu ardatz: lankidetzazko gobernantza, herrigintza eta garapen komunitarioa. Horrela, horiek oinarri hartuta, lehiaketaren helburua da: ezagutza berria eta egiteko modu berriak ko-sortzea eragile ezberdinen arteko elkarlanaren bitartez esperimentu ausartak sustatuz. Lehiaketara aurkezten diren proposamenak euskal ko-sorkuntza ekosistemaren azken helburuari bere ekarpena egitea bilatzen da, hots, herritarrak, eragile sareak eta erakunde publikoen artean agenda publikoa ko-sortzea.

Urriaren 4an hasita, 2021eko azaroaren 8a arte (eguerdiko 12:00ak arte) dago irekita esperimentu ideiak aurkezteko epea. Gizarte Berrikuntzan, eta bereziki, ko-sorkuntzan eskarmentua duten eragileei zuzentzen zaie Lehiaketa, eta askotariko eragileen artean elkarlanean garatzea proposatzen da. Aukeratutako proiektuak abenduaren 3an jakinarazi eta argitaratuko dira. Egitasmo honek 2021eko uztaila du abiapuntu, izan ere, orduan abiarazi zen Euskal Herriko Ko-sorkuntza Ekosistema. Horren baitan, bi jardunaldi antolatu dira Arantzazulab-en, eta guztira ko-sorkuntzan eskarmentua duten 15 eragile izan dira parte-hartzen. Euskal Herriko lurralde guztietako nahiz erpin ezberdinetako profesionalak batuta, ekosistemaren aktibazioak ko-sorkuntza elementuak eta erronkak identifikatzeko balio izan du.

Irizpide gakoak

Hori dela eta, Arantzazulab-en Ko-sorkuntza ekosistemaren baitan Ko-sorkuntza prozesuetarako identifikatutako erronkekin eta irizpideekin lotura izatea eskatzen zaie Lehiaketara aurkezten diren proposamenei. Gainera, herri bezala ditugun gizarte erronkekin ere konektatu behar dute lehiaketan aurkezten diren proposamenek: Demokrazia liberalaren krisia, krisi klimatikoa, ongizatea, elkarbizitza edota lana. Esperimentu irabazleak aukeratzeko irizpide gakoak bi dira: Herritarren parte-hartzea zein ahalduntzea zentroan jartzea, eta proposamenen esperimentazio eta ausardia maila.

Proposamena edozein euskarritan (idatziz, bideoz, audioz edo bestelako euskarria erabiliz) bidali daiteke info@arantzazulab.eus helbide elektronikora. Lehiaketaren aurrekontua 60.000 eurokoa da, eta deialdiko baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten lanen artean, bi aukeratuko dira gehienez. Horrela, proposamen bakoitzaren gehienezko aurrekontua 30.000 eurokoa da. Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia lotura honetan aurki daiteke.