Garde, Lizarralde, Alberdi, Garzes eta Agirre, 2020ko 111 Akademiaren Saria irabazteko bidean

0

AKADEMIAKIDEEK MARTXOAREN 26A BAINO LEHEN EMAN BEHAR DUTE BOST HORIETAKO BATEN ALDEKO BOTOA

2020. urteko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, urtarrilaren erdian martxan jarri eta otsailaren 26ra arte zabalik eduki duena. Lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten obrak ondokoak izan dira:

– Luis Garderen AIREPORTUKO MUSIKA.
– Pello Lizarralderen ARGIANTZA.
– Uxue Alberdiren DENDAOSTEKOAK.
– Idoia Garzesen MENDIKO GAITZA.
– Joxean Agirreren NOBELA ERREALISTA BAT.

Beraz, 2020. urtean euskal literaturak utzitako uzta zabaletik bost horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo bozketa txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak. Martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2020ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke.

Lehenengo bozketa txandan 92 akademiakidek eman dute botoa. Urtero bezala, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dute Akademiako arduradunek, bozketek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketan eta ondoriozko bozketan parte hartzen duten akademiakideen kopurua.

Akademiak, apirilaren azkenean emango du ezagutzera 2020ko 111 Akademiaren Saria.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments