Eusko Ikaskuntza 2019 2019-10-17

Xabier Amurizak irabazi du Manuel Lekuona Saria

Xabier Amurizak irabazi du Manuel Lekuona Saria
Sariak euskal kulturarekiko ekarpena eta konpromiso adierazgarria, baita balore unibertsala ere, eta bere lanaren dibulgazioa kontuan edukitzen du.

Bertsolaritzan erreferentea eta berritzailea

"Xabier Amuriza ( Amorebieta-Etxano 1941) bertsolaritzak azken urteotan izan duen loraldiaren protagonista izan da, tradiziotik modernitatea jauzia emanez" nabarmendu du Eusko Ikaskuntzak. Amurizak ahozkotasunean egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzeko bidean berebiziko garrantzia izan du. Horrez gain, bertsolaritzaren mugimenduaren alde egindako lana ere aitortu diote: batetik, bertso eskolak bultzatzen egindako ahalegina, eta bestetik, bertsolarien lana elikatzeko sortutako ekoizpen guztiak.

Irabazlearen hautaketan hiritarrek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute. Sariak euskal kulturarekiko ekarpena eta konpromiso adierazgarria, baita balore unibertsala ere, eta bere lanaren dibulgazioa kontuan edukitzen du.

    Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980an eta 1982an. 1980ko txapelketan, berritasun handia ekarri zion bertsogintzari. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordu artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: estrofa eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso desberdinak. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen. Bera da urte haietako bertso-eskolen eragile eta irakasle nagusia ere. 90eko hamarkadan, plazarik plazako ibilia utzi, eta bestelako formatu batzuk lantzeko ahalegina egin zuen (gai-emailerik gabeko saioak bultzatu zituen).

Xabier Amuriza ekoizle emankorra da, bertsoaz gain beste jenero asko landu dituena. Bertsoa plazaratu eta bertsolaritza hedatzeko era asko frogatu ditu, eta askotan aitzindari izan da: herriz herri bertso jarrien emanaldia (1978-1981), Larehun herri, mila bertso berri argitalpenaren oinarri izango zena; saio integrala bezala bataiatua (1996?-1998?); Xalbador bat-bateko mirakulua (1999); Lazkao-txiki bat-bateko sorgina (1999)....
    Bertsolaritzari iraultza ekarri zion 1981-1982an bere trilojiarekin (Hitzaren kirol nazionala. 1981; Hiztegi errimatua. 1981; Zu ere bertsolari. 1982): "berezkoa"ren mitoa hautsi zuen, bertsoa eskuragarri bihurtu zuen "zu ere bertsolari" esanaz eta bertsoaren barruak azaleratuz. Bertsolaritzaren aro berria erakarri zuela esan ohi da. 1980ko hamarkadako helduen bertso-eskola mugimenduaren sortzaile eta eragile nagusitzat har daiteke. Bat-batean txapelduna (1980 , 1982), bertso-jartzaile maisua, bertsoaren barne egitura ordura arte beste inork ez bezala aztertu eta agertu dituena, bertsolari eta bertsozale askoren eredu ... Bertsolaritza modernoak izan duen figura nabarmenetakoena, erraustezina, ezpairik gabe.


Argitaratutako liburuak
    Bertsolaritzaren historia. 1996
    Bizkaiko Bertsogintza I. Izengabeak. 1995
    Bizkaiko bertsogintza II. Izendunak. 1996
    Emea (nobela)
    Enaz banaz. 1999 (autobiografia/saiakera)
    Hil ala bizi. 1973 (nobela) ("Larraun" ezizenez argitaratua, isilpean)
    Hitzaren kirol nazionala. 1981 (azterlana)
    Hiztegi errimatua. 1981 (azterlana)
    Laurehun herri; mila bertso berri. 1982 (bertso-jarrien liburua)
    Menditik mundura . 1977
    Oromenderrieta. (nobela)
    Zu ere bertsolari. 1982 (azterlana)


Argitaratutako grabazioak
    Anje Duhalde Amurizaren kantari. IZ
    Bizkaiko kopla zaharrak
    Gogor (1969)
    Herriko plazan. IZ
    Lazkao Txiki bat-bateko sorgina
    Menditik mundura. IZ
    Xalbador bat-bateko mirakulua

 

(Erredakzioa)

 

 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra