101. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1194/2019 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko haur-hezitzaile izateko hamaika lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Uztailaren 18ko 53/2018 Foru Dekretuaren bidez (2018ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 7koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lan publikoaren 2018ko eskaintza partziala onetsi zen, administrazio erroaren eremuan, ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona; haur-hezitzaile izateko hamaika lanpostu huts sartu ziren eskaintza horretan, funtzionario araubidekoak eta C mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak urriaren 15ean emandako 2327/2018 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen lekualdatze lehiaketa bidez bete zitezen haur-hezitzaile izateko lanpostu hutsak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzurako. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 29ko 1108/2019 Ebazpenaren bidez, lekualdatze lehiaketa hori ebatzi da.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko haur-hezitzaile izateko hamaika lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko haur-hezitzaile izateko hamaika lanpostu sarrera prozeduran eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Giza Baliabideen Zuzendariordetzari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 6an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, HAUR-HEZITZAILE IZATEKO HAMAIKA LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko haur-hezitzaile izateko hamaika lanpostu, C mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak, oposizio bidez betetzea. Lanpostu zenbakiak, betebeharrak eta destinoak ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira.

1.2. Hamaika lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–Bost lanpostu, txanda irekian.

–Bost lanpostu, igoera txandan.

–Lanpostu bat erreserba txandan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostua bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, bidezko diren txandetakoei gehituko zaie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horrexetako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek, deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean, aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta, hala behar bada, erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Titulu hauetako bat edukitzea: Haur Hezkuntzako maisu-maistren lanbidean aritzeko gaitzen duen unibertsitateko gradua, Haur Hezkuntzako espezialitateko maisu-maistren unibertsitateko titulua, Haur Hezkuntzako goi mailako teknikariaren Lanbide Heziketako titulua edo horien baliokidea, edo eskabideak aurkezteko azken egunean hura erdiesteko maneran egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik gorako desgaitasuna.

2.1.4. Euskarazko C1 jakite-maila eduki beharra duen lanpostu elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera aipatu maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako bat –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo, bestela, izangaiak behar den hizkuntza maila duela frogatzeko berariaz deituko den proba gainditzea.

2.1.5. Haurrentzako eta Nerabeentzako Babes Sistema Aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Betebehar hori betetzen dela egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen aipatu erregistroa.

2.2. Betebehar horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita dago euskararen ezagutza, hori eskatuko baita 8.1 oinarriak ezartzen duen epea amaitzen denean; eta igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.1 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, www.nafarroa.eus helbidean, nabigazio bide honi jarraituz: “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak”, deialdi honen aipamenean sartuta.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 26 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik gutxienez hilabetez lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Hori egiteko, deialdiaren erreseinan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskaeran berean horretarako dagoen tokian idatzi.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–3.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek enplegu bulegoak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere (biak ala biak aurreko atalean aipatutako agiriak). Errentei buruzko adierazpen hori aurkeztu beharko da, bakar-bakarrik, eskaeran ez bada adierazi horretarako utzi den tokian.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Hiru.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Miguel Ángel Gurbindo Marín jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen zuzendariordea.

–Ordezko epaimahaiburua: Carlos Arana Aicua jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen zuzendariordea.

–Epaimahaikidea: Begoña López Morón andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Niño Jesús Haur Eskolako zuzendaria.

–Ordezko epaimahaikidea: María Soledad Arguiñano Sánchez andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familien Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: María Asunción Obregozo Rubio andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Nuestra Señora de los Ángeles Haur Eskolako zuzendaria.

–Ordezko epaimahaikidea: María Jesús Romero Berlín andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Nuestra Señora de Roncesvalles Haur Eskolako zuzendaria.

–Epaimahaikidea: María Pilar San Martín Salvoch andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Izaskun Resano Apezarena andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Sonia Soret Eguiluz andrea, Eskubide Sozialetako Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

–Ordezko epaimahaikide-idazkaria: María Pilar García García andrea, Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2019ko azarotik aitzina hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Horretarako, epaimahaiak argitaratuko du, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin, eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan, hurrengo proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, deialdiaren tokiaren, egunaren, orduaren eta egin beharreko ibilbidearen berri emanez.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da, eta test motako 80 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskinean (1. zatia - Orokorra; eta 2. zatia - Berariazkoa) agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak esango du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba egiteko.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere, honela banatuak:

–1. zatia - Orokorra: 15 puntu.

–2. zatia - Berariazkoa: 25 puntu.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu mugikorrik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da; idatziz, ebazpen honen I. eranskinean dagoen gai-zerrendako 2. zatiko (zati berariazkoa) gaien gainean epaimahaiak proposatuko dituen kasu praktiko bat edo batzuk jorratu eta ebatzi beharko dira.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba egiteko.

Proba honetan 60 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Plika sistemaren bidez eginen da bigarren proba hau.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu mugikorrik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.4. Proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren erreseinaren barruan), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio epaimahaiak gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera banatua. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsen hautaketaren tramiteak egiteko.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazio osoa hartuko da kontuan; eta, bestela, lehen probako 2. zatian (berariazkoa) lortutako puntuazioa, ordena horrexetan.

Halarik ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Alfabetoaren bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak ebatziko dira lehen deituraren ordena alfabetikoari jarraikiz, ateratzen diren bi letra horietatik abiatuta. Horren ondorioetarako, ZZ letren atzetik AA hartuko dira. Ezein izangairen lehenengo deitura ez bada hasten ausaz ateratzen diren bi letra horiekin, ordena alfabetikoari jarraikiz hurrengoa den deitura hartuko da. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten ezartzen den bidea erabiliz:

a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatibo baten bidez (abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautua) frogatuko da 2.1.5 ataleko baldintza, baldin eta eskabidean Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari ez bazaio baimenik eman hura lortzeko.

c) Euskarazko C1 jakite-maila duten lanpostu elebidunen bat lortu nahi duten pertsonek bide hauetako bat aukeratu beharko dute:

–Eskatutako euskara maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat aurkeztea. Titulua edo ziurtagiria bat etorri beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da, deialdi honen 2.1.4 atalean xedatutakoaren arabera; edo

–Euskara maila neurtzeko proba egin diezaiotela eskatzea.

8.2. Euskara maila neurtzeko proba.

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatu duten izangaiek, eta oinarri honetan ezartzen den epean eskatzen den hizkuntza maila egoki frogatu ez duten izangaiek, euskara maila neurtzeko proba bat egin beharko dute.

Horretarako, epaimahaiak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza eskatuko du. Organo horrek hizkuntza mailaren gaineko berariazko ariketa bat eginen du, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die eskatzen den euskarazko jakite-mailarako, C1 alegia.

Horretarako, epaimahaiak probara deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du, proba egiteko lekua, eguna eta ordua adierazita, deialdiaren 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Euskara probaren kalifikazioa bukaturik, emaitzak aurreko paragrafoan ezarritako modu berean argitaratuko dira.

8.3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen hamaika lanpostu hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiari buruz egiten den erreseinan.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, haur-hezitzaile izateko zer lanpostu huts nahiago duten.

8.4. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna duten izangaien salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen horretan egonen dira, probak gainditu eta eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruzko aipamenean ere, 11. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta 30 egun naturaleko epearen barnean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

c) Izangaiaren zinpeko aitorpena edo aitorpen solemnea, adieraziz ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak diren izangaiek, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, jatorriko administrazioan jardunean daudela frogatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

C) Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak, eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak, ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, haur-hezitzaileen lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostuen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren arabera (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

10.6. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11.–Jarduketen publizitatea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak deusetan galarazi gabe, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko iragarki-taulan argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus, “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak” aukeratuta.

12.–Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda.

12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1) Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

2) Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatuko baitute:

a) Hautapen prozesuko lehen proba gainditu duten izangaiak.

b) Hautapen prozesuko lehen probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, bi zerrenda horiek onetsiko dira, hots, batetik, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda, eta bestetik, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrenda.

Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena, handienetik txikienera. Era berean, lanposturik gabeko gaindituen zerrendan ez dauden izangaien ordena honela ezarriko da: lehenik, hautaprobaren lehen ariketa gainditu duten izangaiak, ariketa horretan lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta; eta bigarrenik, hautaprobaren lehen ariketarako ezarri den puntuazioaren %30, gutxienez, lortu duten izangaiak, ariketa horretan lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta.

Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.

Sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Aurrekotik salbuetsita dago euskararen ezagutza, zeren, kontrataziorako izangaien zerrendak onartu baino lehen, epe bat irekiko baita euskara maila egiaztatzeko, eta betekizuna horretarako ematen den epea amaitu eta gero eskatuko da.

12.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, honako hauetan xedatutakoarekin bat: martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua (foru lege horren bidez jorratu ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Foru-sektore publiko instituzionala), eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

Iruñean, 2019ko maiatzaren 6an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

1. zatia.–Araudia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europako Erkidegoko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta funtzioak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

5. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahalmena. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzkoa. I. titulua: “Xedapen orokorrak”. II. titulua: I. kapitulua “Foru Administrazio Publikoa”. II. kapitulua “Foru Administrazio Publikoaren antolaketa”. III. kapitulua “Eskumenen erabileraren araubide juridikoa”. IV. kapitulua. “Kide anitzeko organoak”. III. titulua: I. kapitulua “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa”. VI. titulua: I. kapitulua “Pertsonen eskubideak”.

8. gaia.–Administrazio egintzak. Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

9. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jardunaz: jarduteko arau orokorrak; moduak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Gauzatzea.

10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermatzeari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Printzipioak datuak babesteko. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

13. gaia.–Haur Hezkuntza Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan: Printzipio orokorrak. Helburuak. Antolamendua eta printzipio pedagogikoak. Haur Hezkuntzako irakasleak.

14. gaia.–28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena.

2. zatia.–Berariazko zatia.

15. gaia.–Korronte pedagogiko eta psikologiko nagusien eragina Haur Hezkuntzan. Haurraren kontzeptua korronte horietan eta horrek hezkuntzan dituen ondorioak. Hezkuntza arloko planteamenduak.

16. gaia.–Ikastetxeko hezkuntza proiektua. Proposamen pedagogikoa. Gelako programazioa. Horren parte diren kontzeptua, eginkizunak, helburuak eta elementuak. Hezkuntza koherentzia.

17. gaia.–Hezkuntza arloko esku-hartzearen printzipio pedagogikoak. Gelan lan egiteko proposamen eta metodologia motak.

18. gaia.–Espazioaren eta giroaren antolaketa. Espazioak. Materialen antolaketa eta hautaketa. Hezkuntza balioa. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

19. gaia.–Denboraren antolaketa. Denbora antolatzeko faktoreak eta irizpideak. Eguneroko jardunaren une garrantzitsuak. Hezkuntza arloko esku-hartzerako ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

20. gaia.–Harrera aldiaren antolaketa. Hezkuntza arloko esku-hartzerako ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

21. gaia.–Jardueraren antolaketa. Hezkuntza proposamen desberdinak. Errutinak eta jolasa. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

22. gaia.–Haur taldeak: Elkartzeko eta antolatzeko irizpideak hezkuntza proposamen desberdinetan.

23. gaia.–Hezitzailearen lanbide profila eta eginkizunak. Hezkuntza bikotea. Hezkuntza taldea. Esku hartzeko printzipioak eta haurren hezkuntza prozesuan esku hartzen duten pertsona guztien arteko erlaziorako ildoak. Taldean lan egiteko estrategiak.

24. gaia.–Ebaluazioa. Ezaugarriak. Ebaluazio eremuak. Teknikak. Xedea. Ebaluazioa erregistratzeko eta komunikatzeko tresnak.

25. gaia.–Dokumentazioa haur eskolan. Behaketa proiektuak. Behaketaren aplikazioa eta edukiak. Behaketa teknikak.

26. gaia.–Haurraren garapen integrala. Haurraren garapenean parte hartzen duten faktore nagusiak. Esku hartzeko estrategiak. Ondorio praktikoak ikasgelan.

27. gaia.–Haurren garapen sentsoriala.

28. gaia.–Haurren garapen psikomotorra.

29. gaia.–Psikomotrizitatea hezkuntza estrategia gisa. Ekintza eta elkarrekintza hazkunderako sorburu gisa. Hezkuntza arloko esku-hartzea eta hezitzailearen zeregina.

30. gaia.–Haurren garapen kognitiboa. Garapen kognitiboari buruzko teorien oinarrizko kontzeptuak.

31. gaia.–Haurren garapen afektiboa. Esparru afektiboaren lotura gainontzeko prozesu eta garapenekin.

32. gaia.–Lotura afektiboa eta haren ondorioak. Kontzeptua, eratzea, motak eta atxikimendu segurua ahalbidetzen duten faktoreak. Trantsizio-objektuaren garrantzia eta esanahia. Hezitzailearen eta haurren arteko erlazio dialogikoa. Askatasuna eta mugak.

33. gaia.–Garapen soziala. Hori azaltzen duten teoriak. Haurtzaroko soziabilitatearen bilakaera aztertzea. Pertsonak ezagutzea, helduekiko eta berdinekiko harremanaren bilakaera. Sozializazioa.

