SINADURAK

Arantza Vazquez

LABeko Batzorde Exekutiboko eta Idazkaritza Feministako kidea

Telelana: langileon esplotaziorako eta emakumeok berriro etxera bueltatzeko tresna

2020-06-04

Telelanean ziharduten emakume askok kontziliazio neurriak edota eszedentziak hartu dituzte umeak eta menpekotasuna duten pertsonak zaindu ahal izateko. Telelana atzera pauso itzela izan da emakumeontzat, gure lan eta bizi baldintzak gehiago prekarizatu dira.


 

Argazkia: Daniel Chekalov / Unsplash

Azkenengo urteetan lan munduaren desarautze azkar bat ematen ari da: lan erreforman ezarri zigutenaz aparte, egunerokoa bihurtu dituzte hainbat egoera: behin behineko kontratuak, kontratu partzialak, autonomo faltsuak, ABLEak, txandakako lana,... sistema kapitalistak badaki langileria kateatzen, eta estrategia ezberdinez baliatuta, langilegoaren esplotazioa eta prekarizazioa bultzatzen du. COVIDaren krisiari etekina ateratzeko (kapitalak ez du galtzen, bizitzak bigarren mailakoak dira) beste lan mota bat inposatu digute: Telelana. Langileon esplotaziorako beste tresna bat. Produkzioak ezin du etenik izan, lan orduak nahitaez bete behar ditugu, etxetik zein lantokian, ekonomia da lehentasuna eta horregatik telelana alternatiba iraultzaile gisa saldu digute, etxetik, giltzapeturik eta produkzioaren erantzukizun osoa gure gain hartuz. 

Telelanaren ezaugarriak argiak dira: lan karga handiak, ordutegirik gabe, atseden falta, azpiegitura falta. Ordenagailua eta telefonoa eskura izanda langilea kontrolpean mantentzeko baliabide ezin hobeak dira. Aparatu teknologikoak piztuta ditugu, sukaldatzen, erlaxatzen edo irakurtzen gauden bitartean, edozein momentuan pantailaren aurrean jarri behar gara, ezin dugu deskonektatu. Telelanak bestelako tranpak ditu, hala nola, langilearen isolamendua ematen da, bakartu egiten da, ezin du bere lankideekin elkarlanean lan egin. Desagertzen da. Talde lana, kolektiboa, lankideen babesa eta haiekin egoteak ematen digun ongizatea, langileen eskubideen aldeko borroka kolektiboa eteten da eta langileen arteko harremana bat-batean desagertu egiten da. 

 

«Produkzioak ezin du etenik izan, lan orduak nahitaez bete behar ditugu, etxetik zein lantokian, ekonomia da lehentasuna eta horregatik telelana alternatiba iraultzaile gisa saldu digute»

 

Bestalde, etxeetan sarri ez dugu behar dugun azpiegiturarik gure lantokietan dugun bezala, eta horrek osasun arazoak sortzen ditu. Honek guztiak, estresa, antsietatea, indibidualismoa, desmobilizazioa eta desmotibazioa dakartza. 

Hau guztia ez da kasualitatea, ez zaigu merke ateratzen, sistemaren kolapsoaren zorra langileongan handia da. Telelana sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kolonialista honen beste tresna bat da. Telelanak, gainera, gizon eta emakumeoi ez digu berdin eragiten, hori ere ez da kasualitatea. Sistemaren kolapsoa ez da soilik ekonomikoa, bizitzak sostengatzen dituzten zaintza lanak ezinbestekoak dira logika kapitalistaren erreprodukziorako, eta espazio hori betetzeko emakumeak behar dituzte. Telelana burutzeko aukera izan dugun emakumeok, lan karga hirukoitza izan dugu, konkistatutako lan esparru publikotik bota gaituzte, eta berriz ere 24 orduz langile, zaintzaile eta irakasle izatera behartu gaituzte. Kontziliatzeko aitzakiarekin gure etxeetan kateatu gaituzte. 

 

«Telelanak, gainera, gizon eta emakumeoi ez digu berdin eragiten, hori ere ez da kasualitatea»

 

Bistan denez, sexuaren araberako lan banaketa dago, adibideak anitzak dira: soldatapeko zaintza lanetan aritzen diren emakume langileak, soldata arrakala,...  eta itxialditik aurrera sexuaren araberako lan banaketa are eta ageriago geratu da. Eskolak itxi zituztenean umeak eta langile asko etxera bidali zituzten eta emakumeak lanera bueltatu behar izan zutenean —oinarrizko zerbitzuetan lan egiten zutenak batez ere— sekulako kalapita egon zen umeak nork zainduko zituen zalantzan zegoelako. Telelanean ziharduten emakume askok kontziliazio neurriak edota eszedentziak hartu dituzte umeak eta menpekotasuna duten pertsonak zaindu ahal izateko. Telelana atzera pauso itzela izan da emakumeontzat, gure lan eta bizi baldintzak gehiago prekarizatu dira. Aldiz, ohikoa den bezala gizonak haien lanpostuetara bueltatu dira, eszedentziak eta kontziliazio neurriak ez dira haientzat, ez dituzte beharrezko ikusten. Zertarako? Horretarako gaude emakumeok.

Gure bizitzak prekarizatzen dituen lan erreformak eta neurriak ez ditugu onartuko. Kapitalaren ekoizpenaren alde ez ditugu gure bizitzak kondenatuko, ezta besteren anbizioak ordainduko. Sistema honekin bukatu eta bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema eta lan mundua eraiki nahi ditugu. Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitu dezagun. Goazen lan baldintza duinak eta kontziliazio eta erantzunkidetasun politikak erdigunean jartzera eta zaintza sistema publiko bat borrokatzera. Kapitalaren aurrean, bizitzak. Telelanak ez gaitzala kaleetatik aldendu, ez diezakigula irabazitako eskubideak kendu.