Ane Arribillaga: “Ikaskuntza gizarte ekintza bat da”

Iruñeko udaberriko eskaintzaren barruan “Diziplina positiboa: zigorrik eta saririk gabeko heziketa eredua” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk. Ane Arribillaga Sagastibeltza Iruñeko Mendigoiti Ikastetxe publikoko zuzendaria da eta duela sei urte hasi ziren bertan Diziplina Positiboa lantzen.

Zertan datza Diziplina Positiboko metodologiak?
Diziplina Positiboko metodologiak 1920. urtean du jatorria eta Adler (Haur psikiatra) eta Dreikursen psikologiaren eskutik sortu zen. Aldarrikatzen zutena haurrekiko eta gazteekiko errespetuzko tratua zen, beti muga batzuen barruan eta permisibitatean erori gabe.

1980. urtetik aurrera Jane Nelsen eta Lynn Lottek metodologia hau sistematizatu, esperimentatu eta konprobatu zuten; eta guraso eta irakasleentzako tailerren bitartez, heziketa eredu honen onurak zabaldu zituzten. Hauen lana gaur egun arte hedatu da mundu osoan zehar.

Gaur egungo heziketa zigor eta sarietan oinarritzen da, gehienbat, eta ez dakigu nola egin beste modu batera. Gure heziketa estiloaren ezagutza beharrezkoa da daukaguna aldatzeko, eta bide berri bat eraikitzeko. Honi erantzuna ematen laguntzen dute Diziplina Positiboak eskaintzen dituen tresna berriek.

Umearen jokabidea ulertzeko eta honen azpian haurrak eraikita duen sinesmena ulertzeko heziketa eredua da. Eta honen helburua bai umearentzat, baita helduarentzat ere garapen pertsonalaren bidean gidatzea da; era positibo eta afektiboan, eta aldi berean era tinko eta atsegin batean.

Mendigoitin noiz hasi zineten diziplina positiboa lantzen?
Mendigoitin duela 6 ikasturte hasi ginen haurtzaroan laguntzeko modua aldatzen. Eskola asko bisitatu genituen pedagogia berritzaile eta errespetuzkoekin.

Pedagogiak hezkuntzari aplikatutako neurozientzian oinarri zientifikoa duela ikasi genuen. Badakigu garunak nola ikasten duen eta horregatik zientziaren ekarpenek izan behar dute eskolan irakasteko oinarria.

Zertan lagundu du?
Ekarpen handienetako bat da ikaskuntza, funtsean, gizarte-ekintza bat dela; emoziorik gabe ez dagoela ikasketarik, eta haurren ongizateak ikaskuntza sakon eta esanguratsua eragiten duela, benetako ikaskuntza. Hezkuntza trenbidea bezalakoa da; errail bat alderdi akademikoa da eta beste erraila akonpainamendu emozionala. Diziplina Positiboak bien arteko oreka ematen digu.

Haurrak beren indarguneen lentearen bidez ikustea da helburua.

Haurrek giro seguruak behar dituzte; beldurrik eta errurik gabe komunikatu ahal izateko; guztion duintasuna zainduz, arazoetatik ikas dezaten, fokua konponbideetan jarrita, errudunak bilatu beharrean.

Laguntzen duen heldua autoritarioa edo permisiboa denean, errespeturik gabea da haurrekin; eta horrelakoetan haurrak ezin du barne-antolamendua eraiki, autonomian, autoestimuan, autoerregulazioan, aukeratzeko eta erabakitzeko gaitasunean, autodiziplinan eta erantzukizunean hazteko.

Mendigoitin adeitasunaren eta irmotasunaren aldeko apustua egiten dugu aldi berean. Harremanak errekonozimenduan eta afektuan oinarritu behar dira, baita arauen eta mugen argitasunean ere.

Beste apustu bat lankidetzan lan egitea da. Haurrei galdetu eta entzun egin behar zaie, eta ez menderatu eta inposatu. Lankidetzaren alde egiten dugu.

Eskolan, akatsetatik ikasteko aukera izan behar da. Fokua akatsetatik kendu behar da. Etiketa mugatzaileak baztertu eta indarguneetatik eraiki behar dugu.

Adoreari balioa ematen saiatzen gara. Dreikursek esaten zuen gaizki portatzen den ume bat ume adoregabea dela. Animatzea eta adore ematea da kontua. Diziplina positiboak portaeraren atzean zer dagoen ulertzen laguntzen digu. Portaera izozmendiaren punta da. Horren azpian, kide izateko eta garrantzitsua eta baliotsua sentitzeko beharra dago; lagundua izateko beharra. Haurrek laguntza eta ulermena behar dute, ez zigorrak; eta, horretarako, portaera horren atzean dagoena deszifratu behar dugu; haurrak bidaltzen digun ezkutuko mezua aurkitu behar dugu.

Diziplina positiboak komunikaziorako trebetasunak ere ematen dizkigu. Garrantzitsua da nahi duguna esatea, eta ez hainbeste nahi ez duguna. Positiboan ikastea da helburua.

Eta gero familiek komunitatearen parte izateko duten eskubidea dago. Eskola-komunitateko kide guztien kidetza eta garrantzia bermatu behar dugu.

Zer eratan landuko duzue gaia ikastaroan?
Saioak aktiboak izanen dira; oinarri teorikoa, azalpenak, Diziplina Positiboaren heziketa eredua bizitzeko dinamikak, eta ikasgelarako eta bizitzarako jardunbide egokien adibideak tartekatuko dira. Trebetasun pertsonalak edo sozialak garatzera bideratua dago.

Zein da azken helburua?
Diziplina Positiboa hezkuntza bizitzeko modu bat da, gure seme-alabekin eta ikasleekin harreman maitekor eta ulerkorragoak garatzen laguntzen duena.

Pertsona hobetzeko metodologia itxaropentsua da. Bere helburu nagusia haurtzaroari laguntzen diogun pertsonen hausnarketa, prestakuntza eta konpromisoa da; bizitzarako trebetasun sozioemozionalak modelatuz eta irakatsiz harremanak eraikitzeko.

Helduak bere burua ezagutzeko aukera bat da; helduaren abileziak eta trebetasunak hobetuz, haurrengana iristeko metodologia bat baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude