Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena

Jakinek Txillardegiren pentsamenduari buruzko bilduma osatu du, beste bi libururekin

Idazle eta pentsalariak euskalgintzaz eta gizartearekiko konpromisoaz idatzitako hainbat testu bildu dituzte.

Bildumaren aurkezpenaren une bat, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 18a
20:04
Entzun

«Pentsamenduan eta ekintzailetzan», bietan izan zen bide urratzaile Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren arabera: «Bi alde horiek belaunaldi horretako askorentzat lotuta dauden bi elementu dira: pentsatu, sortu, irakurri eta lan akademikoa egin bai, baina miltantzia eta ekintzailetza ikaragarri bat ere bai. Eta, gainera, aldi berean egiten dituzte bi gauzak». Uztarketa hori argi erakusten dute, dioenez, Jakinek bere testuekin osatutako azken bi liburuek: Txillardegi: euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea. Gaur aurkeztu dituzte biak, Donostiako San Telmo museoan, Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurrenaren karietara antolatutako azken ekitaldian. Txillardegiren inguruko bilduma beste bi alerekin handitu du, modu horretan, Jakinek. Idazle, hizkuntzalari eta politikariak langai eta gogoetagai izan zituen auziei buruz idatzitako testuak daude bilduman, gaika banatuta.

Auzi horien artean, hizkuntzarenak Txillardegiren «militantzian» izan zuen garrantzia nabarmendu du Agirrek. Alor horretan izan zuen aitzindaritzak «egiteko modu bat» ere ezarri zuela uste du: «Txillardegirentzat euskararen aldeko gizarte zibila garrantzitsua izan zen, eta gizarte zibil euskaltzalearentzat ere ezinbestekoa izan da Txillardegi». Hain zuzen, gai horri, euskalgintzari, heldu dio aurkeztutako liburuetako batek; bere zabalean hartuta, betiere. Izan ere, Txillardegiren lana, funtsean, «ertz desberdinak ukitzen dituen euskalgintzako lan handi bat» dela uste du Alaitz Aizpuru Filosofian doktoreak eta testuen hautatzaileak.

Zabaltasun hori islatzen du liburuak. Lau azpigaitan daude banatuta testu hautatuak, eta kronologikoki antolatuak atal horietako bakoitzean. Hizkuntzalaritzari buruzko gogoetak datoz lehenengoan. «Ahalegindu gara atal horretan hizkuntzaren aldeko ahalegin hori zenbat lekutatik egin daitekeen eta Txillardegik zenbat lekutatik egin zuen erakusten», azaldu du Aizpuruk. Hizkuntza politikaren ingurukoa da ondorengoa. Txillardegik eredutzat har zitezkeen politiken bila egindako lana erakusten du, eta, hala, hainbat herrialdetako adibideen inguruko hausnarketak jasota daude bertan, besteak beste.

Euskal hezkuntzaren inguruko Txillardegiren idatziak ere badira liburuan, bigarren erditik aurrera. Gai horrek haren lanean «pisu nabarmena» izan zuela zehaztu du Aizpuruk. Alor horretan Euskal Herrian izandako eztabaiden eta horietan Txillardegik izan zuen posizionamenduaren isla ere badira testuak. Ikastolen sorrerari emandako sostengua, euskal unibertsitatearen aldekok lana eta Euskal Herriko Unibertsitateari elebitasunaren alde egiteagatik kritika egin izana erakusten ditu, besteak beste.

Azken azpiatalak, berriz, Gernikako Estatutua (1979) izenpetu ondoko testuak biltzen ditu, eta orduko erakundetze garaiaren ingurukoak jasotzen ditu. Euskararen normalizazio prozesu deiturikoaz ari da hor Txillardegi, baina normalizazio hitzari galdera ikur bat ageri zaio alboan, Aizpuruk azaldu duenez: «Kritika gogorrak egin zituen ustez euskaldunon, euskal kulturaren eta euskararen normalizaziorako herraminta izan behar zutenek —izan komunikabideek, Eusko Jaurlaritza, legediak...— inondik inora ez zutelako beraien helburua betetzen, eta, hain justu, askotan normalizazioari oztopoak jartzen zizkietelako».

