Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2018ko urtarrilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
138

1/2018 DEKRETUA, urtarrilaren 9koa, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duena hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita oinarrizko lanbide heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen du oinarrizko zein arau aplikatu behar diren ikastetxe publikoetan eta itunpeko pribatuetan ikasleak onartzeko. Hezkuntza-administrazioen egitekoa da ikasleak onartzeko prozedura eta irizpideak arautzea, betiere errespetatuta aipatutako lege organikoan ezarritako lehentasun-irizpideak.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, 13. artikuluan, ikastetxeetan ikasteko eskubidea bermatzen du, aurrez ezarritako plangintzaren baitan. Legeak adierazten du, halaber, arau bidez ezarriko dela ikasleak onartzeko bidea ikastetxeetan plaza nahikorik ez dagoenean, inongo diskriminaziorik egin gabe ez araudian ez eta ikasleak onartzeko jardunbidean ere.

Gainera, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen 19. artikuluan, neurri espezifikoak ezartzen dira familiei laguntzeko hezkuntzaren arloan. Kontuan hartu beharra dago familia ugariek lehentasuna izango dutela ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan onartuak izateko sistemaren puntuaketan, Familia Ugariak Babesteari buruzko azaroaren 18ko 40/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera, alde batera utzi gabe bestelako lehentasun-irizpideak, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan ezarritakoak. Orobat, zehazki aurreikusten dira kasu jakin batzuk, hain zuzen ere, ikasturtean zehar eskolatze-eskaera egiten bada familia-unitateak etxez aldatu behar duelako –gurasoek edo legezko tutoreek nahitaez mugitu behar izatearen ondorioz– edo genero-indarkeriagatik egoitzaz aldatu behar duelako.

Bestalde, Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak, azken xedapenetatik seigarrenean, aldatu egiten du Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84. artikuluko 2. apartatua. Aldaketa horren bidez, irizpide berri bat txertatzen da onarpen-prozesuaren barruan: familia-harreran dauden ikasleen egoera.

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak garatu egiten du herritarrek duten eskubidea administrazioekin baliabide elektronikoen bidez harremana izateko, zerbitzu publikoez baliatzeko edo administrazio-prozedurak izapidetzeko; dekretuak garatu egiten ditu, orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan aitortutako gainerako eskubideak.

Hori dela eta, arauak lehenago adierazitakora egokitu behar dira, eta arau espezifikoak gehitu, prozesu arruntetik kanpo ikasleak nola onartu zehazteko eta urte osoan eskolatzea egoki bermatzeko. Horregatik guztiagatik, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretua aldatu beharra dago. Dekretu honek ikasleak onartuko direla bermatzen du, eta muga bakarrak izango dira adina eta, hala badagokio, onarpenerako eskatutako baldintza akademikoak. Plaza nahikorik ez dagoen kasurako baino ez dira garatzen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irizpideak eta Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 13. artikuluan ezarritakoak. Hala egiten da, hain zuzen ere, aukera-berdintasuna ziurtatzeko, diru publikoarekin sostengatutako irakaskuntzan.

Dekretu honen bidez, halaber, lehenengoz arautzen da ikasleak onartzeko prozesu arruntetik kanpo euskal hezkuntza sisteman sartzen diren ikasleen eskolatzea. Populazioaren mugikortasun gero eta handiagoaren ondorioz, ikasleak ikasturtean zehar eskolatzeko premia berriak sortu dira, eta beharrezkoa da premia horiei lehenbailehen erantzutea, ezin baita itxaron urteroko onarpen-prozesuak egin arte. Dekretu honen erregulazioaren xedea da bermatzea herritar orok hezkuntza jasotzeko duen eskubidea, gure hezkuntza-sisteman sartzeko eskaera egiten duen unetik beretik.

Dekretu hau izapidetzerakoan, eraginpeko sektoreak ordezkatzen dituzten erakundeei iritzia emateko eskatu zaie, eta Euskadiko Eskola Kontseiluak emandako irizpena aztertu da.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuaren proposamenari jarraikiz, EAEko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoarekin bat etorriz, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, arautzen dituen izapideak eginda eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urtarrilaren 9an egindako bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da ikasleak onartzeko prozedura arautuko duten arauak ezartzea hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, zehazki irakaskuntza hauek ematen dituztenetan:

– Haur Hezkuntza (lehenengo zikloaren hirugarren ikasturtetik aurrera).

– Lehen Hezkuntza.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

– Batxilergoa.

– Oinarrizko Lanbide Heziketa.

– Erdi-mailako Lanbide Heziketa.

– Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen dira, era berean, oinarrizko lanbide heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoak.

2. artikulua.– Eskolatze-bermea.

1.– Ikasle guztiek doako ikaspostu bat izateko eskubidea dute, irakaskuntzaren honako etapa hauetan prestakuntza bermatuko diena:

– Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloa.

– Lehen Hezkuntza.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

2.– Ikasleen jagoletza edo guraso-ahala duten aitek, amek, tutoreek edo bestelako pertsona edo erakundeek, eta ikasleek berek –adinez nagusiak direnean edo legez emantzipatuta daudenean– hautatu ahal izango dute zer ikastetxe nahi duten, dekretu honen xede diren ikastetxeen artean, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak egindako plangintzaren baitan, eta dekretu honek eta haren garapen-arauek ezarritako baldintzetan.

3.– Ikasle batek, ohiko onarpen-prozesuan, plaza bat eskatzen badu dekretu honen xede diren ikastetxeetako batean, eta ikastetxeak eskariari aurre egiteko adina ikaspostu badauka, onartua izan beharko du, betiere eskatzen dituen ikasketak egiteko legedian ezarritako eskakizunak betetzen baditu.

4.– Dekretu honen xede diren ikastetxeetan eskaintzen den ikaspostu-kopurua txikiagoa baldin bada eskatzaile-kopurua baino, dekretu honek eta haren garapen-arauek ezarritakoaren arabera arautuko da ikasleen onarpena.

5.– Ikastetxe batean onartua izateko, beharrezkoa izango da adinari buruzko eskakizunak betetzea, eta, hala badagokio, eskatutako etapa eta mailari dagozkien eskakizun akademikoak, indarrean den ordenamendu juridikoan eskatzen direnak.

6.– Familiaren borondatez edo ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko arautegian aurreikusitako kasuren bat aplikatzearen ondorioz ikastetxez aldatzen denean izan ezik, dekretu honen xede diren ikastetxeek derrigorrezko irakaskuntza amaitu arte eskolatu behar dituzte ikasle guztiak, ikastetxeak dagokion irakaskuntza, maila eta hizkuntza-eredua ematen badu.

3. artikulua.– Diskriminazio-irizpideak debekatzea eta probak egitea.

1.– Ikasleak onartzeko prozesuan, ez da inola ere diskriminazio-irizpiderik erabiliko honako arrazoi hauengatik: jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia, edota beste edozein egoera edo zirkunstantzia pertsonal edo sozial.

2.– Dekretu hau aplikatzekoa den ikastetxeetan eta irakaskuntza-etapetan, ezin izango dira erabili sarrera-proben edo azterketen emaitzak ikasleak onartzeko edo kanpoan uzteko, betiere alde batera utzi gabe hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako araudian ezarritakoa.

4. artikulua.– Ikasleen Hezkuntzako Identifikazio Agiria.

Ikasle bat Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko batean edo itunpeko ikastetxe batean lehenengoz sartzen denean Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako edozein ikasketa egiteko, HIA Hezkuntzako Identifikazio Agiriaren zenbaki bat esleituko zaio. Aurretik, nolanahi ere, eskatzen diren datuak agiri bidez egiaztatuko ditu ikastetxe bakoitzaren idazkaritzak, aurrez zehaztutako prozedurari jarraituz. Zenbaki hori bakarra, pertsonala eta besterenezina izango da, unibertsitateaz kanpoko ibilbide akademiko osoan.

5. artikulua.– Ikasleei eta haien familiei hezkuntza-proiektuari edo proiektu funtzionalari buruzko informazioa ematea.

1.– Ikastetxeek beren hezkuntza-proiektuari edo proiektu funtzionalari buruzko informazioa eta, hala badagokio, beren izaerari buruzkoa eman beharko diete aitei, amei, tutoreei eta ikastetxeetan plaza eskatzen duten ikasle adinez nagusiei. Dekretu honen xede diren ikastetxeetan ikasle bat matrikulatzeak berekin ekarriko du hezkuntza-proiektua edo proiektu funtzionala errespetatzea, alde batera utzi gabe legedian ikasleei eta haien familiei aitortzen zaizkien eskubideak.

2.– Diru publikoarekin sostengatzen diren ikastetxeek behar diren prozedurak ezarriko dituzte onarpen-prozesuan gardentasuneko, publikotasuneko eta parte hartzen dutenei oinarrizko informazioa emateko betebeharrak konplitzen direla bermatzeko, bai prozesua hasi aurretik bai matrikula gauzatzeko unean.

6. artikulua.– Onarpen-prozedura aplikatzea.

1.– Hainbat hezkuntza-etapa eskaintzen dituzten ikastetxe publikoetan, ikasleak onartzeko hasierako prozedura adin txikienari dagokion etaparen hasieran aplikatuko da. Hainbat hezkuntza-etapa ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan, ikasleak onartzeko hasierako prozedura itunaren xede den eta adin txikienari dagokion ikasturtearen hasieran aplikatuko da.

2.– Onarpen-prozesua bukatu ondoren, ikasleak ikastetxean jarraitu ahal izango du han ematen diren irakaskuntzak bukatu arte, honako irakaskuntza hauen kasuan izan ezik: Arte Batxilergoa, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eta hizkuntza-, arte- eta kirol-irakaskuntzak; izan ere, horiek guztiek ezaugarri bereziak dituzte.

II. KAPITULUA
IKASTETXEEN ATXIKIPENA ETA ERAGIN-EREMUAK

7. artikulua.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeen atxikipena.

1.– Ikasleen onarpena gauzatzeko, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, Plangintzako Lurralde Batzordeetan gaia eztabaidatu ondoren, eta guraso-elkarteen federazioei iritzia eskatuta, lurralde historiko bakoitzean honako atxikipen hauek ezarriko dituzte hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko ikastetxeentzat:

a) Hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Haur Hezkuntzako ikastetxe publiko bakoitza sail horren mendeko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bati edo gehiagori atxikiko zaio.

b) Hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bakoitza sail horren mendeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko bati edo gehiagori atxikiko zaio.

c) Hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko bakoitza sail horren mendeko Batxilergoko ikastetxe publiko bati edo gehiagori atxikiko zaio. Atxikipena desberdina izan daiteke Batxilergoko modalitate bakoitzean.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek itunpeko ikastetxe pribatuen artean ere ezarriko dituzte atxikipenak, haien titularren eskariz, eta, betiere, aurretik ikastetxe horien arteko atxikipen-ituna aurkezten bada. Eskaera titulartasun bereko ikastetxeentzat egiten bada, itunaren ordez nahikoa izango da idatzizko adierazpen bat, atxikipena ezartzeko borondatea agertuko duena.

3.– Hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendekoa ez den ikastetxeren bateko titularrak idatziz eskaera eginez gero, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek sail horren mendeko ikastetxe publiko bati edo gehiagori atxikiko diote ikastetxe hori.

4.– Hezkuntzako sailburuordeak lurralde historiko desberdinetako ikastetxeen artean ere ezarri ahal izango ditu atxikipenak, hurbiltasun geografikoa dela-eta komenigarria denean.

8. artikulua.– Atxikitako ikastetxeetan ikasleak onartzeko lehentasunak.

1.– Haur Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zein ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan plaza nahikoa badago.

2.– Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zein ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan plaza nahikoa badago.

3.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zein ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Batxilergoko ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan plaza nahikoa badago, salbu eta Arte Batxilergoa ikasi nahi badute, modalitate horren ezaugarri bereziak direla eta.

4.– Musika eta dantzako ikasketa arautuak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak batera egiten dituzten ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko hezkuntza-arloko eskumena duen sailak zehazten dituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, eta bermatuta izango dute horietara joateko aukera, baldin eta plaza nahikoa badago. Berdin jokatuko da errendimendu handiko kirol-programak egiten dituzten ikasleekin.

5.– Lehentasun horiek baliatzeko, beharrezkoa da, betiere, ikasleek atxikitako ikastetxean plaza eskatzea, lehen aukera gisa.

6.– Ikastetxeren batean plaza nahikorik ez badago dagokien lehentasuna baliatuta atxikitako ikastetxeetatik eskaera egiten duten ikasle guztiak onartzeko, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, dekretu honen eta beronen garapen-arauetan ezarritako irizpideei jarraituz.

7.– Ikasleek atxikipenagatik dagokien ikastetxea ez den beste bat eskatu ahal izango dute, ikastetxea aukeratzeko prozesuan. Atxikipenagatik dagokien ikastetxea ez den beste bat lehen aukera gisa eskatzeak berekin dakar uko egitea atxikitako ikastetxeko lehentasunari.

9. artikulua.– Eragin-eremuak.

1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, ikasleak onartzeko Berme Batzordeei iritzia eskatu ondoren, eragin-eremuak zedarrituko dituzte, bai eta haien eremu mugakideak ere, halako moduan non etxebizitza bakoitza sartuta geratuko baita gutxienez ikastetxe baten eragin-eremuan.

2.– Eragin-eremuak eta haien mugakideak zehaztuta geratuko dira ikastetxe bakoitzean ematen den modalitate, irakaskuntza eta hizkuntza-eredu bakoitzerako. Eragin-eremuen mapak edota xehetasunak eskuragarri egongo dira herritar guztientzat, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

3.– Hezkuntzako ordezkariek toki-korporazioei laguntza eskatu ahal izango diete artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeko, eta toki-korporazioek derrigor lagundu beharko dute zeregin horretan, hala eskatzen bazaie.

4.– Hezkuntzako sailburuordeak lurralde historiko bateko lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak edo eremu mugakideak ezarri ahal izango ditu, ikastetxeren batean ematen diren irakaskuntzak oso bereziak direnean edo hurbiltasun geografikoa dela-eta hala gomendatzen denean.

5.– Lanbide Heziketako irakaskuntzen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoa izango da ikastetxeen eragin-eremua.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

10. artikulua.– Onarpen-prozedurarako deialdia egitea.

1.– Hezkuntza-etapa bakoitzean ikasleak onartzeko prozedura berdina izango da dekretu honen xede diren ikastetxe guztietan, eta urtero arautuko da hezkuntza-arloko eskumena duen saileko sailburuaren agindu bidez.

2.– Agindu horietan ezarriko dira eskaerak aurkezteko eta horiek ebazteko epeak. Agindu horietan zehaztuko da, halaber, interesdun bakoitzak, dagokion kasuan, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, onarpen-prozeduran kontuan hartzea nahi duen irizpideak egiaztatzeko, dekretu honetan ezarritakoarekin bat etorrita.

3.– Hezkuntza-arloko eskumena duen sailak aukera izango du onarpen-prozedura informatizatuak ezartzeko, eta, horretarako, dagozkion aplikazio informatikoak prestatuko ditu. Hala gertatuz gero, dekretu honen xede diren ikastetxe guztiek aplikazio informatiko horien bidez egin beharko dute prozedura, nahitaez.

11. artikulua.– Eskabideak.

1.– Ikaspostuaren eskaera bakarra egingo da ikasketa bakoitzerako. Eskabidean, beste ikastetxe batzuk eskatu ahal izango dira, lehentasun-hurrenkeran. Onarpen-prozesu bakoitzean eskatu ahal izango den gehienezko ikastetxe-kopurua prozesu horren deialdia egiteko dagokion Aginduan zehaztuko da.

2.– Eskabideak bazter utziko dira honako egoera hauetan:

a) Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero ikasketa bakoitza egiteko.

b) Interesdunak aurkeztutako dokumentazioa faltsua dela egiaztatuz gero.

c) Eskabidea epez kanpo aurkeztuz gero.

Halakoetan, ez dira aintzat hartuko aurkeztutako eskabidea edo eskabideak, eta ikasleak onartzeko Berme Batzordea arduratuko da eskolatzeaz.

3.– Ikastetxe bakoitzak eskatzaileen zerrenda alfabetikoa argitaratu beharko du, etaparen, mailaren eta, hala badagokio, hizkuntza-ereduaren arabera, eta horretarako epea onarpen-prozesua urtero arautzen duten aginduetan zehaztuko da.

Eskabidea formalizatu dutenak baino ez dira azalduko onartuen eta baztertuen zerrendetan.

12. artikulua.– Egutegia.

1.– Dekretu honen 10. artikuluan aipatzen diren aginduetan zehaztuko dira zer epe izango duten dekretu honen xede diren ikastetxe guztiek onarpen-eskabideak aurkezteko eta prozeduraren gainerako faseak garatzeko.

2.– Dekretu honen xede diren ikastetxeek zorrotz bete beharko dute onarpen-prozeduretarako egutegia, aurreko lerrokadan aipatutako aginduen bidez ezarritakoa. Baliogabeak izango dira ikastetxeren batek ezarritako bestelako onarpen-prozedurak edo konpromisoak, arauz finkatutako epeak baino lehen plazak erreserbatzea dakartenak; prozedura edo konpromiso horiek, gainera, dagokion zehapen-espedientea ezartzea ekar dezakete kasuan kasuko ikastetxearen aurka.

13. artikulua.– Prozedura doakoa izatea.

Eskatzaileek ez dute ordaindu beharrik izango onarpen-prozeduragatik.

14. artikulua.– Prozeduraren fase bakoitzaren organo eskudunak.

1.– Hezkuntza-arloko eskumena duen sailari dagokio zehaztea ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek gehienez zenbat talde eta ikasle onartu dezaketen hezkuntza-etapa edo -maila bakoitzaren modalitate eta ikasturte bakoitzean, aipatutako sailak xedatutako planifikazioaren arabera.

2.– Honako hauek erabakiko dute ikasleak dekretu honen xede diren ikastetxeetan onartu ala ez: ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenek; Gizarte Kontseiluek –Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen kasuan– eta ikastetxe pribatuen titularrek. Erabakiak hartzeko garaian, legedian, dekretu honetan eta berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoa bete beharko dute. Itunpeko ikastetxe pribatuetan, eskola-kontseiluek ere parte hartuko dute ikasleak onartzeko prozesuan, hura erregulatzen duten arauak betetzen direla bermatuz.

15. artikulua.– Onarpen-prozesuaren Berme Batzordeak.

Onarpena bermatzeko batzorde bat eratuko da lurralde historiko bakoitzean.

Berme Batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:

a) Ikasleen onarpen-prozesua ikuskatzea, beren esparru geografikoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, eta prozesua erregulatzen duen araudia betetzen dela bermatzea, hargatik eragotzi gabe hezkuntzako ikuskaritzak bere funtzioak eta eskumenak betetzea.

b) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea, ikastetxe bakoitzaren eragin-eremua eta haren mugakideak zehazteko.

c) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea, ikasleren batek eskabide bat baino gehiago egin badu eta eskatzaileek aurkeztutako agirien faltsutasuna frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.

Batzorde horiek beren funtzioak betetzeko beharrezkoa den informazio eta dokumentazio guztia jasoko dute ikastetxeetatik eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetatik.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, ikasleen onarpena bermatzeko beste berme-batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleen onarpena bermatzeko lurralde-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte beren funtzioak, esparru geografiko edo maila horietan.

Ikasleen onarpena bermatzeko batzordeek kide hauek izango dituzte: hezkuntza-administrazioaren ordezkariak, toki-administrazioarenak, eta gurasoen, irakasleen eta dekretu honen xede diren ikastetxeen ordezkariak. Hezkuntza-arloko eskumena duen saileko sailburuak ezarriko du, agindu bidez, batzordeen osaera eta erregulazioa.

16. artikulua.– Behin-behineko zerrendak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, onartuen eta baztertuen zerrenda argitaratuko da, ikastetxeetako iragarki-taulan, dagokion aginduan aurrez zehaztutako epean. Eskabideen baremazioa egitea beharrezkoa izan bada, baremoaren atal bakoitzean lortutako puntuazioa jakinaraziko da, bai eta guztira lortutako puntuazioa ere.

2.– Zerrenda horiek behin-behinekoak izango dira, eta, haien aurka, erreklamazioak aurkez daitezke organo eskudunaren aurrean. Horretarako, dagokion ikastetxean idazkia aurkeztu beharko da, ikasleak onartzeko aginduan aurrez zehaztutako epean.

17. artikulua.– Behin betiko zerrendak.

1.– Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira ikastetxeetako iragarki-tauletan, dagokion aginduan ezarritako epean.

2.– Ikastetxeek, halaber, itxarote-zerrenda argitaratuko dute, behar bezala ordenatuta, onartuen zerrendan gerta litezkeen hutsuneak betetzeko. Itxarote-zerrenda dagoen ikastetxe eta mailetan, ikasturtea hasi aurretik gertatzen diren bajak banan-banan eskainiko zaizkie zerrenda horretako ikasleei, han duten hurrenkerari jarraituz. Aldaketa guztiak berehala erregistratuko dira hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren aplikazio informatikoan, arauz ezarritako prozeduraren arabera.

18. artikulua.– Plazak ematea halakorik lortu ez duten ikasleei.

Dekretu honen xede diren ikastetxeek egiten duten ikaspostu-eskaintza orokorra aintzat hartuta, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, arauz ezarritako prozedurarekin bat etorriz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte, eskatutako ikastetxeetan plazarik lortu ez duten ikasle guztiei plaza bana emateko, dekretu honetako 2. artikuluaren 1. apartatuan adierazitako etapetan. Eginahalak egingo dituzte, era berean, gainerako etapetan ikasleei plaza bana emateko.

19. artikulua.– Errekurtsoak eta erantzukizunak.

1.– Dekretu honen xede diren ikastetxeek ikasleen onarpenari buruz hartzen dituzten akordio eta erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzaren aurrean, legez zehaztutako epean. Errekurtso horien ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.

Edozein izanda ere derrigorrezko hezkuntzaren eremuan hartzen den ebazpena, eraginpeko pertsonaren eskolatzea bermatu beharko da.

2.– Ikastetxeek ikasleak onartzeko prozesuan egindako arau-hausteak direla-eta izan dezaketen erantzukizuna kasu bakoitzean aplikatzekoa den prozedurari eta erari jarraituz eskatuko da.

3.– Itunpeko ikastetxe pribatuek halako arauak haustea hezkuntza-itunaren ez-betetze larritzat hartuko da, betiere Hezkuntza Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 62. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

20. artikulua.– Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak eskolatzeko plazak erreserbatzea.

1.– Aurreinskripzioa eta matrikula egiteko epea bukatu arte, dekretu honen aplikazio-eremuan sartutako ikastetxe guztiek zenbait plaza erreserbatu beharko dituzte –Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ezartzen duen adina–, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak eskolatzeko.

2.– Ikasleak onartzeko prozesua hasi baino lehen, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek –horretarako ezarriko diren organoek aholkatuta, hala badagokio– zehaztuko dute zenbat plaza erreserbatu beharko duen ikastetxe bakoitzak halako ikasleentzat ikasturte eta hezkuntza-etapa bakoitzean. Betiere, halako ikasleak modu orekatuan banatuko dira diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztien artean, hezkuntza-sisteman behar bezala txertatzen laguntzen duten baldintzak izan ditzaten.

21. artikulua.– Ezohiko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzea.

1.– Desgaitasun oso larriren bat edo jokabide-nahaste larriak direla-eta ezohiko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak bi eratara eskolatuko dira, Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, edo ikastetxe arruntetan –publikoetan nahiz itunpekoetan– integrazio-erregimenean, betiere dekretu honen xede diren irakaskuntzak ematen badituzte.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek erabakiko dute zer ikastetxetan eskolatuko diren halako ikasleak, horretarako ezarriko diren organoek aholkatuta, hala badagokio, betiere ikasleen gurasoei eta tutoreei iritzia eskatuta, eta dagokion Hezkuntzaren Berrikuntzan eta Prestakuntzan laguntzeko zentroaren (Berritzegunearen) Hezkuntza Premia Berezien aholkularitza-taldeak balorazioa egin ondoren. Talde horrek eskolatzeko tokia eta baldintzak proposatuko ditu, eskuragarri dauden plazak eta baliabideak aintzat hartuta. Lehentasuna izango dute ikasleak zuzen eskolatzeko baliabide espezifiko egokiak dituzten ikastetxeek.

IV. KAPITULUA
ONARTZEKO PROZESU ARRUNTETIK KANPO IKASLEAK ESKOLATZEA

22. artikulua.– Onartzeko prozesu arruntetik kanpo ikasleak eskolatzeko gerta daitezkeen salbuespen-egoerak.

Onartzeko prozesu arruntetik kanpo ikasleak eskolatzeko salbuespen-egoeratzat hartuko dira honako egoera hauetakoren batean dauden ikasleei eragiten dietenak:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleak eskola-plazarik gabe, onartzeko prozesu arrunta bukatu ondoren, prozesu horretan parte ez hartzeagatik.

b) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleak hezkuntza-sisteman berandu sartzea.

c) Eskola-plaza duten ikasleak beste ikastetxe batera lekualdatzea, honako arrazoi hauengatik:

1) Abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuan aurreikusitako neurriak aplikatzea. Dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzkoa da.

2) Familian genero-indarkeriako inguruabarrak izatea.

3) Eskola-bizikidetza kaltegarria.

4) Bizitokia beste herri batera aldatu izana.

5) Adopzioa edo familia-harrera, ikasleak onartzeko prozesu arrunta bukatu ondoren formalizatu direnak.

6) Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak ikasleen alde egindako salbuespenak, lehenago aipatutako inguruabar horietako bat ere gertatu gabe.

23. artikulua.– Onartzeko prozesu arruntetik kanpo ikasleak eskolatzea.

1.– Une bakoitzean egondako plazak kontuan hartuz, Hezkuntza Sailak, kasu bakoitzean ezarritako organoen bidez, erabakiko du zer ikastetxetan –publikotan nahiz itunpeko pribatutan– eskolatuko diren aurreko artikuluan jasotako egoeraren batean dauden ikasleak eta, betiere, ikasle horien guraso eta tutoreei entzun ondoren. Kasu orotan, familiaren lehentasunez eta ikaspostuen erabilgarritasunaz gain, kontuan eduki beharko dira beste faktore batzuk, eskola-plangintzari eta orekari lotuak, aniztasuna banatzeko unean ikastetxeen artean.

Eskolatze-eskaera egiten bada familia-unitateak etxez aldatu behar duelako –gurasoek edo legezko tutoreek nahitaez mugitu behar izatearen ondorioz– edo genero-indarkeriagatik egoitzaz aldatu behar duelako, eskatzailea eskolatuko da, lehentasunez, gurasoen edo legezko tutoreen etxebizitzari edo lantokiari dagokion eragin-eremuan dagoen ikastetxe batean, edo, eskatzailea adinez nagusia bada edo legez emantzipatua badago, haren etxebizitzari edo lantokiari dagokion eragin-eremuko ikastetxe batean.

Ikastetxe aldaketa gertatzen bada eskola-bizikidetza kaltegarria zuzentzeko neurriak aplikatzearen ondorioz, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak beharrezkoa den informazioa helaraziko dio ikastetxe hartzaileari ikasleak ikastetxe berrian integratzea errazte aldera; horrekin batera, praktikan jarri beharreko neurri-sorta helaraziko dio.

2.– Aurreko artikuluaren b), c.2) eta c.5) kasuetan jasotako egoeraren batean dauden ikasleak ezarri den ikastetxean eskolatu ahal izateko, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek gelako gehieneko ikasle-kopurua gehienez ehuneko hamar gehitzea onartu ahal izango dute, dekretu hau aplikatzekoa den ikastetxeetan.

24. artikulua.– Eskolatze-batzordeak.

Eskolatze Lurralde Batzorde bat eratuko da lurralde historiko bakoitzean.

Eskolatze Batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:

– Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkariari proposatzea Dekretu honen 22. artikuluko b) apartatuan bildutako ikasleak zein ikastetxetan eskolatu behar diren.

– Baldintzak zehaztea eta baliabideak proposatzea halako ikasleek jasoko duten arreta egokia izan dadin.

– Hartutako erabakien aurka egindako erreklamazioak eta alegazioak aztertzea, eta txostena Hezkuntzako lurralde-ordezkariari aurkeztea, erreklamazio horiek ebatz ditzan.

Batzorde horiek eskolaratze inklusiboaren printzipioaren arabera jokatuko dute eta beren funtzioak betetzeko beharrezkoa den informazio eta dokumentazio guztia jasoko dute ikastetxeetatik.

Hezkuntzako sailburuordeak ezarriko du, ebazpen bidez, batzordeen osaera eta erregulazioa.

V. KAPITULUA
APLIKAZIO-IRIZPIDEAK

25. artikulua.– Prozesu arruntean ikasleak Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan onartzeko irizpideak.

1.– Eskaera guztiak onartzeko adina plaza dauden ikastetxeetan, ikasle eskatzaile guztiak onartuko dira.

2.– Aitzitik, ikastetxeren batean eskaera guztiak onartzeko adina plazarik ez badago Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, honako irizpide hauek erabiliko dira ikasleak onartzeko –irizpideok batera aplikatuko dira, eta dekretu honen eranskinean adierazten diren puntuazioekin bat etorriz baloratuko–.

– Familia-unitatearen urteko errenta.

Atal honetan baloratuko da, errenta horrez gain, eskatzailea ez den seme-alaba adingabeen kopurua, hain zuzen ere diru-sarrerak familia-unitateko kideen kopuruarekin haztatzeko.

Administrazio publikoren baten zaintzapean egonez gero, eskatzaileari puntuaziorik gorena emango zaio atal honetako kontzeptu guztietan.

Familia-unitatetzat ulertuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan edo estatuko arauetan ezarritakoa. Horretaz gainera, familia-unitatetzat hartuko da onarpen-eskaeraren helburu den adingabea, familia-liburuan ageri diren gurasoekin batera, non eta ez den egiaztatzen, hitzarmen arautzaile bidez, adingabearen zaintzaren gaineko ardura banatuta dagoela.

Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero, edo izatezko bikotearen bizikidetza deseginez gero, baremoa aplikatzerakoan, ikaslearen jagoletza ebazpen judizial irmo bidez edo hitzarmen arautzaile bidez esleitua duenaren errenta baino ez da aintzat hartuko. Berdin jokatuko da tutoretza judizialaren, familia-harreraren edo antzeko babes-neurrien kasuan, halakoetan gurasoak ez diren beste pertsona fisiko batzuen esku geratzen baita ikasle adingabearen jagoletza.

– Ikaslearen bizitokiaren gertutasuna edo haren aita, ama edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna, edo, ikasleak lan egiteko legezko adina badu, haren lantokiaren gertutasuna.

Eskaera egiteko unean ikaslea adinez nagusia bada edo legez emantzipatuta badago, ikasle eskatzailea bera bizi den tokia hartuko da familia-bizitokitzat. Eskaera egiteko unean ikaslea adingabea bada eta ez badago legez emantzipatuta, familia-bizitokitzat hartuko da ikaslea aitarekin edo amarekin edo legezko tutorearekin bizi den tokia.

Familia-harreran, aurreadopzioan edo adopzioan dagoen ume bat baldin bada, haren bizitokitzat hartuko da egoera horietan hartu duten pertsonena.

Eskatzailearen lantokia edo aitarena, amarena edo legezko tutorearena ikastetxetik gertu egoteagatik lortutako puntuazioa ez da bateragarria izango bizitokiaren gertutasunari dagokionarekin, ez eta ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean lan egiteagatik lortutako puntuazioarekin ere.

– Anai-arrebak matrikulatuta izatea ikastetxean edo ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxean lan egitea.

Ikasleak ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta dituela ulertuko da, baldin eta anai-arreba horiek ikasketak egiten badituzte eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeetan, onarpen-eskabidea aurkezten den unean.

Ikasleak ikastetxean lan egiten duen aita, ama edo legezko tutorea duela ulertuko da, baldin eta, onarpen-eskaerak aurkezteko epean, haiek eskatutako ikastetxearen edo hari atxikitako ikastetxeen berezko irakasleak edo irakasle ez diren langileak badira, administrazio publikoko funtzionario gisa edo lan-kontratupean, ikastetxe horretan behin betiko destinoa izan zein behin-behinekoa izan. Ez da joko aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxean lan egiten dutenik, baldin eta ikastetxe horretan zerbitzuak ematen dituen kanpoko enpresa bateko langileak badira.

– Familia ugariko kide izatea.

– Ikasle eskatzailea familia-harreran egotea.

– Ikasleak desgaitasuna izatea edo desgaitasuna ikaslearen aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek izatea.

Atal horri dagokion puntuazioa emango da, baldin eta desgaitasuna % 33koa edo hortik gorakoa baldin badu lehenago aipatutako pertsona horietako edozeinek. Nahiz eta bi edo gehiago izan desgaitasuna duten eta hortaz kontzeptu honengatik puntuazioa lortzeko aukera ematen duten pertsonak, haietako bakar batengatik baino ez dira emango puntuak.

– Ikastetxeko kooperatiba-bazkide izatea.

– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak ezarritako beste egoera adierazgarri batzuk.

Irizpide objektiboak ezarri beharko dira puntuazio gehigarri hori emateko. Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak onartuko ditu irizpide horiek eta egiaztatzeko baldintzak, eta haien berri emango da eskabideak aurkezteko epea hasi aurretik.

Puntuak arrazoi bakar bategatik edota hainbat arrazoirengatik eman daitezke. Kontzeptu bat baino gehiagorengatik ematen bada, horien artean bana daiteke puntuazioa, edo baldintzetakoren bat betetzen bada eman.

Puntuazio gehigarri hori emateko irizpideak ezberdinak izan daitezke hezkuntza-maila edo ikasturte bakoitzean.

Atal honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako arrazoi eta egoerak ere egon daitezke. Hartara, arrazoi eta egoera horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da.

Atal honetarako hartutako irizpideen artean, ezin da inolaz ere onartu jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik edo iritziagatik ezarritako bereizkeriazko irizpiderik. Halaber, ezingo da punturik eman horretarako berariaz deitutako proba edo azterketen emaitzen bidez.

3.– Baremoaren irizpide horietako edozeini dagokion puntuazioa ematerakoan, anai-arrebatzat joko dira, era berean, familia-unitatean familia-harrera egoeran, aurreadopzioan edo legez eratutako adopzioan dauden adingabeak. Halaber, ikaslearen jagoletza gurasoetako batek bakarrik esleitua badauka, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da. Pertsona horren seme-alabak ere anai-arrebatzat joko dira ikaslearekin batera bizi badira.

4.– Hezkuntza-arloko eskumena duen sailak, interesdunak aurrez baimena emanda, edozein administrazio edo erakunde publikori –dagokion arloan eskuduna denari– eskatu ahal izango dio egiaztatzeko eskatzaileak baremazioan aintzat hartu daitezen aurkeztu dituen datuak, baremoaren edozein irizpideri buruzkoak. Eskatzaileak, baimenik ematen ez badu, uko egingo dio kasuan kasuko irizpidean eskura lezakeen puntuazioari.

5.– Puntuazio-berdinketak honela ebatziko dira:

a) Lehendabizi, baremoaren irizpideetan lortutako puntuaziorik handiena hartuko da aintzat, eta, horretarako, banan-banan konparatuko dira irizpideak, jarraian agertzen den ordenari jarraituz:

– Puntu gehien lortu duena atal honetan: anai-arrebak matrikulatuta izatea ikastetxean edo ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxean lan egitea.

– Puntu gehien lortu duena atal honetan: ikaslearen bizitokiaren gertutasuna, edo eskatzailearen beraren lantokiarena, edo haren aita, ama edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna.

– Puntu gehien lortu duena atal honetan: ikasleak desgaitasunen bat izatea edo desgaitasuna ikaslearen aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek izatea.

– Puntu gehien lortu duena atal honetan: ikasle eskatzailea familia-harreran egotea.

– Puntu gehien duena familia ugariaren atalean.

– Puntu gehien duena familia-unitatearen urteko errentaren atalean.

– Puntu gehien duena ikastetxeko kooperatiba-bazkide izatearen atalean.

– Puntu gehien lortu duena atal honetan: ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak askatasunez erabakitako irizpideak.

b) Batxilergoan onartzeko egindako eskaeretan, berdinketak bere horretan baldin badirau, aintzat hartuko da ikaslearen ikasketa-espedientea, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak hala erabakitzen badu, eta sail horrek horretarako ezartzen duenarekin bat etorriz.

c) Azkenik, aurreko irizpide guztiak aplikatu ondoren ebatzi gabe geratzen diren berdinketak desegiteko, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak zehazten duen ausazko prozedura erabiliko da, eta, horretarako, ikasleen onarpen-prozesuan erabilitako aplikazio informatikoa erabiliko da. Elkartze familiarra ikastetxe berean ez oztopatzeko xedez, bi anaia edo ahizpa hezkuntza maila berean bildu eta baremoko puntuazio berdin-berdina edukiz gero, ausazko prozeduran emaitzarik txarrena lortu duen anaia edo ahizpa jarriko da zerrendan aipatu prozeduran emaitza hobea duen anaia edo ahizpari dagokion ondo-ondoko postuan.

6.– Ikasleak onartzeko egutegia ezartzen duten urteko aginduetan zehaztuko da zer egiaztagiri aurkeztu behar diren baremoaren atalak justifikatzeko.

26. artikulua.– Ikasleak Lanbide Heziketako Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako heziketa-zikloetan onartzeko irizpideak.

Lanbide Heziketako zikloetan ikasleak onartzeko prozeduretan, plaza nahikorik ez badago, aintzat hartuko dira kasu bakoitzean aplikatzekoak diren arauetan ezarritako irizpideak, bai eta dekretu hau garatzen duen araudian ezarritakoak ere.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak 25. artikuluan xedatzen duenari jarraikiz, ikastetxe pribatuek autonomia izango dute ikasleak onartzeko irizpideak ezarri eta prozesua erabakitzeko, ematen dituzten hezkuntza-maila ez-itunduetan. Nolanahi ere, ikastetxe horiek itundu gabeko maila horietarako diru-laguntzarik jaso nahi izanez gero, dekretu honetan araututakoa bete beharko dute, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak baldintza hori ezartzen badie, behintzat.

Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloa emateko baimena duten itunpeko ikastetxe pribatuetan, dekretu honek xedatutakoari jarraituz onartuak izan diren ikasleek aukera izango dute ikastetxe horietan jarraitzeko, beste onarpen-prozesu bat egin beharrik izan gabe.

Haur Hezkuntzako lehen zikloa soilik ematen duten ikastetxe pribatu baimenduek, ikasleak dekretu honek xedatutakoari jarraikiz onartzen badituzte, aukera izango dute atxikipen-itunak ezartzeko Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxeekin; hori egiten badute, dekretu honetako 8. artikuluan araututako lehentasun-eskubidea izango dute ikasleek.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako arte-, hizkuntza- eta kirol-ikasketak irakasten dituzten ikastetxeetan, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak berariaz ezarritako araudiek arautuko dute ikasleak onartzeko prozedura.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuek eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerriko ikastetxeek derrigorrezkoa izango dute hezkuntza-arloko eskumena duen sailari ematea ikastetxe horietan matrikulatutako ikasleei buruzko datuak, sail horrek xedatutako moduan eta epean, ikasle horien gaineko prozedura akademikoak edo administratiboak behar bezala izapidetzeko beharrezkoak diren heinean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da martxoaren 4ko 35/2008 Dekretua, ikasleak onartzeko prozedura arautzen duena Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko pribatuetan, zehazki irakaskuntza hauek ematen dituztenetan: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketa. Indargabetu egiten dira, halaber, dekretu honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko urtarrilaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

ERANSKINA, URTARRILAREN 9KO 1/2018 DEKRETUARENA
IRIZPIDEAK ETA BAREMOA

A) Familia-unitatearen urteko errenta (kontzeptu metagarriak dira, harik eta ataleko gehieneko puntuazioa lortu arte).

– Puntuazioa, familia-unitatearen diru-sarrerei erreparatuta: 0,5 puntu.

Urteko aginduek zehaztuko dute zenbateko errenta jaso behar den puntuazio hori lortzeko.

– Eskatzailea ez den seme edo alaba adingabe bakoitzeko: 0,25 puntu.

– Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 1,5 puntu.

B) Bizilekuaren gertutasuna (kontzeptu hauek ez dira metagarriak).

– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dago ikaslearen bizilekua: 5 puntu.

– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakide batean dago ikaslearen bizilekua: 2 puntu.

– Eskatutako ikastetxearen udalerrian dago ikaslearen bizilekua, baina haren eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik kanpo: puntu bat.

– Euskal Autonomia Erkidegoan dago ikaslearen bizilekua, baina eskatutako ikastetxearen eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik eta eskatutako ikastetxearen udalerritik kanpo: 0,5 puntu.

– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dago ikaslearen beraren lantokia edo haren aitarena, amarena edo legezko tutorearena: 2 puntu (puntu horiek bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean lan egiteagatik ematen diren puntuekin).

– Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu.

C) Ikastetxean ikasten edo lan egiten duten senideak izatea (kontzeptu hauek ez dira metagarriak).

– Anai-arreba bat edo gehiago daude matrikulatuta eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean: 9 puntu.

– Eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean lan egiten dute aitak, amak edo legezko tutoreak: 7 puntu.

– Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 9 puntu.

D) Familia ugariko kide izatea.

– Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: puntu bat.

– Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 1,5 puntu.

E) Familia-harreran egotea.

– Ikasle eskatzailea familia-harreran egoteagatik: puntu bat.

F) Desgaitasuna (kontzeptu honengatik, 2 puntu, gehienez ere).

– Ikasle eskatzailearena baldin bada: 2 puntu.

– Aitarena, amarena, legezko tutorearena edo anai-arrebaren batena baldin bada: puntu bat.

G) Kooperatiba-bazkide izatea.

– Familia unitateko kideren bat eskatutako ikastetxeko kooperatiba-bazkide izateagatik: 0,5 puntu.

H) Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak ezarritako beste egoera adierazgarri batzuk.

– Ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak askatasunez erabakitako irizpideak betetzeagatik: puntu bat, gehienez.


Azterketa dokumentala