Euskararen Ginkanaren seigarren edizioak hizkuntza praktika ekologikoak izango ditu oinarri

Euskararen Ginkana aurkeztu dute
KUTXA
Actualizado: miércoles, 16 enero 2019 13:26

   DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Kutxa Ekoguneak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean egiten duten Euskararen Ginkanaren seigarren edizioak hizkuntza praktika ekologikoak izango ditu oinarri. Lehiaketa urtarrilaren 23an hasiko da, taldeek burutu beharreko bost probetako lehenengoarekin, finala martxoaren 9an izango da, eta irabazleek 3.000 euroko saria jasoko dute euskarazko proiektu bat sustatzeko.

   Donostian asteazken honetan egindako aurkezpenean gogoratu dutenez, aurreko urteetan ere, euskara erdigunean izanik, hizkuntza ekologia eta hizkuntza aniztasunaren gaiak landu izan ditu Euskararen Ginkanak, taldeek burutu beharreko probak gai horietan oinarrituz. Ekoguneko Itsaso Olaizolak eta Euskaltzaleen Topaguneko Itsaso Lekuonak aurkeztu dute aurtengo edizioa.

   Euskararen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiarekin lotutako taldeen artean zabaldu den lehiaketa da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik Euskal Herri osora zabaldu da. Horrela, euskararen lurralde osoko 80 talde baina gehiagok parte hartu izan dute azken edizioetan.

   Esan bezala, aurtengo edizioaren gaia hizkuntza praktika ekologikoak, izango da. "Munduko bioaniztasuna babesteko ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak ditugun arren, munduko hizkuntza aniztasunak ere babesa behar duela ez dugu horren barneratua. Hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza ekologistak", adierazi dute aurkezpenean.

   Gogoratu dute euskarak badituela "ekintzaile ugari", eta horren erakusle izan dela "azken hilabeteetan Euskaraldiarekin bizi izan dugun aktibazioa": "Erabileraren inguruan hausnartu, konpromisoak hartu eta ekintzara pasa dira milaka euskaltzale. Ekintzailetza horri heldu nahi dio aurtengo Euskararen Ginkanak, egindako lanak jarraipena izan dezan".

LEHIAKETA

   Horrela, Euskararen Ginkana bi fasetan gauzatuko da. Lehenengo faseak bost asteko iraupena izango du, urtarrilaren 23an hasi eta otsailaren 27an amaituta. Fase honetan euskararenginkana.eus webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek.

   Bigarren fasea final handiaren eguna izango da, eta martxoaren 9an burutuko da Kutxa Kultur aretoan, Donostiako Tabakaleran. Lehen fasean puntu gehien lortu dituzten lau taldeak lehiatuko dira bertan.

   Parte hartzea taldekakoa izango da eta euskararen aldeko proiekturen bat gauzatu edo babesten duen talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko beharko dute. 16 urtetik gorako 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira parte hartu ahal izateko.

   Edozein talde motak hartu dezake parte lehiaketan: taldeak egitura formalik gabeko lagun koadrila edo guraso zein ikasle taldeak izan daitezke, bai eta egitura formala duten elkarte desberdinetako taldeak ere, hala nola euskalgintzako elkarteak, enpresak, kulturgintzako taldeak, talde feministak, erakunde sozialak, talde ekologistak, tokiko enpresak eta abar.

   Izena emateko epea urtarrilaren 30a bitartean egongo da zabalik (lehen proba erantzuteko epea amaituko da egun horretan). Izen-ematea gauzatzeko, euskararenginkana.eus webguneko formularioa betetzeaz gain, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean.

   Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aurrez martxan daudenak edo aurrerantzean burutu nahi direnak. Baldintza bakarra da euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dutela guztiek, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoa eta abar.