Intelektualaren eginkizuna

Beste galdera batek egiten du oihartzun Txillardegi:intelektuala eta gizartea liburuan, Aizpururen arabera: «Zein den intelektual baten betekizuna, herriarekiko harremanean eta bizi den garaiarekiko elkarrizketan». Ideia horrek Txillardegirengan zuen garrantzia existentzialismoak harengan izan zuen eraginak azaltzen duela uste du Aizpuruk: «Existentzialismoaren aldarri edo oinarrizko ideietako bat da gizartearekiko konpromisoa». Horretatik asko zuen, dioenez: «Bere burua intelektual engaiatutzat zuen, eta horren inguruko gogoeta bere bizitzan luzatu zen».

Kezka horren inguruan Euskal Herriko nahiz atzerriko egileekin izandako «elkarrizketak» dira atal horretako testu gehienak, Aizpururen esanetan. «Oinarrian dagoena da, nolabait, bere bizitzari zentzua edo forma ematen zion intelektual konprometituaren ezaugarri horren bilaketa», azaldu du. Txillardegik buruan zebilkien galdera hori egun ere errepikatzen dela uste dute Aizpuruk, eta baita Agirrek ere: «Literatura guztietan, nik uste, eta kultur sistema guztietan egon den eztabaida izan da, garaian garai eta boladaz bolada aldatu arren».

Erantzuna pentsamendua eta eragiletza uztartzea izan zen Txillardegiren eta haren belaunaldikideen kasuan, Agirrek nabarmendu duenez. Unean uneko auziei erantzutea eta gogoeta pausatuagoa elkartu izana ere bada haren ezaugarria, zehaztu duenez. «Auzi edo eztabaida bat sortzen da Euskal Herrian, eta hurrengo egunean, astean edo hilabetean artikulu bat dago. Arnas luzeko pentsalaria da, baina, aldi berean, momentuan gizartean sortzen direnei erantzuten diena».

Horregatik, eta, «urteak alferrik pasa» ez badira ere, garaian idatzitakoek egungorako balio dezaketela uste du Aizpuruk. Propio hautatu ditu «gaurkotasunera ekartzeko heldulekuren bat» duten testuak. Eta, dioenez, izan badute Txillardegi «oso garaikidea» izan zelako eta gaurko «borroka molde, bizi eredu edo bizitza ulertzeko modu askotatik oso gertu dagoelako».

Baina ez horregatik bakarrik. Arrazoi kezkagarriago bat ere ikusten du gaurkotasuna izatearen atzean: «Tamalez, euskal gizarteak eta euskaldunok ez dugu horrenbeste aurrera egin; korapilo, ezintasun eta amets berberetan bueltaka katigatuta jarraitzen dugu». Zentzu horretan, Txillardegik eztabaida horietan esateko zuena aintzat hartzekoa delakoan dago; ez bere horretan harekin bat egiteko, «leku berberei bueltaka» ez ibiltzeko baizik.

Auzi politikoa, ezinbestean

Irakaspenetatik etorkizunera begira jartzeko ahalegina sumatzen da aurkeztutako liburuen hitzaurretan ere. Saioa Rodriguez, Mikel Irastorza eta Igone Lamarain Euskal Herrian Euskarazeko kide ohiak arduratu dira atal horretaz Txillardegik euskalgintzan egindako ekarpenaren gaineko liburuan. Euskararen normalizazioaren bidean egungo une historikoaren garrantzia nabarmendu dute, eta euskalgintzak bidea «abertzaletasunarekin batera egin behar duela defendatu dute: «Guk ez diogu aldarrikapen politikoetan itsu-itsuan aritu behar denik, are gutxiago eguneroko jardunean. Baina erabakiak hartzeko ahalmena baldin bada hizkuntza berreskuratzeko gakoen arteko bat, ez dago iheska ibiltzerik».

Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak egin du, aldiz, Txillardegiren alderdi intelektuala erakusten duen liburuari dagokiona. Euskararekiko jarrera «esentzialismotik —frankismo betean nagusi— existentzialismo ateora mudatu izana» goraipatu dio Ubedak Txillardegiri, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.