Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

  • Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta migratzailei harrera ukatu ahal izateko. Hilaren amaieran Europako Kontseiluaren tramitea igarota, 2026an jarriko da indarrean legedi berria.

Asteazkeneko bozketen uneetako bat Estrasburgon. Argazkia: Europako Parlamentua

2024ko apirilaren 12an - 07:21
Azken eguneraketa: 08:31

Zortzi urte negoziatzen, baina orain presa zegoen. Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira laster eta nabari da eskuin-muturrak izango duen ordezkaritzaren gorakadari zaion beldurra. Migrazio eta Asilo Itunak alderdi nagusienen babesa jaso du asteazkenean Estrasburgon, popularrena, sozialdemokratena eta liberalena barne.

Araudi murriztailea izan arren, sozialista gehienek ere alde bozkatu dute, erabakia hauteskundeak igaro eta gerora atzeratuz gero, eskuin-muturrak hura betirako blokeatu eta beste exigentzia batzuk egingo zituen beldurrez.

Sei urteko haurrei ere kontrolak

Legediak zortzi espediente eta hamar araudi ditu, funtsean migratzaileei EBn sartzeko baldintzak gogortzen dituztenak. Neurri nagusietako bat da herrialdeek hemendik aurrera ordaindu ahal izango dutela migratzaileak ez jasotzeko. "Elkartasun mekanismoa" deitu diote, baina hautazkoa da elkartasun hori, eta ukaturiko asilo eskari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu dezakete.

Gehienez herrialde bakoitzak 30.000 pertsona jasotzea onartu dute legedi berriarekin, nahiz eta asilo eskariak urtean milioi bat ingurukoak izaten diren. Beste kasu asko, Mediterraneoa edo Atlantikoa gurutzatzen duten –edo bertan hiltzen diren– milaka migratzaileen kasuak, adibidez, ez dira kontuan ere hartzen.

Asilo eskariak onartu edo ukatzeko prozesua azkartu egingo da, kontrola areagotu hatz marken bidez, eta hemendik aurrera posible izango da sei urteko umeak ere kontrol biometrikoetara jazartzea

Gainera, asilo eskariak onartu edo ukatzeko prozedura azkartu egingo da, kontrola areagotu hatz marken bidez, eta hemendik aurrera posible izango da sei urteko umeak ere kontrol biometrikoetara jazartzea. Bestetik, mugak behin behinean ixteko aukera errazten du legediak, migratzaileen joan-etorria "instrumentalizatzen" dela ikusiz gero.

Araudiak eskuin muturraren ideietako asko bere egiten ditu beraz, migrazio "ordenatu" baten aitzakiapean.

"Itun hau hiltzailea da!"

Eztabaida luzea bizi izan da asteazkenean, hainbat parlamentari sozialistek baita popular batzuek ere atzera egingo zutela esan eta negoziazioak ordu askotan eman direlako. Berdeek eta ezkerreko ordezkaiek kontra bozkatu dute eta eskuin-muturrarekin lerrokatzea egotzi diete legediaren defendatzaileek: "Itunaren kontra bozkatzea eskuin muturrari garaipen bat ematea litzateke", esan du eurodiputatu liberal Fabienne Kellerrek ponentzia aurkezterakoan.

Berdeek eta ezkerreko ordezkaiek kontra bozkatu dute eta eskuin-muturrarekin alineatzea egotzi diete legediaren defendatzaileek: "Itunaren kontra bozkatzea eskuin muturrari garaipen bat ematea litzateke"

Eztabaidaren momentu batean hainbat lagun sartu dira hemiziklora publikoaren artean "Itun hau hiltzailea da! Bozkatu ez!" oihu egin eta paperak jaurtitzen. Kanpoaldean ere erakunde askoren protestak izan dira itunaren izaera murriztailea salatzeko.

Itunak kritika asko jaso ditu alde askotatik. Save the Children elkarteak esan du "nabarmen" ahultzen duela zaurgarriak diren haurren babesa, eta horietako asko "gerratik eta gosetik ihesi" datozela gogorarazi du. Giza eskubideekin zerikusia duten 160 erakunde baino gehiagok manifestua plazaratu zuten Ituna dagoen bezala ez onartzea eskatzeko.

Orain Europako kontseiluak onartu beharko du hilaren amaieran araudia, eta horren ostean 2026. urtean jarriko da indarrean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza eskubideak
2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Jesús Rodríguez kazetariak erbestera jo du Auzitegi Nazionalaren jazarpenaren aurrean

Joan den azaroaren 6an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel García-Castellón epaileak hamabi pertsona auzipetu zituen Tsunami Democratikoa auzia dela eta. Ostegun honetan ezagutu zen hiruk atzerrira ihes egin dutela, tartean Jesús Rodríguez La... [+]


Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Eguneraketa berriak daude