Jauzi Ekosoziala eragilea aurkeztu dute, sistema ekozidaren aurrean "erantzun bateratua" emateko

  • Jauzi Ekosoziala eragilea aurkeztu dute maiatzaren 4an Eibarren. Bere helburu nagusia "sistema ekozidaren aurrean, eta krisi anizkoitzen kontestu batean, Euskal Herrian justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea da". Horretarako, "borroka kulturala disputatzea eta gehiengoak artikulatzea" dute bide eta Euskal Herriko lurralde guztietako ikuspegiak batzeari lehentasuna ematen diote.


2024ko maiatzaren 06an - 08:56
Azken eguneraketa: 10:55

Honela definitu du Jauzi Ekosoziala eragileak bere burua: "Hegemonia Neoliberalaren aurrean, Jauzi antikapitalista eta propositiboa da, bizitza bizigarrien aldekoa. Krisi sistemikoaren konplexutasunaren aurrean ezagutza zorrotzean oinarrituriko irakurketa eta proposamenak egin nahi ditu, betiere egiturazko eraldaketei bidea irekitzeko. Horretarako, desazkundea eta burujabetza giltzarriak direla uste dugu".

Mundu anitzagoa eta ekofeministagoa sortu nahi dutela adierazi dute, "eta horretarako gu geu ere deseraiki behar garela ulertzen dugu". "Denon parte hartzea" sustatu nahi dutela nabarmendu dute, "belaunaldi gazteen presentzia bultzatuz eta harremanen zaintzari leku berezia eginez".

Hiru helburu, bi deialdi eta  kanpaina bat

Jauzi Ekosozialak hiru helburu nagusi zehaztu ditu bere aurkezpenean: batetik, trantsizio ekosozialaren inguruko gogoeta gizarteratzea; bigarrenik, ekologismoa zeharka lantzea gainontzeko eragile eta borroka sozialekin; eta hirugarrenik, alternatiba integral bizigarriak planteatzea.

Udan kanpaina bat egingo dutela iragarri dute: "Gehiegikeriaren gizarte honetan nahikotasunez jokatzeko beharra aldarrikatuko dugu eta udan egiten ditugun kontsumo neurrigabeei alternatiba jasangarriak eskainiko dizkiegu".

Amaitzeko, herritarrei dei egin diete "Jauzira zein tokian tokiko eragileetara batzeko, borroka ekolosozialetan bat egitera". Izan ere, nabarmendu dute "larrialdi egoera bete-betean" gaudela eta hurrengo urteak "erabakigarriak" izango direla "gure biziraupenerako". Eraldaketa "hasia egon beharko luke", salatu dute, eta herritarrek parte hartzea eta antolatzea "funtsezkoak" direla adierazi, "herritarron beharrak lehenesteko". Zehazki, mobilizazio batean parte hartzera deitu dituzte herritarrak: "Maiatzaren 11rako Karta Sozialak bultzatutako eta Su Txikien Itsasotik abiatutako manifestazio nazionalarekin bat egiten dugu eta bertara joateko deia zabaltzen dugu".

Orain arteko bidea

Euskal Herrian mugimendu ekologistak "tradizio luze eta emankorra" duela baloratu du Jauzik, baina mugimendu hori "makroproiektu konkretuen aurkako borrokan sakabanatua" egon da bere irudiko. "Borroka horiek ezinbestekoak badira ere, krisi ekosozialaren neurriari erantzun indartsu eta osatu bat eman ahal izateko, mugimendu ekologista handiago eta bateratuago baten falta" sumatu zuten eta 2021. urtean horri buruzko hausnarketa abiatu zuten.

Hurrengo urratsa 2022. urtean Portugaleten antolatu zituzten Ekotopaketak izan ziren: "Hor ondorioztatu eta adostu genuen euskal ekologismoak tresna berri bat behar zuela dagoeneko martxan dauden hainbat talde ekologisten borrokak osatzeko, eta dinamika berri bat abiatzeko erabakia hartu zen". Hortik etorri da Jauzi Ekosoziala eragilea. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-05-20 | Usurbilgo Noaua
Erraustegia geratzeko protesta planta atariraino eraman dute

Zubietako erraustegia geratzeko Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako oinezko martxan parte hartu dute larunbat goiz honetan.


2024-05-17 | ARGIA
Zubietako Erraustegira martxa egingo dute larunbatean Lasartetik abiatuta

Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.


2024-05-16 | Uriola.eus
Eusko Jaurlaritzak Bilboko Zorrotzako Profersa enpresa kautelaz ixtea erabaki du

Astelehenean egindako inspekzioaren ostean hartu da erabakia, azken asteetan izan diren istripuen harira.


Balmasedako zentral eolikoaren proiektua atzera bota dute, "gutxiago eragingo" duen beste bat egiteko

Kolitza mendiaren magal batean eraiki nahi zituzten haize erroten proiektua atzera bota du Eusko Jaurlaritzak, hala adierazi du Balmasedako alkateak. Baina horren ordez, "eragin gutxiago" duen beste zentral bat aurreikusi dute inguru bertsuan. Maiatzaren 26an Euskal... [+]


Basoilar kantauriarra hibridatzea proposatu dute, galzoritik ateratzeko

Basoilar kantauriarrak (Tetrao urogallus cantabricus) biziraun dezan, beste populazio baten geneak behar dituela ondorioztatu dute Doñanako Estazio Biologikoko ikertzaileek (CSIC). Izan ere, gaur egun basoilarra ehizatzea debekatuta badago ere, aurreko mendean bereziki... [+]


Eguneraketa berriak daude