Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / «Naparra»: 1611. bizikleta

«Naparra»: 1611. bizikleta

Mikel Iturria 2020/12/27 09:00
Jose Miguel Etxeberria Alvarez "Naparra", Jon Alonso eta Fernando Traverso.

«Naparra»: la bicicleta 1611, este apunte en castellano.

Traversoren bizikletak

«Argentinako Rosario hirian 350 bizikleta omen daude pintatuta, hiriko beste hainbeste tokitan. Denak berdinak dira, eta bakoitzak zenbaki bat omen dauka, gorriz, 1etik 350era artekoa, gurpilen artean. Aerosol beltzaz pintatuta omen daude, txantiloi izeneko teknikaz».

(...)

«Fernando Traverso da egilea. 2001ean pintatu zuen lehena, Argentinako diktaduraren hasieraren 25. urteurrenean».

Pochobici.jpg

Egilea: Pruxo (CC BY-SA 4.0 lizentziapean).

«Traversok kontatzen du behin, diktadura garaian, kalean zegoelarik, bizikleta eskuan zeraman adiskide bat pasatzen ikusi zuela. Adiskideak ez omen zuen agurtu, ordea. Begiratu ere ez. Adiskideak ez ikusiarena eginda igaro, bizikleta zuhaitz, farol edo holakoren batean lotu, eta alde egin zuen».

«Horrek harriturik utzi zuen Traverso».

«Hurrengo egunean bertara joan zen berriz, eta han zegoen bizikleta oraindik. Hirugarren egunean, berdin. Eta hurrengoan eta hurrengoan ere bai. Traversok ulertu zuen, orduan, diktadurak bere adiskidea desagerrarazi zuela».

«Hau gertatu bide zen: zita bat zeukaten Traversok eta bizikletadun adiskideak. Adiskideak, Traversoren ondoan pasatu zenean, bere bizikleta eskuan, bazekien jarraitzen ari zitzaizkiola. Ez ikusiarena egin zuen Traversoren ondotik pasatzean, poliziek edo milikoek edo jarraitzen ziotenek, zirenak zirela, ez zezaten jakin elkar ezagutzen zutela, eta Traversok bizia salba zezan».

«Bizikleta huts bakoitza falta den gorputz baten isla da. Zergatik 350? Hori delako Rosarion desagerrarazitakoen kopurua».

«2007an, hor nonbait, Traversok bisita bat egin zuen Nafarroako Sartagudara. Orduan eduki zuen aukera Eneko Etxeberria ezagutzeko, eta haren bidez, Jose Miguelen kasua ezagutzeko. Sartagudan egon omen ziren elkarrekin. Orduan hartu omen zuen, halaber, 1611. bizikleta pintatzeko aukera emateko erabakia, anaiaren omenez. Enekok margotu zuen eta gaur egun Igarolabekoa familiaren baserrian dago».

Celes Alvarez eta Eneko Etxeberria: 1611 bizikleta

Naparra. Kasu irekia, Jon Alonsoren liburua. 217-218 orrialdeak.

Traversoren istorioa kontatzen duen "Trescientoscincuenta" dokumentala egin zuen Diego Fidalgok eta sarean dago ikusgai.

Naparra

Aste honen hasieran amaitu dut liburua. Irakurtzen nuen bitartean Eneko Barberenak Sagasti Etxea blogean idatzitako Kasu irekia apuntea ere irakurri nuen.

Lau urte eskaini dizkio Jon Alonsok duela 40 urte desagertu zen Naparrari. 40 urte pasa ditu familiak (hil egin ziren jada gurasoak) justizia eske eta oraindik ez du lortu Espainiako eta Frantziako estatuek jarritako oztopoak gainditzea. Agertuko al dira gorpuzkinak egunen batean?

Alonsoren arabera, Eneko Etxeberriak dio behar-beharrezkoa dela aurrera egiteko Espainiako Sekretu Ofizialen legea, 1968koa, aldatzea. Gobernuz Kanpoko Erakunde eta aditu mordoak eskatua du hori, baina trabak baino ez daude bidean. Baietz esan du aurten Margarita Robles Defentsa ministroak. Ikusiko dugu. Hori bai, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) aitortza behintzat lortu du sendiak, bortxazko desagertzearen biktima gisa.

320. orrialdean kontatzen du egileak liburua idatzi bitarteko prozesuan Argentinara joan zela eta ESMA bisitatu zuela: hots, Escuela Mécanica de la Armada, Argentinako diktadura garaian (1976-1983) milaka herritar torturatu, hegazkinetara igoarazi eta itsasoan bota zituzten horrorearen gune nagusia. 30.000 hildako eta desagertu kalkulatzen dira.

Gunetik atera, taxi bat hartu eta txoferrak galdetu omen zion handik ote zetozen. Beste bidaietan ez bezala, baiezkoa erantzun ondoren, gidariak ez zuen ahoa zabaldu.

2013ko abuztu-irailean Buenos Airesen egon nintzen eta oso gogoan daukat hotelean galdetu nuenean non zegoen ESMA, harrerako langileak esan zigula berak ez zekiela eta, arraroa bazen ere, solasa moztu bezala egin zuela. Eroso ez zegoenaren seinaletzat hartu nuen nik. Gero planak aldatu eta ez ginen ESMAra joan.

Desagerrarazitako pertsonez beteriko herrialde batean, hauxe esaten du Alonsok erremate moduan: «Nola hitz egin bere ideiak zirela-eta desagerraraziriko jendeaz? Argentinako berritsuenek ere ez dakite. Hain da... hain da amildegi absolutuari begira jartzea lez....»

1960tik hona Donostian bakarrik 100 pertsona dira indarkeria politikoaren ondorioz hildakoak. Batzuk bertakoak, besteak bertan hildakoak. 100 bizitza bortxaz supituki moztuak. Nonbaiten irakurri edo entzun nuen, baina ez dut Udalaren webgunean horren berri topatu.

Amaitzeko, hona hemen Iñaki Alforja eta Iban Toledok Jose Miguel Etxeberriaren kasuaren berri emateko egiten ari diren dokumentalaren teaserra: Bolante baten historia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter