Garaipen gazi-gozoak

Gure kuadrillan, gazteagotan, askotan komentatzen genuen galtzera ohituta geundela. Hamaika gatazka txiki zein handitan murgilduta ibili ginen, ia beti arrazoiz jantzita eta irudimen handiz, baina gehienetan galdu. Pentsa! Guggenheimen aurkako plataforman aritu ginen Guk geuk ein leloa aldarri. Eta okupatu genuen gaztetxea zahar-egoitza da egun. Lagun batek esaten zuen moduan... “galduta ere hain ondo pasa eta hainbeste ikasten dugu... irabaztea laostiatik gorakoa izan behar da!”.

Inguruan beti izan dira borrokatzea merezi ez duela pentsatzen dutenak. “Galtzeko, gainera? Ze nezesidade!”. Baina ilusioak partekatzeak, lorpen txikiek dakartzaten satisfazioak, porrotak partekatzeak, zauriak elkarri sendatzeak... Horrek aberasten gaitu, azken finean; horrek betetzen digu motxila.

Dispertsioaren aurkakoak, adibidez, bizitza erdia bete digu. Zenbat ekimen? Gogoan dut Arantzazun 800 pertsonak gose greba egin genuenekoa. Gure herriaren tamaina kontuan hartuta, ikaragarria! Astebetez hainbeste pertsona, hain leku esanguratsuan baraurik... Ez ginen inon agertu. Telebistetan, irrati eta egunkaritan... zero, betikoek salbu.

Guk jarraitu dugu, zutik diren bitartean behintzat, espetxeetan euskara modu ofizialean emateko aldarrikatzen. Eta halako batean hori ere lortu!

Baina, garaipen handiak eskuratu bitartean, zirrikituak bilatzen ere trebatu gara. Dispertsioak sortzen zituen ondorioetako bati irtenbidea emateko, 60 bat irakasle aritu ginen euskara klaseak ematen, presoak banaka hartuta, gutun bidez, telefono deiren bat akaso, bisitaren bat... Emaitzak itzelak izan ziren, pertsonalak (barrukoentzat zein kanpokoentzat) eta akademikoak. Euskara murruetako zirrikituetatik sartzea lortu genuen. Gure aldarria, orduan, bideratu genuen ikasketa horiek ofizialtasuna eskuratzera. Ikasleentzat onura handiak ekarriko zituen eta, gainera, erabat justua zen.

Baina horretan ari ginela, garaipen handietako bat heldu zen! Dispertsioa amaitu! Ohiturarik ez dugu eta kosta egin zitzaigun guztioi ere sinestea. Klaseak bertatik bertara eta taldeetan ematea eskatu genuen. Eta baietz; ikasketa ofizialak ez, baina bertatik bertara, ikasleak “ezagutzeko” eta ukitzeko aukera eta guzti! “Ostia, irabazten ohitu beharko?”.

Guk jarraitu dugu, zutik diren bitartean behintzat, espetxeetan euskara modu ofizialean emateko aldarrikatzen. Eta halako batean hori ere lortu!

Garaipen gazi-gozoa, baina. Izan ere, ikasleak ezagutu eta orain are gehiago maite ditugunean, atea itxi zaigu. Orain euskaltegietan nahi ditugu. Batzuk barruan hasitakoa amaitzen, beste batzuk bisitan eta beste batzuk lankide. Aldarrian jarraituko dugu, orain ondo baitakigu irabaztea laostiatik gorakoa dela.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude