Eusko Jaurlaritza, EiTB: ALDATU GIDOIA EUSKARAREN ALDE!

Eusko Jaurlaritza, EiTB: ALDATU GIDOIA EUSKARAREN ALDE!

Started
3 September 2023
Petition to
Eusko Jaurlaritzako
Signatures: 2,671Next Goal: 5,000
Support now

Why this petition matters

Started by Aldatu Gidoia

Ukaezina da kulturak herri kohesiorako duen garrantzia. Eztabaidaezina fikzioak iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza normalizatzeko duen garrantzia. Hala, kezkaz ikusten dugu Jaurlaritzak ez duela euskarazko kulturaren eta euskarazko fikzioaren alde behar beste egiten. EITBn, zineman eta streaming plataformetan gaztelerazko fikzioa da nagusi, euskarazkoak ia tokirik ez duen bitartean. 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eskatzen diogu gidoia aldatzeko euskararen alde, kultura eta ikus-entzunezkoen politikak errotik aldatzeko, euskara erdigunean ipiniz, eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza zabal, duin, eguneratua eta erakargarria urgentziaz osatzeko eta publikoari eskuragarri jartzeko, EITBren euskarri eta leihoetan, eta, EITBz harago, zinema eta streaming plataformetan. Horretarako eskatzen dugu:

1

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5a euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea, biztanleko 9 euro urtean.

Euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko diru-laguntza lerro propioa sortzea, Sailaren urteko aurrekontuaren %5 horren bi herenez hornitua.

Zinema eta plataformetarako edukiak euskarara bikoizteko diru-laguntza lerroa sortzea, Sailaren urteko aurrekontuaren %5 horren heren batez hornitu.

2

EiTBk Euskal Herri osorako jardutea. Ildo estrategikoetan eta eguneroko lanean, Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz izatea; Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako herritarrez gain, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako herritarrei ere euskarri eta ezinbesteko arnasgune bat eskaintzea, euskararako sarbide unibertsala bermatu eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza erakargarria eskuragarri jartzea.

EITBk urtean edukietara bideratutako diru-partidaren %75  euskarazko eduki eta programetara bideratzea. EITBren telebista-kateetan, helduentzako film eta telesailen emanaldien %50 gutxienez euskaraz eskaintzea, eta kuota hori progresiboki handitzea. Primeran plataforman, ikus-entzunezko eduki guztiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzea.

Bi urtetan, haur eta gaztetxoei zuzendutako edukietara bideratutako aurrekontua progresiboki handitzea,  bigarren urtean, egun bideratzen den aurrekontua hirukoiztera iritsiz.

Euskarazko bikoizketa EITBn, urtean 1.500 orduko produkzio-mailara itzultzea. Bikoizketa arloaren prestigioa, kalitatea eta duintasuna zaintzea, profesional eta kolektiboen eskubideak bermatuz. Bikoizketa arloko lan-harremanak erregulatuko dituen hitzarmen kolektiboaren alde lan egitea.

EITBk ikus-entzunezko lanak finantzatzeko darabilen diru-partidaren %75 euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak laguntzera bideratzea.

3

Diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa/ azpidatzi guztiak egokitu eta plataformetara helaraztea, Espainiako Estatuko Ikus-entzunezko Legeak agintzen duen bezala. 

4

Inklusioaren eta hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik, azpidatzien erabilera-politikak diseinatu eta erabilera orokortzea.

5

Zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak iraunkorki promozionatzea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskarazko lanen sustapenerako propio sortutako webgune eta sare sozialetako kontuetan, eta, EiTBren albistegi eta bestelako programetan. Sailetik kudeatutako webgune hori euskaraz ekoitzitako, euskaraz bikoiztu/azpidatzitako edukien erreferentziazko datu-base publikoa bilakatzea. Euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa babestea eta zaintzea.

6

EITBn euskarazko kulturari eta sortzaileei lehentasunezko tokia egitea. Euskarazko kulturari eta sortzaileei EITBn eta zirkuituetan gutxieneko kuotak ezartzea. Euskarazko sortzaile eta interpreteen egoera prekarioari aurre egiteko politika eraginkorrak abian jartzea, duintasunez lan egiteko neurri ekonomiko-fiskal zehatzak ezarriz.

Sareko plataformetan dauden euskarazko sortzaileak eta lanak ikusgarri egiteko politikak abian jartzea. Sare sozial eta plataformetan euskarazko proiektuak sortzeko dirulaguntza publikoak bideratzea. Plataforma horietan euskara hizkuntza-aukera gisa bermatzeko eta euskara hizkuntzaren arabera edukiak iragazteko eta bilatzeko aukera izateko lan egitea.

7

Bideojokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea, bideojokoetan euskararen presentzia bermatzeko.

Euskarazko bideojokoen sortzaileei zein garatzaileei bideratutako berariazko dirulaguntzak abian jartzea, eta kanpoko ekoizleei produktuak euskaratzeko erraztasunak ematea.

Nintendo, PlayStation, Xbox eta sektoreko gainerako puntako enpresen bideojoko kontsolek nahiz gailuek euskara interfaze grafikoan txertatzeko eta bideojoko dendetan euskara etiketa berezituarekin aitortzeko lan egitea.

 

Norbanako eta gizarte eragile guztiei dei egiten diegu bat egiteko 2024ko maiatzaren 18an, larunbata, 17:30ean, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrealdean, euskarazko kulturaren eta ikus-entzunezkoen alde, eta, euskara eta euskarazko kultura oinarrizko eta ukaezinezko zutabe izango dituen Euskal Irrati-Telebista Publikoaren alde egingo den mobilizazioarekin.

 

Support now
Signatures: 2,671Next Goal: 5,000
Support now
Share this petition in person or use the QR code for your own material.Download QR Code

Decision-Makers

  • Eusko Jaurlaritzako