"Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean"


2020ko abuztuaren 02an - 15:48
Argazkia: Joseba Zabalza

Vigon jaioa, 1963an. Iruñean bizi da eta Zaragozako Unibertsitateko ikertzailea da. 25 urtez Nafarroako Unibertsitateko irakaslea izan zen, eta unibertsitate bereko Arkitektura Laborategiko zuzendari teknikoa. Espainiako Geologoen Kolegioko ordezkari ohia Nafarroan. Arrisku geologikoak tartean, Esako urtegia ez handitzea aholkatu du eskatu dizkioten txosten teknikoetan eta buru belarri ari da ekonomiaren desazkundearen aldeko lanean. Bereziki aztertu ditu hirietako mugimendu sismikoak.

Diozunez, ekonomiaren uzkurtze hori gertatzen ari da dagoeneko.

Herenegun [ekainaren 24an] esan zuen Espainiako Bankuak datorren urterako %12,8ko atzeraldia espero dela. Askoz datu gehiago dago norabide berean, baina tira, argi dago atzeraldian gaudela. Aspaldi erran dut baliabideen eskasiagatik gertatuko dela hori. Gure antolaketa ekonomikoa, kapitalismoa –eta ez dut hitz hau zentzu txarrean erabiltzen– oinarrituta dago material geologikoen etengabeko hornitzean. Baina planetak aski da esan du, ezin du gehiago eman.

Aspaldi erraten da hori eta hazkundeak jarraitzen du.

2008ko krisiarekin ere atzeraldia egon zen. Baliabide mineralen kontsumoa eta hazkunde ekonomikoa lotuta daude, historian beti izan da horrela, hutsik egin gabe: baliagaien kontsumoa hazten bada, ekonomia ere bai, eta alderantziz.

Zergatik da hain garrantzitsua meatzaritza desazkunde ekonomiko eta ekologikoan?

Gure antolaketa sozial guztiaren oinarriari eusten diolako. Zure telefonoa, koadernoa, boligrafoa, eserlekua, eserleku azpiko hormigoia... sektore ekonomiko guztiak, dena oinarritzen da meatzaritzan.

Lehengai oso garrantzitsuak agortzen ari direla diozu, ez da posible aurrerapen teknologikoekin, eta beraz efizientziaz, baliabide gutxiagorekin gehiago egitea?

Planetak dituen baliabideak ditu, ez gehiago. Energia sortzeko, energia inbertitu behar da, eta petrolio gehien ekoitzi den XX. mendearen erdialdean petrolio upel batekin 100 ateratzen ziren. Historian esklaboak, egurra, bale olioa, eguzkia, haizea... erabili dira energia gisa, baina energia berriak etorri diren bakoitzean, haiek ez dituzte aurrekoak ordezkatu, metatu egin dira eta askoz gauza gehiago ekoiztu da. Gaur egun petrolio upel batekin 15 upel sortzen ditugu. Galdera zera da: gurea moduko gizarte konplexu batek zer energia maila behar du irauteko? Dagoeneko asko ikertu da horri buruz, eta esaten da gizarte honek arazo handiak izango dituela petrolio kupelen harremana 1-10 edo 1-5era jaisten denean. Jevons Teoremak azaltzen digu orain arte eraginkortasunarekin zer gertatu den beti: baliabide bat eraginkorrago erabili denean, haren erabilerak gora egiten du, kontsumoa handitu egiten delako. Makina oso efiziente bat sortzen dugula? Ez da baliatzen energia gutxitzeko, egiten dira halako lau makina eta gehiago produzitzen da. Hori gertatzen da haztera behartua dagoen ekonomian, ez dugu ezagutzen zer gertatuko litzatekeen txikitzen edo hazten ez den ekonomian, baina hor seguruenik bai, teknologiak lagunduko luke energia aurrezten.

Kalkulatuta dago 1-10 edo 1-5 upel harreman horretara iristeko zenbat denbora beharko den?

Ez, baina Nazioarteko Energiaren Agentziaren 2010eko txostenaren arabera, petrolio onaren kontsumo gailurra 2005 eta 2006 artean eman zen. Orduan agertu zen frackinga AEBetan, zeinak kasurik onenean upel harremana 1-8koa eman zuen eta gaur egun ia 1-1ekoa den. Beraz, bai, upelak sartu ziren merkatuan, baina horrek burbuila handitzen besterik ez zuen lagundu, frackingak inoiz ez baitu etekinik eman. Laburtuz, hainbat petrolio mota daude, eta badirudi guztien kontsumo gailurra 2018an eman zela.

Argazkia: Joseba Zabalza

Hala ere, salbuespenak egon daitezkeela ere aipatzen duzu, toki batzuetan BPG handiagoa izan daitekeela horretarako gastatzen den energia baino.

Mundua osotasunean hartuta hori ezinezkoa da, baina hainbat herrialde garatuetan gerta liteke. Hori bai, iruzur eginda. Herrialde baten BPGaren igoera ahalbidetzen duen petrolio edo ikatzaren erretzea beste herrialde batzuetara eramanez lortzen da hori. Herrialde horren klase ertaina birrinduz lortzen da, prozesu industrialak eraman dituzulako Txina edo Indiara. Edo iruzur egiten da zorraren bidez: klase ertainak zorpetzen dira, hauek kontsumitzen dute eta horrek BPG handitzen du. Baina energia hori beste nonbaiten sortu da. Edo sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatzen da: Espainiako hiru aberatsenek estatuko 17 milioi pertsonak adina diru dute: bai, hainbat amarrurekin, BPGk gora egin dezake, baina gero eta gutxiagoen artean banatzen da.

Meatzaritzari dagokionez, ondo kokatuta al dago Nafarroa desazkundeari begira?

Beste herrialdeen antzera. Inoizko izendapen egokienarekin urre beltza deitu dugun petrolio gordina, dagoeneko ez da hain lorterraza eta horrekin egiten da diesel onena, meatzaritza eta garraioaren oinarria izan dena, eta globalizazioa bultzatu duena. 2015etik aurrera nabarmen nabaritu zen lehengai askoren jaitsiera eta urte horretan NBEk bide-orri bat finkatu zuen baliabideen eskasiari aurre egiteko. Orduan sortu ziren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak. Helburu horiei jarraituz, Europar Batasunak dagoeneko egin du bere plana, iragan azaroan aurkeztu zena Nafarroan, EBko ekonomia kontseilariaren eskutik. Hurrengo egunean –ongi koordinatuta daude– Nafarroako Gobernuak eta enpresek aurkeztu zituzten aurrera begira egin beharreko berrantolaketa ekonomikoaren oinarriak.

Eta zein da oinarri hori?

Orain arteko hazkunde ekonomikoaren euskarri izan den laukotea – erauzketa, produkzioa, kontsumoa eta hondakin bihurtzea– bukatu dela. Aipatu plan hauetan guztietan hori zigortu egiten da, energia garbiak bultzatzen dira, ekonomia zirkularra, guztien onerako ekonomia, gertuko hornitze kateak erabiliko dituena.

Finantzak gogor sartu dira meatzaritzaren munduan ere. Kasu zehatz bat ikusteko, kontaiguzu Nafarroan nola izan den.

Geoalkali dugu hemen, bere burua potasen ustiaketan aditutzat jotzen duen Highfield Resources Australiako enpresaren filiala. Enpresa honek ez daki zer den meatzaritza eta izan dituen etekinak beti izan dira burtsa mugimenduei esker, akzioen salerosketarekin; baina lortu du Aemina-n egotea, Nafarroako meatzaritzaren sektorea biltzen duen irabazi asmorik gabeko erakundean.

Izan daiteke berriztagarria behar dugun energia guztia?

Ezinbestean hala izan beharko du, baina ez ingurumenarekiko oso arduratsuak garelako, beste erremediorik izango ez dugulako baizik. Enpresa handiak –Repsol, Cepsa...– jadanik pasatzen ari dira berriztagarrietara, haien ohiko ustiaketak dagoeneko ez direlako errentagarriak. Duela hamarkadak dakigu dieselen erreketaren ondorioz sortutako nitrogeno oxidoak minbizia eragiten dutela, ez da ezer berria. Orain berdez jantzi dira, baina enpresa horiei ingurumena bost axola izan zaie beti eta orain ere bai.

Munduan kontsumitzen dugun energiaren %86 fosila da eta %14 berriztagarria, baina etorkizunean inoiz ezingo da sortu gaur kontsumitzen dugun adina energia berriztagarri, gehienez gaur egun kontsumitzen dugun energia guztiaren %20-30 izanen da. Energia garbiak deitzen ditugu, baina hori ere ez da guztiz egia. Haize-errota bakoitzaren edo eguzki-panel bakoitzaren atzean, euskarri diesela duen meatzaritzan oinarritutako jarduera zehatz bat dago: haize-errotaren palak, errepideak, mendi puntara egiten den garraioa, mantenua... guztiaren atzean dago petrolioa.

Hau da, egungo baliabideen %20-30arekin bizi beharko dugula esaten ari zara?

Bai. Petrolio upel batek energia aldetik egiten duen ekarpena pertsona batek 80 urtetan ematen duen energiaren parekoa da. Humanitatea hasi zenean petrolioa erabiltzen, planetarekiko genuen harreman zirkularra apurtu zen. Energia fosilak erabiltzen hasi ginenean fenomeno berri bat sortu zen: hondakina. Naturan ez dago hondakinik, baina guk sortu ditugun hainbat produktu, baliagarriak ez direnean botatzen ditugu eta kito, plastikoa, CO2... 2040rako-edo esaten da plastiko tona kopurua arrain tonarena baino handiagoa izango dela gure ozeanoetan. Nola saihestu edo gutxitu sortzen ari garen inpaktu hori? Ekonomia txikituz, ez dago beste erremediorik.

Horretarako aldaketa handiak egin beharko dira gizartean.

Eliteek badakite desazkundea saihetsezina dela eta prestatzen ari dira horretarako. Adibidez, egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du autoa, jakina, hori aberatsa izango da. Orduan, bi norabide daude: gerta liteke aberats horiek gero eta txiroagoa den masa handi baten bizkar bizitzea, edo jar gaitezke ados eta baliatu ezinbestekoa den desazkundea aberastasuna hobeto banatzeko. Ekainaren 4an, esaterako, María Mendiluze Garapen Jasangarrirako Munduko Enpresarien Kontseiluko (WBCSD) kidea izan zen Iruñean, eta Nafarroako enpresariei esan zien ezinbestekoa dela hornitze kateak gertuagokoak izatea. Pandemiaren hasieran maskarekin gertatutakoak argi erakusten du zein ahul bihurtzen gaituzten hornitze kate luzeek.

Foro batetik bestera zabiltza. Nola ikusten dituzu Nafarroako Gobernua eta elite industriala egoera honen aurrean?

Estralurtarrak bagina bezala begiratzen gaituzte. Ez ikusiarena egiten da, legealdiak lau urtekoak dira eta ez da epe luzerako neurririk hartzen. Enpresariak? Horiek fede handia dute, inbertitzea besterik ez dute buruan, eta diru-laguntzak nahi dituzte berriztagarrietan inbertitzeko. Gobernuen aholkularitza mundua enpresetako jendearekin osatua dago batez ere, eta horiek interesez josiak daude. Mundu politikoan ere inor ez doa hauteskundeetara esanez desazkundea behar dugula. Podemos sortzear zela, adibidez, hau guztia jarri zitzaien mahai gainean, baina esan zuten hortaz ez zela hitz egingo hauteskundeetan, horrek ez zuela botorik ematen.

Argazkia: Joseba Zabalza

Nola egin daiteke desazkundea modu ordenatu batean eta nola eragingo du gure bizitzetan?

2008tik aurrera desazkundearen eragina oso agerikoa da gizartean. BPGa handitu daiteke armagintza, prostituzioa, drogak eta beste sektore batzuekin gizenduta, baina hori norbere buruari iruzur egitea da. Gure bizimaila etengabe ari da jaisten, duela urte batzuk mileuristak txiroak ziren ia, eta gaur egun ia luxua da. Orain arte ezagutu dugun kapitalismoak eman du berea, baina adi, sozialismoak ere enbor beretik egin zuen hazkunde ekonomikoa. Ez du zentzurik kotxe pila bat egiten jarraitzeak. Oinarrizko errenta unibertsala eta gisakoak ere partxeak dira. Hau da, zein da paradoxa? Hazten bagara planeta suntsitzen dugu eta orduan suntsitzen dugu hazkunde hori posible egiten duen ekosistema.

Zergatik esaten duzu “garraioaren gudua galduta dago”?

Hau grabatzen ari den zure telefonoa BQ markakoa da, ezta? Bada, berez espainiarra da, baina espainiarra bakarrik diseinua da, piezak mundu osoan egiten dira, eta muntaia Txinan. Telefonoa egiteko milaka kilometro egin dira, eta berdin gainerako produktuekin. Hori da globalizazioa. Nola garraiatzen da guztia: gasolioarekin. Ez dago itsasontzi elektrikorik, ezta eolikorik, eta gasoliorik gabe nekez eraman daitezke atzera aurrera egungo produktu guztiak. Zein da arazoa? Petrolio berriak ez direla onak gasolioa egiteko, eta egun ekoizten den gasolioaren gehiengoa garraiora –guztiaren %53– eta nekazaritzara doa. Esaten digute apurka garraioa energia berriztagarrietara iragango dela, baina ezinezkoa da. Gasoilaren gainbehera etengabekoa da, dagoeneko ez da errentagarria eta horregatik uzten ari dira, ez arrazoi ekologikoengatik. Horrek hornitze sareei bete-betean eragingo die. Europan, merkantzien garraioaren %20 trenez egiten da, Espainiako Estatuan %2,6 bakarrik, gainerako dena errepidez, kamioien bidez. Garraio hori guztia –eta berdin nekazaritzakoa– diru publikoz lagundua dago, baina gasolioa gutxitu ahala –2021erako asko nabarituko da– hornitze arazoa gero eta handiagoa izango da. Horren ondorioz izango den garraio sarearen galerak desglobalizaziora garamatza; gure gizarteak konplexutasuna galduko du, eta horrek deszentralizazioa eta deshierarkizazioa ekarriko ditu.

Jar dezakezu adibide bat deszentralizazioarena hobeto ulertzeko?

Espainiako Estatuaren erdigunean bizi dira bizirauteko ezer produzitzen ez duen estatuko biztanleriaren %15. Jakiak, lehengaiak... dena eraman behar da Madril ingurura, energia kopuru izugarriak xahutuz eta Extremadura, Asturias, Galizia eta periferiako ekosistemak txikituz. Noizbait herritarrak ohartuko dira horretaz; alegia, ez dela posible batzuk erabat zaharkitua dagoen Almarazeko zentral nuklearra (Caceres) jasan behar izatea, edo Asturias eta Galizia eukaliptoz betetzea, edo erreka guztietan ur-jauziak eraikitzea Madrilgo “señoritoek” halako bizi maila izan dezaten. Felipe II.enarekin hasi zen eredu zentralista hori eta, orduz geroztik, hazkunde ekonomikoak sostengatu du garraio sarea, baina aurrera begira deszentralizatu beharko da. Oro har, energia fosilekin galdu ziren hainbat harreman humano berreskuratuko dira, hau da, WhatsApp gutxiago eta domino eta karta joko gehiago.

Ezagutzen ez dituzun sare sozialetako 5.000 lagun baino, hobe da gertutasuna, elkarlana eta kontaktu afektibo gehiago izatea. Iruñean badugu Iruña Gerora Fundazioa–, jende askotarikoz osatua eta kontu hauez aritzen gara. Lakabe, Artiedan Arterra eta beste proiektu txiki batzuez ere asko ikasteko aukera izango dugu. Nazioarte mailan hor dago Kuba, 90eko hamarkadako “garai berezian” zaildutakoa eta mundu osoan desazkundea aztertzen dutenen aldetik oso ikertua. The power of the comunity dokumentalean oso ondo ikusten da nola erantzun zion Kubak petroliorik gabe bizi behar izateari. Beraz, badugu non ikasi.

 

Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. Paperean irakurri nahi baduzu, Azokan eros dezakezu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | Z. Oleaga
Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Eguneraketa berriak daude