Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu dezake. Txikitik handira, herri txikietatik, bailaretatik, hirietara iritsi asmoz, ekin zaio Gipuzkoako Goierrin energia lortzeko elkarlanari Hitzar kooperatibaren bidez.
Aurrez, Biziola martxan jarrita zegoen auzolanaren bidetik. Denbora laburrean, egoitza edo orubea jabetzan hartzeko gai izan dira, bertako edo gertuko jakiak nekazariei erosita –hori bai, dagokion salneurrian–, eta bazkideei nahiz erosle orori salduta. Batzuk ulertzen dugu horrelako proiektuetan inon baino kalitate hobeko jakiak eta merkeenak erosiko ditugula. Kalitatea agian bai, baina merke-zurrean ezin da. Dagokiona ordainduta eramango ditugu barazkiak edo dena delakoak, bertakoak izateak ez baitu esan nahi opari emango digutenik, hemen gauzak kostata izaten direla ongi baitakigu. Oso ona eta oso merke aurkitzen badugu zerbait, seinale norbaiti lapurtu egin diotela edo ez diotela dagokiona ordaindu, eta askotan, kosta zaionik ere ez! Horrek ere egiten du proiektu hau ezberdin, ingurumena zainduz, lanpostuak sortuz, ordainsari duinak emanez eta bazkideen (herritar oro izan daiteke bazkide) iritzia betez hartutako erabakietan oinarritzen dela.
Geuk ez badugu ekimena hartzen, irabaziak pilatzen ari direnek sinetsaraziko digute indar nuklearra energia berdea dela eta erremediorik gabe behar dugula
Adituek diotenez, klima aldaketa sekulakoa gertatzen ari omen, eta eman dituzten datuek hala baieztatzen digute. Leku dezentetan ari dira euriteak luiziak eragiten, eta urak bere bidea beti aurkitzen duenez, gizakiok behar ez bezala eta behar ez zen tokian eraiki duguna aurrean hartu eta eramango du, lehentxeago edo geroxeago. Zerk eragin ote du klima aldaketa hori? Kutsadurak ekarri ote lurra gehiegi berotzea? Euria non eta noiz egin gizakion kontrolpean dagoela ere egia ote?
Ez dakigu, baina argi dago, zenbait agintari egin eta desegin ari direla, han gerra eta hemen patrikak bete. Geuk ez badugu ekimena hartzen, oso ezagunak zaizkigun “euskal” aurretik jarri, eta irabaziak pilatzen ari direnek sinetsaraziko digute indar nuklearra energia berdea dela eta erremediorik gabe behar dugula, gainera! Eta Mercosur ezinbestekoa dugula gure oinarrizko beharrak asetzeko, eta kontuz, ez badugu hasitako bidean jarraitzen egia izango da, gainera. Dena besteek egiteaz ohitzen ari gara eta horrek izorratuko gaitu!
Neu bizi naizen eskualdea soilik aipatu dut, baina badakit Urola Kostan ere ari direla antzerako proiektuak gauzatzen eta, ziur baietz, beste eskualde batzuetan ere. Animo, eutsi goiari eta ez ahaztu: bide luzea, pauso ttikitan!