23. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

260/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita apirilaren 4ko 1156/2018 Ebazpena, haren bidez onetsitako lanpostu kopurua eta deialdian sartzen diren espezialitateak handitzeko. Ebazpen horren bidez onetsi ziren, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, maisu-maistren kidegoko karrerako langile funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 4ko 1156/2018 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, maisu-maistren kidegoko karrerako langile funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura.

Ebazpen hori 2018ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 17koan, eta maisu-maistren kidegoko 73 lanpostutarako deialdia egin zuen.

Martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2013ko, 2014ko eta 2015eko enplegu publikoaren eskaintza onetsi zen. Lanpostu hauek eskaintza hartan zeuden.

Maisu-maistren kidegoan sartzeko probak 2019ko ekainean egitea aurreikusten bazen ere, beharrezkoa izan zen 73 lanpostu horien deialdia egitea une hartan, egin izan ez balitz galduko ziratekeelako, hiru urte pasatu zirelako, eta Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak ezartzen baitu hiru urteko muga lan publikoaren eskaintzan sartuta dauden lanpostuen deialdia egiteko.

2018. urtean, ekainaren 6ko 44/2018 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2018ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, unibertsitatez kanpoko irakasleentzat, ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari zegokiona.

Foru Dekretu hori 2018ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 7koan, eta maisu-maistren kidegoko 430 lanpostu ageri ziren.

Geroago, abenduaren 12ko 101/2018 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, unibertsitatez kanpoko irakasleentzat, uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari zegokiona.

Dekretu hori 2018ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 20koan, eta maisu-maistren kidegoko 169 lanpostu ageri ziren.

Kontuan harturik Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak ezartzen duela Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuan ari diren langileen bitartekotasunaren tasa ehuneko zortzitik behera jaistea nahitaezkoa dela, eta irakasleen egonkortasuna enplegu publikoan hezkuntza sistemaren kalitatearen gakoetako bat dela sinetsirik, ezinbestekotzat jotzen da ekainaren 6ko 44/2018 Foru Dekretuan eta abenduaren 12ko 101/2018 Foru Dekretuan dauden maisu-maistren kidegoko lanpostuak erabiltzea, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 4ko 1156/2018 Ebazpenaren deialdiaren lanpostu eta espezialitate kopurua emendatzeko.

Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 9.3 artikuluak, irakasleen kidegoetan sartzeko, igotzeko eta espezialitate berriak lortzeko prozeduren oinarriak eta deialdiak aldatzeari buruz ari denean, ezartzen du ezen “Nolanahi ere, deitutako lanpostu kopurua handitzen denean bakarrik, ez dela aginduzkoa izanen eskabideak aurkezteko epe berririk irekitzea, salbu deialdian jaso gabeko espezialitate bateko lanpostu hutsak gehitzen badira”.

Artikulu horrekin bat etorriz, eta kontuan harturik handitze honek eragiten diola deialdiko lanpostuen kopuruari, baina baita deialdiko espezialitateei ere, beharrezkoa da eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea.

Beste alde batetik, Hezkuntza Departamentua lantzen ari den berrikuntzen artean, honako hau dago: lehen aldiz, irakasleen kidego batean sartzeko, hautaprobetan izena emateko tramitazio elektronikoaren sistema erabiltzea.

Hori horrela, 2018ko azaroan eta abenduan departamentuak digitalizatu egin du apirilaren 4ko 1156/2018 Ebazpena argitaratu zenean prozedura honetan izena eman zutenen dokumentazioa. Honela, prozeduran izena emanda daudenek ez dute izena eman behar berriro. Dokumentazio berria aurkeztu nahi badute, edo oraingo deialdian ageri diren espezialitateetako batean izena eman nahi badute, orduan izen-emate telematikoaren bidez egin beharko dute.

Sistema honen ezarpenarekin koherentzia gordez, halaber, bidezkoa da apirilaren 4ko 1156/2018 Ebazpena aldatzea; horrela, programazio didaktikoa, orain arte probak hasi baino lehen izangaiek aurkeztu behar zutena ekintza presentzial batean, zuzenbidez onartuak diren bideetako edozein erabiliz, aurkezpen telematikoa barne, aurkezten ahalko dira. Bidezkoa da, halaber, epe zehatz bat jartzea programazio didaktikoak aurkezteko.

Azkenik, bidezkoa da ezartzea zer egunetan hasiko diren egiten oposizio aldiko probak, izangaiek beroriek ongi prestatzen ahalko dituztela bermatzeko.

Esandako guztiagatik, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 4ko 1156/2018 Ebazpena aldatzea, haren bidez onetsitako lanpostu kopurua eta deialdian sartzen diren espezialitateak handitzeko. Ebazpen horren bidez onetsi ziren, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, maisu-maistren kidegoko karrerako langile funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura. Lanpostu kopurua, guztira, honako hau izango da:

ESPEZIALITATEA

IREKIA

DESGAIT.

GUZTIRA

Haur Hezkuntza (gaztelaniaz)

38

3

41

Haur Hezkuntza (euskaraz)

44

3

47

Lehen Hezkuntza (gaztelaniaz)

71

7

78

Lehen Hezkuntza (euskaraz)

68

7

75

Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa (gaztelaniaz)

17

1

18

Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa (euskaraz)

17

1

18

Gorputz Hezkuntza (gaztelaniaz)

57

2

59

Gorputz Hezkuntza (euskaraz)

20

1

21

Musika (gaztelaniaz)

24

2

26

Musika (euskaraz)

11

1

12

Pedagogia Terapeutikoa (gaztelaniaz)

81

7

88

Pedagogia Terapeutikoa (euskaraz)

28

2

30

Entzumena eta Hizkuntza (gaztelaniaz)

48

4

52

Entzumena eta Hizkuntza (euskaraz)

19

1

20

Euskara (Nafarroa)

53

5

58

GUZTIRA

596

47

643

2. Hautaproben hasiera-eguna 2019ko ekainaren 22a, larunbata, izango da.

3. Eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, 20 egun naturalekoa, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Hautapen prozedura honetan lehendik izena eman duten pertsonek ez dute berriz izena eman beharko, ez bada hasieran deialdian ez zegoen espezialitateren batera aurkeztu nahi direla.

Halaber, prozedura honetan dagoeneko izena eman dutenek beren merezimenduak frogatzen dituen dokumentazio berria aurkezten ahalko dute izena emateko epe berria amaitzen den arte.

5. Deialdian lehen aldiz izena ematen dutenek, baita izena emanda egonik, izena emateko epe berria amaitzen den arte beren merezimenduak frogatzen dituen dokumentazio berria aurkeztu nahi dutenek ere, nahitaez modu telematikoan egin beharko dute, interneten bidez, Nafarroako Gobernuaren Atariaren bidez: http://www.nafarroa.eus.

Halaber, eskabideari erantsi beharreko merezimenduak ere modu telematikoaren bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidean, eta deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz.

6. Deialdiak aipatzen duen programazio didaktikoa Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (San Domingo kalea z.g. Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Edonola delarik ere, programazioak hona bidaliko dira: Giza Baliabideen Zerbitzuaren Deialdien Atalera (Santo Domingo kalea z.g. Iruña) eta 2019ko maiatzaren 13tik 31ra (biak barne) doan epearen barruan aurkeztu beharko dira.

Programazio didaktikoa epe horren barruan aurkezten ez dutenak prozeduratik kanpo geldituko dira.

7. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 22an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Iglesias Álvarez.

Iragarkiaren kodea: F1901129