Onintza Enbeita.
BIRA

Debalde

2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Zenbat mesede eskatu dizkizute konfinamendu honetan?», galdetu dit kalean. «Zenbat jendek deitu dizu bertsoak eskatzeko? Debalde?». Askok. Eta ezinbestean ulertu dut haren mina. Gauza bat baita ezagutzen gaituen norbanako batek mesede bat eskatzea eta beste bat atzean erakunde bat daukan norbait izatea eskean dabilena, adibidez. Izan ere, erakundeek, komunikabideek edo instituzioek ez lukete mesede pertsonalen bidez funtzionatu behar. Pandemiak utzi duen haserreetako bat sortzaileoi musu truk eskatzearena izan da. Eta diruaz hitz egiten duen oro arratoitzat hartzen den herri honetan, bakoitzak irentsi ditu bere zapoak, eskatzeko modu txarrak, errespeturik gabeko formak... eta diruak gai tabua izaten jarraitzen du euskal oasiaren eternitatean. Hori bai, inork ez dio eskatuko medikuari, abokatuari, ingeniariari edo kultur teknikariari haren orduetatik kanpo debaldeko lanik egiteko. Onartuta daukagu gauza batzuk ordaindu egin behar direla, beti; baita garai gogorrenetan ere. Eta onartuta daukagu beste gauza batzuk ez direla inoiz ordaindu behar; ezta garai onetan ere. Azkenean gure amak arrazoi: debalde goseak hil zuen, baina hura lurperatzeko ordaindu egin behar izan zuten. Euskaraz ez du errimarik, baina sortzaileon errealitatea ederto baten erakusten duen esamoldea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.