45 urte ikurrinaren abaroan

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 19a, 13:16

1977ko urtarrilaren 19an ikurrinak zintzilik zituztela esnatu ziren Euskal Herriko dozenaka balkoi. Francoren diktaduran legez kanpokoa izan ostean, urte hartako urtarrilaren 18an legeztatu zuen Espainiako Barne Ministro zen Martin Villak. Gizarteko hainbat sektoreren eskaerei bide emanez, Bergarako Alkate Taldea izenpean bildu ziren alkate eta zinegotzi abertzaleek ireki zuten legeztatzearen bide politikoa; hauek izan ziren, hain zuzen, Villaren erabakia lehen pertsonan ezagutu zutenak. Eta izenak adierazi bezala, tartean ziren debagoiendarrak.

1936ko urriaren 19an, Jose Antonio Agirre buru zuen Eusko Jaurlaritzak legeztatu zuen lehen aldiz ikurrina. Ez luzerako, ordea. Hiru urte iraun zuen Espainiako Gerra Zibilaren ostean, eta Frankisten garaipena tarteko, euskal nortasunarekin eta Euskal Herriarekin zerikusia zuen edozein adierazpenen aurkako jazarpen eta errepresioa jarri baitzuen abian Francisco Francok. Tartean, ikurrina legez kanpokoa zela ebatzi zuen diktadoreak.

Ia lau hamarkadaz ezkutuan izan ostean, diktadorearen heriotzak eta garai politiko zein sozial berrietarako euskal gizartearen eskaerek sinboloaren aldeko aldarria ekarri zuten besapean. Hainbat izan ziren, maila sozialean, ikurrinaren alde egin ziren keinuak; ezagunenetakoa, akaso, Reala eta Athletic, Kortabarria eta Iribar kapitainak buru zirela, Atotxan jokatutako euskal derbian ikurrin batekin zelairatu izana. 1976ko abenduaren 5a zen.

Kortabarria eta Iribar, Atotxako berdegunean ikurrina eskuan dutela.

Bergarako Alkate Taldea

Bide politikoan eragiteko nahia zutenek, baina, ez zuten futbolarien argazki hark izan zuen oihartzun mediatikora arte itxaron. Goienak mugimenduaren sorreraren data zehatzik bildu ezin izan duen arren, 1976ko udaberrirako mugitzen hasiak ziren hainbat alkate eta zinegotzi abertzale. Tartean ziren, besteak beste, Bergarako eta Arrasateko alkateak; Jose Luis Elkoro eta Jose Antonio Altuna, hain zuzen.

Gizarte presioak eraginda, Bergarako Alkate Taldea kolektiboa osatu zuten, eta 1976ko uztailaren 21erako jarri zuten indar erakustaldia egiteko hitzordua. Orduko hedabideen arabera, Bergarako Plazan 5.000 pertsonatik gora elkartu ziren bost aldarrikapenekin: ikurrinaren legeztatzea, alderdi politikoen legeztatzea, amnistia, euskararen koofizialtasuna eta foruak berriro ezartzea.

Bergarako Alkate Taldearen uztailaren 21eko adierazpeneko une bat, Jose Luis Elkoro Bergarako alkatea hitza hartuta dela.

1977ko urtarrilaren 18a

Prozesua gorpuzten eta indarra hartzen joan zen 1976ko azken hilabeteetan, eta Etxarri Aranatzeko udaletxeak Euskal Herriko udaletxe guztiak deitu zituen 1977ko urtarrilaren 16an. Helburua: aipatutako gaiak lantzeko biltzar ireki bat egitea, erabaki bateratuak hartu eta bidea nola urratu adosteko. Espainiako Barne Ministro zen Martin Villak legez kanpokotzat izendatu zuen, baina, batzar hura, eta Guardia Zibilen eta polizia armatuaren kontrol zorrotzek galarazi egin zieten kanpoko alkate eta zinegotziei bertaratzea. Etxarriko Udaleko osoko bilkura batera mugatu zen ekimena.

Villak berak, ordea, hitzordua jarri zien Bergarako Alkate Taldeko kolektiboko kideei bi egun geroagorako. Ordezkari gisa, bost alkate hurbildu ziren Madrila urtarrilaren 18an: aurrez aipatutako Elkoro bergararraz eta Altuna arrasatearraz gain, Azkoitiko alkate zen Juan Inazio Uria, Hernaniko alkate zen Inazio Iruin, eta Oiartzungo alkate zen Iñaki Aristizabal. Gainerako lau aldarrikapenak baztertu, eta ikurrinaren legeztatzea izan zuten soilik hizpide.

Hartu emanen ostean, honakoa ebatzi zuen Villak: ikurrina Espainiar Estatu osoan legeztatzea, udaletxetako balkoietan Espainiako banderarekin batera eskegi behar izatearen baldintzarekin.

Bergarako Plaza, 1977ko urtarrilaren 19ean, ikurrinak udaletxeko balkoian direla.

Ikurrinak udaletxeetan

Berehala izan zuten erabakiaren berri Euskal Herrian, eta noiz eta nola ikurrina jarri bihurtu zen eztabaidagai; esaterako, Donostiako Udaletxean San Sebastian egunaren hasieran egiten den banderaren igoeran ikurrina balkoian jartzeko ideia zabaldu zen. Bergarako Alkate Taldeak, baina, ez zuen begi onez ikusi lehen agerpen publikoa Gipuzkoako hiriburuan izatea, antza, aldarrikapenetan izandako inplikazio ezagatik. Ondorioz, Euskal Herriko udaletxeetan ezohiko batzarrak deitu zituzten urtarrilaren 18an bertan, arratsaldeko 19:00etan.

Zaila da jakitea, zehazki, zein udaletxetako balkoitan jarri zen legeztatu berri zen lehen ikurrina. Hainbat iturrik Legazpin jarri zela diote, 19:30etarako onartu baitzuen udalbatzak mozioa. Bergara ere lehenengotarikoa izan omen zen, 19:50ean erregistratu baitzen akta eta ondorioz, ikurrina eskegitzea. Arabako lehena, berriz, Aramaio izan omen zen.

Egun gutxian, eta kontrako iritziak baziren arren, Euskal Herriko udaletxe eta balkoi gehienetan jarri ziren ikurrinak, 45 urtez bailarako hainbat balkoiri abaroa eman dieten ikurrinak.

Donostiako Konstituzio Plazan (udaletxea garai hartan), San Sebastian eguneko banderaren igoerarako jarri zen ikurrina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak