Urbanizazio lanak hasiko dituzte Gautxori eremuan

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urt. 17a, 15:28

Iazko martxoan hasi zituzten Uribe Goikoa eta Uribe Behekoa baserriak eta inguruan zeuden lau hangar eraisteko lanak, eta dagoeneko amaitu dituzte; hala, eremua urbanizatzen eta eraikin nagusia izango dena eraikitzen hasiko dira datozen egunetan.

Aldi berean egingo dituzte Gautxori eremuaren urbanizazioa eta eraikin berria. Urbanizazioa egiteko lanek hamahiru hilabeteko epea daukate eta eraikin berria egitekoek, berriz, hemezortzi hilabetekoa. Beraz, 2023ko irailean bukatuta egotea aurreikusten du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile Carlos Garciak. Izan ere, azaldu duenez, aurreikusitako epeak betetzen ari dira, oraingoz, nahiz eta "hainbat arazo" izan dituzten.

Urbanizatzeko lanak hiru fasetan egingo dituzte. "Garaia Parke Teknologikorako sarreran biribilgune bat egingo dute. Hortik sarrera bat egingo dute, Fagor Ederlanen eta gure eraikinaren artetik pasako dena, errekaraino, eta hor bihurgune bat egongo da, errekarekin paraleloan bidea Uribe auzoraino eramanez. Errepideaz gain, espaloia, bidegorria, aparkalekuak eta zuhaitzak egongo dira, besteak beste", adierazi du Garciak.

Hondeamakinak dagoeneko hasi dira eremu horretan lanean.

Bestalde, gaur egun aparkaleku nagusiak hartzen duen leku gehiena hartuko du eraikin berriak, eta orain arte hangar zaharrek okupatu duten lekuan egingo dituzte aparkalekuak, egun dauden 170ak baino 49 gehiago. Beraz, guztira, 219 aparkaleku egongo dira gero.

Ekintzailetasuna bultzatzeko

Urbanizazioarekin batera, esan moduan, eraikin nagusia egingo dute, "etorkizunean Debagoieneko industria sarea berritzea" ahalbidetuko lukeena. Garciak azpimarratu duenez, askotariko espazioak izango ditu eraikin horrek, makina edota tresna berriak probatzeko, nagusiki. "Ekintzailetasuna bultzatzeko erabiliko dugu eraikina; gehienbat, alor praktikoa lantzeko. Beheko solairuan laborategi industrialak egongo dira, altuera handikoak, tamaina handiko gauzak probatzeko. Horrez gain, lokal sozial bat ere egongo da. Lehenengo solairuan beste laborategi berezi bat egongo da, gainazaleko teknologiekin lan egitekoa. Azkenik, bigarren eta hirugarren solairuan, batez ere, proiektu ekintzaileetan ari direnei zuzendutako espazioak egongo dira. Normalean, Garaia Parke Teknologikoan egongo dira pertsona horiek".

Aurreikusten dute 2023ko irailerako bukatzea gunearen urbanizazioa eta eraikin berria

Gainera, eremuan dagoen beste eraikina mantendu egingo dute, "guk hamargarren eraikina deitzen dioguna, Arizmendi Ikastola parean dagoena".

HIREKIN proiektua, Gautxorin

Uribarri auzoko 26.221 metro karratuko esparru horretan gauzatuko da, esaterako, HIREKIN proiektua, "lankidetzaren, ikerketaren eta ekintzailetzaren bitartez emisioak murriztera eta ingurumen helburuak betetzeko irtenbideak bilatzera bideratuko dena", proiektuaren koordinatzaile Roberto Uribeetxeberriak azaldu duenez. Mondragon Unibertsitateak sustatutako proiektua da, eta D2030 egitasmoak lagundutakoa.

Esparruak hartuko duen itxura. Eraikin nagusia, erdian, zuhaitzez inguratuta. (Argazkia: Mondragon Unibertsitatea).

9,5 milioi euroko aurrekontua

Proiektuak, orotara, 9.500.000 euroko aurrekontua du. Batetik, eraikin berria egiteko 6.000.000 euro erabiliko dituzte, eta, bestetik, urbanizazioa egiteko, 3.500.000 euro. Edozelan ere, hainbat laguntza jasotzen ari da Mondragon Unibertsitatea. Espainiako Gobernuak, esaterako, 700.000 euroko laguntza eman zion iaz, eta 2022an 1.000.000 eurokoa emango diola zehaztu du Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaileak (Espainako Gobernuaren dirulaguntza emendakinetan sartu da partida hau, EAJren sostengua lortzeko negoziazioetan). Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, beste 1.000.000 euro bideratuko ditu proiektu horretara, eta Gizabidea fundazioak ere babestu du proiektua. Era berean, 2019ko maiatzeko osoko bilkuran 1.137.000 euroko ekarpena egitea onartu zuen Arrasateko udalbatzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak