BAKARRIZKETA

Historiaurreko aztarna baten heriotza

BERRIA.
Iker Aranburu.
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Sonyk Betamax bideo sistemaren hilkutxari azken iltzea jarri dio, iragarri baitu 2016ko martxotik aurrera ez dituela bideo zintak ekoitziko.

1 Betamax? Baina hori ez zen aspaldi desagertu? Hori zen gehien zabaldutako ustea. Irakurle gehienentzat, historiaurreko kontuak dira bideoarenak, eta gazteenen artean izango dira horrelako gailu bat nola dabilen ez dakitenak. Baina, ez, Betamax zonbi bat zen, bizi-bizirik ez, baina hilik ere ez zegoen sistema bat. Sonyk 2002an utzi zion sistema horretako gailuak ekoizteari, baina orduz geroztik 18 milioi zinta ekoitzi ditu sistemaren azken erabiltzaileentzat.

2 Teknologia zaharren zaleak eta hipsterrak? Horientzat ere hipsterregia zen Betamax. Japoniar arruntak dira azken erosleak, han soilik saltzen baitziren zintak 2010az geroztik.

3 Esadazu VHSrik ez dela saltzen? Bada, horretan ere oker zaude. Bideoaren garaia duela hamar-hamabost urte amaitu zen arren, artean saltzen dira zinta batzuk, jendeak programak graba ditzan.

4 Betamax-VHS lehia zaharragoa da, ezta? Duela 30-40 urteko kontuak dira. 1970ean hasi zen bideo teknologia zabaltzen, eta 1975ean kaleratu zuen Sonyk etxeetarako lehen sistema, Betamax. 1976an, JVCk VHS sistema merkaturatu zuen. Bideo sistemen gerra deitutakoa ofizialki 1988an amaitu zen, Sonyk porrota onartu eta VHS sistemako bideo aparatuak ekoizten hasi zenean. Ordurako amaitua zen japoniarren lehiakide europarrek (Phillips eta Grundig) bultzatutako Video 2000 sistemaren saialdia ere.

5 Zergatik irabazi zuen VHSk? Faktore nagusia grabatzeko gaitasuna zen. Hasieran, Betamax bideo zintetan ordubetez baizik ezin zen grabatu; VHSetan, berriz, bi ordu. Hau da, film bat edo futbol partida bat osorik sartzen zela VHS batean, baina ez Betamaxen. Gero hiruzpalau ordura arteko grabaketak onartzera iritsi ziren bi sistemak, baina ordurako aurrea hartu zuen VHSk.

6 Beste arrazoirik? Prezioak ere izan zuen zeresana. Sonyri copyright-a ez ordaintzeko, Hitachik, Mitsubishik eta Sharpek VHS sistemaren alde egin zuten, eta haien arteko lehiak gailuak merkatu zituen. Sonyk prezioak jaitsi zituenerako atzeratuta zegoen. Pornografiak ere izan zuen zeresana.

7 Pornografiak? Bai. Ikusita bideo alokairuetan VHSk aurrea hartzen zuela formatu horren aldeko apustua egin zuen AEBetako industria pornografikoak, eta, askoren ustez, horrek ziurtatu zuen VHSen garaipena.

8 Betamaxek ba al zuen abantailarik? Irudiaren kalitatea pixka bat hobea zen Betamaxen; ez nahikoa etxeko erabiltzaileak liluratzeko, baina bai, ordea, erabilera profesionalago baterako. Telebistetan, esaterako, Betamax sistema erabili izan da grabaketa digitalak nagusitu arte.

9 Digitalean ere izan zen gerra bat, ezta? Bat ez, bi gutxienez bai. Baina horietan irabazle atera zen Sony. 1995ean DVDren bultzatzaileen artean izan zen, Toshibarekin eta Panasonicekin batera, eta Phillipsen VCD alboratzea lortu zuten. Definizio handiko formatu digitalen borrokan, berriz, Sonyren Blu-ray diskoak nagusitu zitzaizkion Toshibaren HD-DVD formatuari. 2006an izan zen hori, baina streaming-aren garaian, historiaurrekoa dirudi lehia horrek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.