NAIZ

«Hi(ZKI)bridoak», literatura eta ahozkotasunaren inguruko zikloa Euskararen Etxean

Otsailetik maiatzera bitarte, literatura eta ahozkotasunaren inguruko ekitaldiak biltzen dituen «Hi(ZKI)bridoak» izeneko zikloa jarriko da martxan Bilbon, Euskararen Etxean. Anarik, Itxaro Bordak, Ibon RG-k eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak parte hartuko dute, Booktegi, Lanku eta Loraldia bezalako eragileekin batera.

Anari maiatzaren 15ean izango da, «Habiak» proposamenarekin. (Gorka Rubio/FOKU)
Anari maiatzaren 15ean izango da, «Habiak» proposamenarekin. (Gorka Rubio/FOKU)

Euskararen Etxeak instalazio berriak inauguratu berri ditu eta ordutegian zein tailerretan eta kultur programazioan berrikuntzak iragarri ditu. «Hi(ZKI)bridoak» zikloa proposamen berri horietako bat da.

Literatura eta ahozkotasunaren inguruko hainbat jarduera bilduko ditu otsailetik maiatzera bitarte, eta Anari, Itxaro Borda, Ibon RG edota Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren parte hartzea izango du. Programan, Booktegi, Lanku eta Loraldia bezalako eragileak ere badaude.

«Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten» ekitaldiak izango direla aurreratu dute antolatzaileek, eta lehenengo proposamena hilaren 27an izango da: ‘Buztinezko etorkizuna’, Itxaro Borda irakurketan eta Ibon RG musikan.

Zikloak dakartzan proposamenen artean «Bertso saio literarioa» badago, Mariluz Estebanen, Miren Amurizaren eta Maialen Lujanbioren parte hartzearekin, edota ‘Muga’, ‘Anfetamiña’ Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitartutako egitasmoa, besteak beste.

Ordutegi zabalagoa

Xabier Arauzo Bizkaiko Foru aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura saileko foru diputatuak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko arduradunak aurkeztu zuten zikloa astelehenean, Euskararen Etxearen funtzionamenduan sartutako berrikuntzekin batera.

Bilboko San Inazio auzoan kokatuta dagoen Euskararen Etxean lanak izan dira instalazioetan, soinu ekipamendu berria du eta tailer berri bat jarri dute martxan eskola programari begira.

Ordutegi zabalago bat ere izango du. Izan ere, astelehenetik ostiralera zabalik egongo da Euskararen Etxea, 8.00etatik 20.00etara, eta larunbatetan, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.