gorka julio
IRLEN SAREA

Barraskilo azkarra

2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Merezi du gaurkoan ere, #TsunamiDemocratic eta #EuskalTsunamiak antolatutako auto ilaren harira, autoetan daukagun eta egongo den teknologiak zer rol joka dezake etorkizunean pentsatzea, ariketa moduan bada ere.

Autoak autonomoak izan aurretik smart edo adimendunak izango dira; jada batzuk badira. Horrek seguruenik sentsore askoren informaziora sarbidea, Internet eta gertuagoko sareetara atzipena, GPS kokapen zehatza izan eta autoak eginiko operazio guztien historiko bat jaso eta informazio hori eskuragarri jartzeko aukera izatea ekarriko du.

Informazio hori zenekin partekatzen den izango da gakoetako bat. Autoak zerbitzu atxiki bat izan dezake erosten dugunean, eta zerbitzua ematen duen enpresa horiek datu horietara sarbidea izango dute edo izan nahiko dute; guk emango diogu seguruenik, autoaren zerbitzu kontratua sinatzearekin batera.

Estatuek ere enpresa horiei datuak eskatzeko, legeak edukiko dituzte. Behartuta edo legeak horrela eskatuta datuak estatuen edo erakunde publikoen esku ere geldi daitezke, beraz.

Azpiegitura horien kontrola dutenek ere izango dituzte zenbait informazio. Auto hori konektatuta egongo denez, sare batera konektatuta egoteagatik soilik, kokapena eta egindako mugimenduen berri eman dezake, une oro, autoa non dagoen adieraziz. Hori jada posible da, ez autoekin, baizik eta gure sakelakoekin bakarrik, azken lege aldaketaren ondorioz. Aurreko eguneko mobilizazioetan, sakelakoa itzalita ez zutenek, bertan egon zirela jakin dezakete, alegia.

Eta auto autonomoak izaten ditugunean, zer? Zeinek erabakitzen du auto horren portaera? Zonalde osoetara sarbidea ukatzeko aukera eduki dezakete? Susmagarri direnei autoa jarraitzeaz gain, blokeatzeko eskumena izango dute? Funtzionamendu autonomoa deskonektatzeko aukera izango dugu edo horrek susmagarri bihurtuko gaitu automatikoki? Muga zeharkatzean legedi berria automatikoki instalatuko digute autoan?

Teknologia kontrolatzen ez dugun bitartean, teknologia kontrolatzen dutenek kontrolatuko gaituzte. Barraskiloak bezala, «mantso goaz, urrun goazelako» dio esaerak. Azkarrak izan eta denboraz pentsatzea eskatzen du horrek, inprobisazioz azkar joan nahi ez badugu, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.