Albisteak

Albistea

Udako etenaldiaren ostean, Bermesex zerbitzua bueltan da!

-Zerbitzua gaur abiatuko da, 16:00etatik 17:30era 

Bermeon, 2020ko urriaren 9an.- Udako etenaldiaren ostean, Bermeoko Udalak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa emateko Bermesex zerbitzua martxan jarri du berriro. Izan ere, zerbitzua gaur abiatuko da, 16:00etatik 17:30era.

Bermesex, sexuan eta sexualitatearen bizipenean modu onuragarriak bilatzeko zerbitzu publikoa, konfidentziala eta doakoa da. Zerbitzu honen bidez, gazte bermeotarrei laguntzen zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adieraz daitezen, bestearekin harremanak izateko modu onuragarriena bilatzeko. Xede hori lantzeko asmoarekin, gazte, familiarteko eta profesionalekin lan egiten dute.

Bermeoko Sexologia Orientazio Zerbitzua Gizarte eta Kultur Etxean eskainiko da hamabostero. Bermesex zerbitzuko adituak hainbat gairi buruzko orientazioa emango du ostiralero bertan; besteak beste, sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG), antisorgailuak, tabuak eta sexu orientazioa.

Bermesexensexualitateaz hitz egiten da: bikotea, erotika, transexualitatea, desiraren orientazioa, homoak eta heteroak, amodioa, orgasmoak, sexu-nortasun anitzak, hilekoa, tentetzea, lehenengo aldiak, bikote-gatazkak, haurdunaldiak, LGTBIQ+, emakume eta gizon anitzak ahalduntzeko estrategiak, jeloskortasuna, gozamenak, LGTBI kolektiboaren diskriminazio-ezaren aldeko lana, tratu onak...

Gazteria Saileko zinegotzi Alazne Zumetak azaldu duenez, Bermesex zerbitzuaren bidez, “herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adierazi daitezen, horrela, euren adineko beste gazte batzuekin hartu-emanak izateko modu onuragarriena bilatzeko”.

Bere esanetan, helburu hori lantzeko gazte, familiarteko eta profesionalekin lan egiten da. Orientazioa bideratzeko hiru eredu izango dira kontuan: programa eredua, orientazio eredua eta teknologia eredua, hain zuzen ere.

Aurrez-aurreko arreta eta on-line bidezkoa

Zuzeneko arretari dagokionez, hamabost egunean behin, 16:00etatik 17:30era, gazte, senitarteko eta profesionalentzako aurrez-aurreko arreta eskainiko da Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan. Horrez gain, profesionalekin koordinatzeko aukera ereegongo da.

Orientazio ereduaren bidez, profesional ezberdinekin eta familia kideekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza-baliabideen arazoei irtenbideak topatzeko bideak jorratzen dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz.

Bestalde, programa ereduaren bidez, proposamen ezberdinak eraiki daitezke; besteak beste, sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazio kanpainak.

Teknologia berriek, gainera,gazteei zuzendutako aholkularitza ekintzak burutzeko aukera zabalak eskaintzen dituzte; hori dela eta, gizarte sare, korreo elektroniko, skype (bideokonferentziak) eta txat bidezko arreta eskaintzen du Bermesex-ek. Honako hauek dira helbideak:

e-posta: bermesex@bermeo.eus

Skype: orientazio.zerbitzua

Facebook: Orienta Zerbitzua

Twiter: @sexorienta

Telefonoa:644898661 (arreta orduetatik kanpo mezua utzi daiteke erantzungailuan).

09 / 10 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0