EBk su-etena eskatu dio Israeli Gazan, lehenbiziz bost hilabetetan

  • Europar Batasuneko hizkuntza diplomatikoa bederen aldatu egin da Israelekiko, eta martxoaren 21ean eta 22an Bruselan egiten ari den gailurrean, Europar Kontseiluak su-eten eskaera luzatu dio Israeli. Bost hilabete behar izan ditu horretarako, orain arte “eten humanitarioak” bakarrik eskatu izan baititu.


2024ko martxoaren 22an - 10:23

Israelek Gazaren aurka egiten dituen erasoek gero eta alarma gehiago pizten dute munduan barrena, baita Israelgo aliatu fidelenen artean ere, adibidez AEBetan edo Europar Batasunean. Hori dela eta, lehenbiziz, EBk su-eten eskaera egin dio Israeli. Eskatu du aldi berean, palestinarrek bahituak inongo baldintzarik gabe aska ditzaten eta Israelek laguntza humanitarioaren sarrera baimen dezan inongo oztoporik gabe.

EBk eskatu dio Israeli har ditzala neurriak Gazako herritarren lekualdatze handiagoa gerta ez dadin, eta ez dezala hasi Rafah-ren aurkako erasoa, horrek “egungo hondamendi egoera okertu besterik ez lukeelako egingo”. Charles Michel Europar Kontseiluko lehendakariaren esanetan: “27 estatuok izututa gaude Gazako egoerarekin eta zibilen heriotzarekin”.

Josep Borrell EBko diplomazia-buruaren esanetan, “Gazan gertatzen ari dena ez da krisi humanitarioa, humanitatearen porrota baino. Ez da lurrikara bat; ez da uholdea: bonbardaketa bat da. Krisi humanitario hau eteteko modu bakarra da Israelek zibilak gehiago errespeta ditzan eta baimen dezan laguntza gehiagoren sarrera”.

Borrellek aipatu ditu, halaber, paraxuten bidez bideratzen ari diren laguntzak. “Baina ba al dakizue laguntza hori jaurtitzen den lekutik ordubetera badela aireportu bat? Baina itxita dago”. Eta itsasotik sar daitekeen laguntzaz ere berdintsu jardun du: “Itsas-portu bat eraikitzen ari gara eta Ashkelongo portua hor dago, baina itxita”. Salatu duenez, Israelek mugak itxita ditu eta hornigaiak horregatik ez dira Gazara iristen.

Europar Batzordeko ondorioek, halaber, azpimarratu dute UNRWA palestinar errefuxiatuak laguntzeko NBEren erakundeak egiten duen “ezinbesteko lana”. Bitxia da hori, kontuan hartuta, EBko herrialde garrantzitsuenetakoek duela aste batzuk iragarri zutela erakunde hori ez zutela gehiago finantzatuko Israelen salaketa argitu arte. Israelek salatu zuen UNRWAko hamabi langilek urriaren 7ko Hamasen erasoan parte hartu zutela. Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Herbehereak, Austria, Finlandia, Errumania, Estonia, Letonia eta Lituania ziren estatu horiek. EBk, den den, ez zituen diru-laguntzak eten.

Europar Batasunaren adierazpena dena den, eremu diplomatikoari dagokiona besterik ez da, eta oraingoz uko egin dio hitzez edo ekintzez Israeli inongo mehatxu edo ohartarazpenik egiteari. Oraindik ere EBko mandatari gorenek epelkeria handiz aritzen dira Israel ahalik eta gutxien mintzeko, baina europar iritzi publikoari zerbait egiten ari dela adierazteko. “Garrantzitsua da Israeli sostengua erakustea –dio Michel kontseiluko presidenteak–, baina eskatu behar zaio baita ere nazioarteko ordena errespeta dezan”. Urriaz geroztik Ursula von der Leyenek oso aipamen gutxi egin die Gazako zibilei. Ostegun honetako bileraren ondoren egindako adierazpenetan zera aipatu zuen: “Israelek badu defendatzeko eskubidea, baina zibilak babesteko beharra ere bai”.

Segurtasun Kontseiluan ere bai

Ostiral honetan bilduko da NBEko Segurtasun Kontseilua eta, AEBen eskariz, lehenbiziz eskatuko du berehalako su-etena Gazan, eta Israel eta Hamasen arteko bahitu trukaketa eman dadila.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Israeli boikota egitera deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Nakbaren urteurrenean

Duela 76 urte abiatutako Nakbak martxan jarraitzen duela salatu dute hiri eta herri ugaritan. 5.500 euskal herritar inguruk egin dute bat BDZk antolatutako mobilizazioekin. Larunbatean manifestazioa izango da Iruñean, 12:30ean.


Sionistak sabotajeak egiten ari dira Gazara laguntza humanitarioa daramaten kamioietan

Ehunka sionistek eserialdia egin dute Israel hegoaldean, bidea oztopatzeko Jordaniatik datozen kamioiei. Zisjordanian laguntza humanitarioa zeraman konboi bati eraso egin eta produktuak suntsitu dituzte.


Itxialdiak egin dituzte Iruñerriko institutuetan Gazaren alde, nahiz eta Nafarroako Gobernuak espresuki eskatu ez baimentzeko

Astearte gauean Israelen genozidioaren aurkako itxialdia "normaltasunez" egin dute DBH eta Batxilergoko ikasleek Iruñerriko hainbat institututan, ARGIAri kontatu diotenez. Itxialdi horiek egin ez zitezen saiatu da Nafarroako Gobernua, astearte eguerdian... [+]


2024-05-15 | Ahotsa.info
Manifestazio isila egin dute kandelekin Iruñeko kaleak argiztatuz, Palestinaren alde

Gauerdian manifestazio isila egin dute Iruñean, Palestinako herria jasaten ari den genozidioa salatzeko.


Eguneraketa berriak daude