Datuak sortzen dituzten eta datuok zerbitzu-hornitzaileei transmititzen dizkieten gero eta ibilgailu gehiago daude. Europan datu pertsonaltzat jotzen badira ere, autoen fabrikatzaileek sistema propioetan erabiltzeko hartzen dituzte “big data” horiek. #Data4Drivers kanpainak eskatzen du berma dadila gidariek kontrola dezatela nor sar daitekeen beren ibilgailuko datuetan eta zein helbururekin.

Baina, zein da arazoa? Kontua da ibilgailu adimendunek gero eta datu gehiago sortzen dituztela, eta datu horiek, Europako legeriaren arabera, ibilgailuaren jabearen datu pertsonaltzat jo behar direla. Horrela, gidariak gara datuetan zein zerbitzu-hornitzaile sar daitezkeen erabakitzen dugunak.

Baina errealitatea da ibilgailuen fabrikatzaileak garatzen ari diren sistema batzuei esker beraiek direla datu horietarako sarbidea kontrolatzen duten bakarrak. “Big data”ren erabilerak balio handia du automobilaren industrian: estimatzen da 450.000 milioi eta 750.000 milioi dolar bitartean balio izan lezakeela 2030ean.

Beraiek direnez datuak zaintzen dituzten bakarrak, beraiek dira, baita ere, zerbitzu-hornitzaileen esku jartzen dituzten datuen kantitatea eta kalitatea kontrolatzen dituztenak. Hau da, oso zaila jartzen dute hornitzaile horiek produktu eta zerbitzu berriak garatu ahal izatea, eta horrek, aldi berean, ekar lezake gidariek aukera gutxiago izatea eta zerbitzu berritzaile gutxiago, beren ibilgailuei egokituta. Egoera horrek zaildu egiten du prezio lehiakorrekin zerbitzu berritzaile horiek eskuratzea.

Datuak gidatzen duenarentzat

#Data4Drivers kanpaina jarri da abian, Europar Batasunari eskatzeko, hain zuzen, gara ditzala legezko neurriak bermatu ahal izateko gidariak berak nahi duenari utzi ahal izango diola bere datuetan sartzen.

Hainbat kontsumitzaile-taldek jada bat egin du sare sozialetan #Data4Drivers traolarekin dabilen kanpainarekin. Eskaerak UNESPAren (Aseguru eta Berraseguru Entitateen Espainiako Batasuna) eta Amice-ren (Europako Aseguru Mutualitate eta Kooperatiben Elkartea) babesa du, eta elkarte horietako kide da, hain zuzen, Seguros Lagun Aro.

Sinadurak biltzea

Kanpainarekin bat egin nahi baduzu, dagokion webgunean klik egin dezakezu. Beste ideia batzuen artean, “Nire ibilgailuaren datuak kontrolatu nahi ditut, eta horregatik EBk esku hartu behar du” lema duen konpromiso-txartela deskargatzea proposatzen dute, selfie bat egin eta Twitter edo LinkedIn-era igotzeko.

Oso garrantzitsua da egoera honi orain heltzea, ibilgailuen fabrikatzaileek lehiarako abantaila handia baitaukate jada, eta maila europarreko ekintzarik egiten ez bada, ibilgailuaren datuetan zein zerbitzu-hornitzaile sartu ahal izango diren kontrolatzeko bide ematen dieten sistemak ezartzen jarrai dezakete, eta, beraz, gidariari zerbitzuak nork eskain diezazkiokeen kontrolatzeko ere bai.

Gainera, ibilgailu konektatu eta automatizatuei lotutako hainbat gai aztertzen ari da Europar Batasuna. Hortaz, oso-oso garrantzitsua da gai horri buruz kezkatuta gaudela jakinaraztea orain.