34. gaia.–Familia, sozializaziorako lehen eragile. Familiekiko harremanak, informaziorako, komunikaziorako eta parte-hartzerako bideak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

35. gaia.–Haurren garapen morala. Hori azaltzen duten teoriak. Balioetan oinarritutako hezkuntza. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

36. gaia.–Hizkuntzaren garapena eta eskuratzea. Eginkizunak, etapak eta faktoreak. Hizkuntzaren alterazioak. Ahozko ulermena eta adierazpena bultzatzen dituen hezkuntza lana.

37. gaia.–Komunikazioa haurrengan. Ezaugarriak eta elementuak. Helduen eta haurren arteko harreman komunikatiboa. Ahozkoaz bestelako komunikazioaren garrantzia. Hizkuntza egoeren dibertsitatearen analisia. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

38. gaia.–Haurtzaroko hizkuntza logiko-matematikoa. Gorputz-hizkuntza. Musika-hizkuntza. Ezaugarriak eta garapena. Horietako bakoitzerako laguntzen duten estrategia metodologikoak, baliabideak eta proposamenak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

39. gaia.–Hizkuntza plastikoa. Adierazpen plastikoaren ezaugarriak eta garapena haurtzaroan. Metodologia lagungarriak. Bitartekoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

40. gaia.–Haur literatura. Ipuinaren balioa hezkuntzan. Ipuin motak eta haien ezaugarriak. Estrategia metodologikoak eta jarduerak ipuinetik abiatuta. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

41. gaia.–Sexu heziketa Haur Hezkuntzan. Gizonezko eta emakumezkoen rolen eraikuntza. Haurren sexualitatea garapen integralaren barruan. Berdintasuna sustatzeko eta genero diskriminazioa prebenitzeko hezkuntza estrategiak eta esku-hartzerako ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

42. gaia.–Osasunerako hezkuntza. Osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptuak. Haurren segurtasunaren inguruko arriskuei eta istripuei aurrea hartzea. Lehen sorospenak eta eritasunak. Haur-hezitzailea osasun arloko eragile.

43. gaia.–Haurren elikadura. Bilakaera. Zailtasunak eta nahasmenduak. Elikadura eta harremanak. Elikadura eta kultura. Hezkuntza asmoak. Antolaketa eta plangintza adin desberdinetan. Girotzea eta baliabideak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

44. gaia.–Norberaren garbiketa eta higienea. Higienea eta harremanak. Higienea eta kultura. Hezkuntza asmoak. Antolaketa eta plangintza adin desberdinetan. Girotzea eta baliabideak. Esfinterren kontrola. Hezkuntza balioa eta esku-hartzerako ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

45. gaia.–Atsedena haurtzaroan. Jardueraren eta atsedenaren arteko oreka. Haurren atsedenaren eta loaren beharrak eta erritmoak bereiztea. Hezkuntza balioa eta esku-hartzerako ildoak. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

46. gaia.–0-3 urteko haur eskola inklusiboa eta konpentsatzailea. Integrazioaren eta inklusioaren printzipioak. Aniztasunari erantzutea. Hezkuntza elkarreraginaren balioa. Hezitzailearen zeregina eta jarrera.

II. ERANSKINA

Haur-hezitzaileen lanpostuak

LANPOSTUA

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN ESPARRUA

HERRIA

ARAUBIDE JURIDIKOA

SEXU DELITUEI BURUZKO ZIURTAGIRIA

HIZKUNTZAK

6148

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

NUESTRA SEÑORA DE RONCESVALLES HE

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

X

2897

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SAN JORGE HE

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

X

2914

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SAN JORGE HE

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

X

EUSKARA, C1

2926

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SAN JORGE HE

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

X

EUSKARA, C1

2979

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

NINIA-ETXEA HE

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

X

2900

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTA TERESA HE

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

X

2981

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

SANTA TERESA HE

IRUÑA

FUNTZIONARIOA

X

2915

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

NIÑO JESÚS HE

CORELLA

FUNTZIONARIOA

X

2917

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

NIÑO JESÚS HE

CORELLA

FUNTZIONARIOA

X

2951

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

NIÑO JESÚS HE

CORELLA

FUNTZIONARIOA

X

2978

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEP.

NIÑO JESÚS HE

CORELLA

FUNTZIONARIOA

X

Iragarkiaren kodea: F1906285