Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

  • Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024ko maiatzaren 06an - 12:30
Azken eguneraketa: 16:49
2012ko argazki bat. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Zendu baino bi urte lehenago, 88 urte zituela, segitzen zuen gizarteari aurre hartzen saiatzen. "Artearen itsaso zoragarriari mililitroa aportatzen saiatzen", esan zion Sustrai Colinari Deabruaren Abokatua atalean, 2012an. Kritikariekin gutxi fio zen, are gutxiago gizarteak "olinpoan" dauzkaten kritikariekin... baina oraindik eta gutxiago fidatzen zen politikariekin: "Politikarien %99k ez du arteaz piperrik ulertzen. Badirudi politikari karneta eskuratzeko baldintza bat arteaz paso egitea dela! Hori bai, gero euren bulegoetan jartzeko lanak erosten dizkizute, lagunen aurrean moderno eta kultu agertzeko".

Elkarrizketa horretan esan zuen titularrera eraman dugun ideia: "Lan serioa oso intimoa da [artistarena], zure burua etengabe proban jartzea, zure intimitatea jorratzea. Munduari leihotik begiratu behar diozu, baina leihoak itxita, hainbeste informaziorekin besteena errepikatzen itota amaitzen duzulako. Horregatik, artistak bere mendearekin haserre bizi behar du".

88 urte zituen elkarrizketa hori eman zuenean, eta adierazi zuen"ezinbestean" eta "sarri-sarri" oroitzen zela heriotzaz, baina horretan pentsatzean "porrot ez egiten" laguntzen ziola arteak. Eta ez zuela beste mundu batean sinesten –"eskerrak, ze berriz faxista madarikatu horiekin topatu beharrak nire onetik aterako ninduke!"–. Bere bizitzako pretentsioa izan zen "etsairik gabe bizitzea". Baina ez omen zuen lortu: "Bildukoa izateagatik jende batek agurra ukatzen dit, baina zer arraio, bere konbikzioekiko zintzoa ez dena txotxongiloa baino ez da".

Elkarrizketa hartan esan zuen abertzale guztiak batzearen aldekoa zela, eta horrela ulertu behar da Gure Esku Dago-ren hastapenetako logotipoa sortu izana. Artista konprometitua izan zen, eta ezagunak dira bere hainbat obra: Bai Euskarari elkartearen logotipo zaharra, 2012ko Durangoko Azokaren kartela, 1512-2012 Nafarroa Bizirik egitasmorako kartela edo Eusko Legebiltzarreko Izaro figura. Eta Ama Lur pelikula, 1968an estreinatu zena; "euskal herritarren protesta itzela izan zen Ama Lur", esan zuen.

"Heriotzak lanean harrapa nazala"

1924an Bermeon jaioa, bi gerrek harrapatu zuten gaztetan. 1936ko gerra lehertu zenean 13 urte zituen. Aita EAJko diputatu izanik, Donibane-Lohizunera ihes egin zuten. Oroitzapenak lau zertzeladetan kontatu zituen ARGIAn 2001eko elkarrizketan: "Jendeen kruze ikaragarri bat zen hura, aurpegi dramatikoekin, hitz egin gabe, denok baikenuen gure istorioa".

Bermeoko etxea arpilatu zieten eta 27 urtez Guardia Zibilen kuartela izan zen. Gerra batetik ihesi Parisa jo, eta han II. Mundu Gerrak harrapatu zituen. Azkenik itsasoratu egin ziren, eta Buenos Airesera iristeko hamazortzi eguneko bidaia behar zuena, 480 egunekoa bihurtu zitzaien. "Itsasontzi barruan jendea jaiotzen eta hiltzen zen. Euskaldunak, espainolak, judutarrak... denetik zegoen".

Alsina baporearen bidaia entzutetsua izan zen hura. Josu Chuecak artikulu honetan jaso zituen detaileak, baita Nestor Basterretxeak eginiko marrazki hau ere:

Gertakizun haiek markatu zuten bere artea eta heriotzarekiko perspektiba, ARGIAko 1990eko elkarrizketan kontatu zuenez: "Gai dramatikoak margotzen hasi nintzen, figura beltzak, gorriak, grisak, nire barruko sufrimendu guztiak kanporatu nahian edo. Konturatu gabe sufritu nuen, urteak eta urteak sufritzen pasa nituen. Asko sufritu dut heriotza dela medio".

27 urte zituela itzuli zen Euskal Herrira. Artearen bidez errealitate gordinari aurre egitea izan zuen hautu, baina errepresentazio hutsera mugatu gabe, 2001eko elkarrizketa honetan azaldu zuenez: "Zuk ikusten duzuna beste era batera sentitzeko gai bazara, logikoa da hori artean aplikatzea. Artista gai da errealitatearen gainean zerbait asmatzeko, errealitatean ez dagoen zerbait, zugan baizik. Zuretzat zeruek ezin dute beti urdinak edo grisak izan, edo zelaiek berdeak. Hor daude zeruak eta mendiak, baina nire zerua eta nire mendiak beste batzuk dira. Artea modu pertsonalean errealitatea diseinatzeko era da. Errealitatetik abiatuta, baina inoiz imitatu eta ilustratu gabe. Zure sentimenduetatik kontatuz".

Basterretxearen bizitzako pasarte gehiago ezagutzeko, ARGIAn jasota ditugunak, hemen kontsulta daitezke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nestor Basterretxea
2022-01-31 | Leire Artola Arin
Euskaldunen kontrako pintaketak egin dituzte Baionako Nestor Basterretxearen eskulturan

Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]


Basterretxean barrena

Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]


Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez
Bizitza iruditan

Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]


2014-08-19 | Judith Perez
Zarautzeko Photomuseumak Nestor Basterretxea omendu du

Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du Zarautzeko Photomuseumak gaur, abuztuaren 19an. Aurten Nestor Basterretxea omendu dute, artistari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.


2014-07-15 | Estitxu Eizagirre
Nestor Basterretxea
Artistaren mila aurpegiak

Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) Euskal Artzainari monumentua… ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena burura.


Eguneraketa berriak daude