Euskararen Etxeko zerbitzuez baliatzeko aukera zabalagoa

2020-02-17

Bilbon kokatutako Euskararen Etxeak hamaika nobedade aurkeztu ditu gaur goizean. Duela 14 urte eratu zen Euskararen Etxea, eta egun eraberritze prozesu batean murgilduta dago.

Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak azaldu dituzte nobedadeen nondik norakoak.

Hasteko, Euskararen Etxeak bere ordutegia handitu du. Egun, astelehenetik ostiralera, etxea 8:00etan zabaltzen da eta 20:00etan ixten da. “Leiho zabalago bat euskara sustatzen ari diren eragileentzat”, nabarmendu du Iurdana Acasusok. Euskararen inguruan diharduten eragileek, hain zuzen, aukera handiagoa izango dute Euskararen Etxean dauden lau aretoak erabiltzeko, besteak beste, jardunaldiak antolatzeko, aurkezpenak egiteko edo batzarrak egiteko.

Aretoetan, halaber, hainbat obra burutu dira, gune horiei ahalik eta probetxu gehien ateratzeko asmoz. Obra horiek lehenengo solairuan egin dira, besteak beste, egokitutako komuna egin da eta soinu-ekipamendu berria instalatu da.

Horrekin batera, Euskararen Etxean dagoen euskararen Interpretazio Zentroko Eskola Programa ere berritu da. “Ikastolen Elkartearekin lankidetzan ondu dugu”, azaldu du Acasusok.

Udan obren bigarren fasea hasiko da: bigarren solairuko obrak egingo dira, eta datorren urtean, hirugarren solairuko lanak hasiko dira, hain zuzen, Lantegi Kooperatiboari dagozkion berrikuntzak. Egun erakunde hauek ari dira lanean  coworking gune horretan: Azkue Fundazioa, Ikastolen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, 111 Akademia eta Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI).

Euskararen Etxeko zerbitzu guztiak eskuragarri daude www.euskararenetxea.eus webgunean. Oraintsu sareratu den webgune berria da, eta bertatik Euskararen Etxeko zerbitzu guztiak kudeatzen dira.

Hi(ZKI)bridoak egitaraua

Euskararen Etxeak, halaber, Hi(ZKI)bridoak izeneko zikloa abiatuko du otsailetik maiatzera bitarte; kultur egitarau horrek literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko ekitaldiak biltzen ditu; Anarik, Itxaro Bordak, Ibon RG-k eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak parte hartuko dute, besteak beste. Ekimenean hainbat eragilek parte hartu dute: Booktegi, Lanku eta Loraldia.

Bost ekitaldi biltzen ditu eta hiru estreinuak izango: Muga Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa; Habiak, Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa, Anari taldeak zuzenekoa joko du; eta azkenik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak aurkeztuko duen Orainminean ikuskizuna, artea eta bertsolaritza batzen dituen bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat.

Lehenengo ekitaldia otsailaren 27an egingo da, Buztinezko etorkizuna, Itxaro Borda irakurketan, Ibon RG musikan Booktegirekin lankidetzan. Hi(ZKI)bridoak zikloak bosgarren ekitaldi bat ere jasoko du, bertso saio literarioa: Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza.

Katixa Agirrek, Euskararen Etxean

Azkenik, eta Booktegik antolatuta, ostegunean, Katixa Agirrek Festa gonbidatua ipuin-bildumaren solasaldi-emanaldia egingo du. Booktegik halaber, liburu hori argitaratuko du egun berean bere plataforman. “Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute”. Ekitaldia 19:30ean hasiko da eta irekia da. Booktegik beste hiru ekitaldi onduko ditu Euskararen Etxean.