Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

  • Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen galbahea egiten du.

"Nola ez du mereziko? Giza eskubideez ari gara, justizia sozialaz, bizimodu duina eraman ahal izateaz". Argazkia: Irekia.eus

2024ko apirilaren 24an - 06:20

Jaioberriaren orpoan zizta eginda ateratako odol tanta batzuekin, gaitz arraroak antzematen ditu galbahe neonatalak, asko metabolismoari lotuak, eta proba horren bidez gaitza aztertu ala ez inportantea da, berau antzeman eta behar den tratamendua ezarri ahal izateko. Probak zein gaitz aztertu, gutxieneko kopuru bat ezarria du Espainiako Gobernuak, eta hortik aurrera erkidego bakoitzak erabakitzen du zerrenda. Uneotan Espainiako Gobernuaren gutxienekoa 11 gaitz da eta hurrengo urtean zerrenda 22ra zabalduko duela adierazi du. Beraz, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi egindako iragarpena zaharkitua eta eskas geratu da: Osakidetzak orpo-proban antzeman daitezkeen gaitzen zerrenda hamabitik hamalaura igo berri du, baina 22ra zabaldu beharko du datorren urtean. Nafarroari aldiz, motz geratu zaio Madrilgo agindua, gutxieneko kopurua gainditzen baitu: 30 gaitz behatzen ditu Osasunbideak, orpo-probaren bidez.

Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak ezarritako galbahe kopurua dute oinarri: hamahiru baino ez.

"Gaitz hauek antzematea oso erraza da eta jaio bezain pronto eginez gero, epe luzera onura ikaragarria da "

Probak ahalbidetzen duen kopuru ahalik eta handiena aztertzea hartu beharko litzateke oinarri, Euskadiko PKU eta Beste Nahasmendu Metabolikoen Elkarteko presidente Sergio Villanuevaren esanetan. Nahasmendu metabolikoen elkarteek Italia jartzen dute adibide: legez ezarria dute 48 arazoren galbahea egin behar dutela proba neonatal honen bidez.

Gaitz arraroak izanik, kopuru absolututan eta portzentajetan gutxitan ematen diren gaixotasunak dira, “baina horiek antzematea oso erraza da eta jaio bezain pronto eginez gero, epe luzera onura ikaragarria da”, nabarmendu zion ARGIAri Villanuevak. Azken finean, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeaz ari gara, eta are gehiago, gaitza garaiz antzematea hil ala bizikoa izan daiteke, zenbait kasutan. “Hainbat patologia identifikatzeko erreminta potentea da bahetze neonatala, eta halako prebentzio neurriak indartzea da mundura etorri berri direnen etorkizuna hobetzea, bizitza urte gehiago eta hobeak ematea”, adierazi du Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak.

“Bizimodu duina eraman ahal izateaz ari gara”

Sergio Villanuevaren arabera, orpo-proban gaitzen zerrenda ez handitzeko Eusko Jaurlaritzak darabilen arrazoia da arazo horiek herritarren artean duten prebalentzia oso txikia dela, ezohiko gaitzak direla, eta “kasu gutxi direnez, ez duela merezi umeak gaitza ote duen aztertzea. Baina kasu gutxi badira ere, kontuan hartuta apenas duela kosturik galbahea handitzeak, eta batez ere arazoa garaiz antzematearen onura oso handia dela, nola ez du mereziko? Giza eskubideez ari gara, justizia sozialaz, bizimodu duina eraman ahal izateaz”.

Galbahea handituta, probaren barruan kontuan har daitezkeen arazoetako batzuek ez dutela tratamendurik eta ez dutela konponbiderik, administrazioak hori ere argudiatzen duela kontatu digu Villanuevak. “Halakoetan ere, familiak jakitea beren umeak zein arazo duen eta etorkizuna zein izango duen, ez da gutxi”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Pantailarik gabeko aisialdiari ekin diote 1.553 ikaslek Ipar Euskal Herrian

Hamar egunez, aisialdi orduetan telebista, bideo-joko eta smartphoneak alboratuko dituzte gutxienez 1.553 ikaslek, Ipar Euskal Herrian. Helburua lortzeko, pantailarik gabeko alternatibak diseinatu dituzte aisialdirako, denok bat eginik deskonexio digitala errazagoa dela... [+]


"Hiperproduktibitatea barneratua dugu, kostatzen zaigu mugak jartzea"

Estresa, nekea, antsietatea eta beste dira sisifemiak eragiten dituen zenbait ondorio.  Esanahiaz, jatorriaz eta prebentzio neurriez mintzatu da Ziortza Karranza psikologoa.


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


Endometriosia
"Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara"

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Eguneraketa berriak daude