Hezkuntza

Irakasle izateko urtebeteko praktikaldia ezarri nahi du Espainiak

Espainiako Gobernuak errebalidak kendu eta LOMCE ezarri aurreko egoerara itzuli nahi du, berritasun batzuk ezarrita. Zelaak azpimarratu du «proiektu baten lehen pieza» dela.

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroa, Isabel Zelaa Hezkuntzakoa eta Irene Monteroa Berdinasunekoa, gaur, Moncloan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
joxerra senar
2020ko martxoaren 3a
13:45
Entzun

Iaz, garai honetan, lege proiektu bera aurkeztu zuen Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak; baina, Pedro Sanchez presidenteak hauteskundeak aurreratu zituenez, bertan behera geratu zen. Bigarren ahaleginean, gaurko ministro kontseiluak hezkuntza lege berriaren aurreproiektua onartu du. Funtsean, Mariano Rajoyren agintaldian ezarritako LOMCE lege polemikoa indargabetuko du, eta aurreko egoerara itzultzea proposatzen du. Zelaaren arabera, «hezkuntza proiektu oso baten lehen pieza da; denontzako kalitatea du helburu, eta hezkuntza sistema eraldatuko du».

Hala ere, oraindik bide luzea geratzen zaio onartua izateko. Proiektua Kongresura eramango dute, eta, hango  hezkuntza batzordean, luze jo dezake tramitazioak. Zelaaren helburua da hurrengo ikasturterako indarrean egotea, baina ikusi beharko da hala ote den. Ministroen kontseiluaren osteko agerraldian,  Zelaak «oso-oso garrantzitsutzat» jo du hezkuntza sistemak ikasleen arteko berdintasuna bultzatzea, eta horregatik nabarmendu du helburu nagusia ikasleak eurak direla: «Nahi dugu ikasleen artean bereizketarik ez egotea, ez hezkuntza sisteman sartzen direnean, ez eta irteten direnean ere. Ezin daiteke haur bat bereizi arrazoi soziekonomikoengatik edo bestelakoengatik».

Irakasleen formakuntzari begira, Espainiako Gobernuak nahi du irakasle berriek derrigorrez urtebeteko tutoretzapeko praktikak egin behar izatea, «egoki gainbegiratuta». Dena den, Zelaak zehaztu du ezen, legea indarrean sartzen denean, gobernuak urtebeteko epea izango duela neurriok erkidegoekin eta hezkuntza komunitatearekin garatzeko. Zelaaren arabera, jada berrikusten ari dira haur eta lehen hezkuntzan aritzeko behar dituzten graduak eta bigarren hezkuntzan aritzeko egun behar diren masterrak.

Halaber, curriculuma berritu nahi du Hezkuntza Ministerioak: memorian oinarritutako edukiak baino gehiago, gaitasunetan ardaztutako curriculuma nahi dute. «Curriculumak gaitasunean oinarritu behar du gehiago: gauzak jakiten egitea da funtsezkoa, eta ez oinarritzea hainbeste jakintza entziklopedikoan, memorian». Ministroaren arabera, LOMCEk alor horretan gehitu zituen edukiak kendu, eta beste batzuk eransteko asmoa dute. Adibidez, ikasgai guztietan txertatu nahi dute garapen iraunkorraren gaia. 1992ko EAEko hezkuntzaren dekretuan jaso zen figura Madrilen aplikatu nahi du orain, eta curriculuma etengabe gainbegiratzeko institutu bat eratu, erkidegoetako gobernuekin batera lan egingo duena. Dena den, esparru hori ondorengo dekretuetan garatuko dute, erkidegoekin elkarlanean.

Erlijioa ez da derrigorrezkoa

Jose Ignacio Wert ministro ohiak bultzatutako LOMCE legeak errebalidak ezarri zituen, eta polemika handia eragin zuten hezkuntza komunitatean. DBH eta Batxilergo amaieran jarri nahi zituzten, eta titulua lortzeko giltzarria ziren; ez zituzten inoiz martxan jarri, hala ere, sortutako polemikagatik. Zelaak legetik ezabatu nahi ditu orain. Beste bi aldaketa esanguratsu ere badira: erlijioak ez du baliorik izango espediente akademikoan, eta Batxilergoan hautazkoa izango da. Balio zibikoen eta etikoen hezkuntza ezarriko dute lehen eta bigarren hezkuntzan.

2006ko LOE legean bezala, beste hizkuntza ofizial bat duten erkidegoetan —hots, Nafarroa eta EAE—, Madrilek edukien %55 zehaztuko ditu, eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gainerako %45. LOMCEk ez du ehunekorik zehazten, baina Hezkuntza Ministerioak ezartzen du zein diren enborreko irakasgaiak.

Horri lotuta, euskal hezkuntzari eragin diezaiokeen beste proposamen bat ere bada Zelaaren testuan: irakats-hizkuntza ezartzea erkidegoen esku utzi nahi du, eta proposatu du ikastetxeek neurriak hartzea ikasleek hizkuntza ofizialetan «beharrezko maila» badutela egiaztatzeko. Alegia, eskolek bermatzea euskaraz eta gaztelaniaz maila egokia dutela ikasleek. Horrek eragin handia luke euskararen irakaskuntzan; izan ere, gaur egungo azterketen arabera, ia ikasleen erdiek euskaraz ez dute lortzen «eskatutako gaitasuna».

Itunpeko ikastetxeen kasuan, aurreproiektuak zehazten du ikasleak sexuaren arabera banatzen ez dituzten zentroek izango dutela lehentasuna. Sexuaren arabera banatzen dituztenen kasuan, euren hezkuntza proiektua justifikatu beharko dute, eta berdintasunean hezteko zer neurri hartzen dituzten zehaztu.

LABen arabera, «inposizio zaharra»

LAB sindikatuaren arabera, lege proiektu berriari «kolore more eta aurrerakoia eman nahi izan diote, baina horren azpian enbor bereko ezpala besterik ez dago». LABen ustez, egitasmoaren eduki berria «inposizio zaharra» da egiazki, eta ez du balio herri bezala hezkuntzaren erronkei aurre egiteko. «Euskararen ezagutza unibertsala edo euskal kulturaren transmisioa ezinezko egiteko pentsatua dagoen hezkuntza sistema inposatu, eta zentralistak bere horretan jarraitzen du». Era berean, uste du hizkuntza ereduek bere hartan jarraituko dutela edo euskararen ezagutza unibertsala lortzeko beharrezkoa den murgiltze ereduaren hedapena ez da aipatu ere egiten. Gainera, salatu du euskal curriculumari ateak ireki ordez espainiar curriculuma inposatzen jarraitzen duela.

«LAB sindikatua ez dago Madrilera begira, oraingoan ere Madrildik ez delako konponbiderik etorriko», dio sindikatuak, eta horren aurrean erabakitzeko eskubidea exijitu du. «Hego Euskal Herrirako hezkuntzaren eskumen osoa exijitzen dugu».

Save The Children GKE gobernuz kanpoko erakundeak «anbizio handiagoa» eskatu dio Madrilgo gobernuari, batik bat ikastetxeen segregazioan eta 0-3 urtekoen hezkuntzan.  «Egoera kalteberan diren haurrak ikastetxe beretan biltzeak zailago egiten du haien beharrei erantzutea, eta hezkuntza uzteko eta porrot egiteko arriskua areagotzen du». Nahiz eta alor hori aipatu Zelaak bere agerraldian, edukietan neurri zehatzagoak hartzeko eskatu du Save The Children erakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.