Enpresaren “xantaia” eta erakundeen “presioa” salatu dute Mercedesko langileek

  • Mercedeseko zuzendaritzak iragan astean iragarri zuen 1.200 milioi euro inbertitzeko prest dagoela Gasteizko lantegian, beti ere langileek “malgutasuna” areagotzea onartzen badute. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak akordio bat sinatu dute Mercedesekin asteartean, inbertsio hori sustatzeko. Bitartean, lan-hitzarmena berritzeko sindikatuen eta enpresaren arteko negoziazioek hamazortzi hilabete daramatzate blokeatuta.

Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia eta Mercedes-Benz arteko "lankidetza-Protokoloa"ren sinadura, asteartean. Argazkia: @arantxa_tapia.

2022ko ekainaren 15an - 08:13

Gasteizko epaitegien aurrean eginiko kontzentrazio batean egin dituzte adierazpenak Mercedeseko ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek. Zuzendaritzak proposatutako aldi baterako enplegu erregulazio espedientearen inguruko epaiketa ospatu da epaitegian asteartean. Sindikatuek adierazi dute inbertsioaren aukera “positiboa” dela, baina lan-baldintzen “malgutasuna” baldintza bezala jartzea “langileei euren baldintzak kaskartzeko xantaia” ere badela. Hemezortzi hilabete daramatzate sindikatuek eta enpresak lan-hitzarmen berria adostu nahian, 34 bilera egin dituzte, baina gaur gaurkoz ez da akordiorik. Desadostasunak soldaten eta ordutegien ingurukoak dira. Langileek hainbat aldiz salatu dute, Mercedesen Gasteizko lantegiko zuzendaritzaren eta Emilio Titos zuzendariaren politika langileen, sindikatuen zein lan-baldintza duinen aurka.

Erakundeen aurka ere mintzatu dira langileak, iragan astean enpresak balizko inbertsioa iragarri bezain laster enpresaren alde egiteagatik, lan-baldintzez inongo kezkarik agertu gabe: “Enpresak dituen asmoen berri izan gabe horren alde azaltzea larria da, baina are larriagoa da langileriari eskaini dizkioten baldintzak ezagututa egitea". ESK, LAB eta ELA sindikatuek langileen asanblada deitu dute asteazken eguerdirako, mobilizazioen aukera aztertzeko. CCOOk bi orduko lanuztea deitu du.

Langileei erantzuna

Jaurlaritzatik, Bingen Zupiria bozeramaileak adierazi du Mercedesen inbertsioa “oso garrantzitsua” dela eta “elkarrizketaren eta akordioaren” bidez lortzea espero duela: “Egungo jarduera eta etorkizuna bermatzea nahitaezkoa da denon ongizatea bermatzeko”. Arabako Aldunditik, Ramiro González ahaldun nagusiak “kezka” agertu du sindikatuen jarreragatik: “Gatazka bidal daitekeen mezurik okerrena da”.

Astearte goizean egin dituzte adierazpenak ELA, LAB eta ESK-eko ordezkariek, eta astearte arratsaldean “lankidetza-protokoloa” sinatu dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Mercedes-Benzek Miñaoko (Gasteiz) parke teknologikoan. Bertan izan dira Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Emilio Titos Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendaria.

Urkullu lehendakariak protokoloa "lankidetza publiko-pribatuaren aldeko adibide paregabea" dela adierazi du ekitaldian, eta adierazi du Jaurlaritzak enpresaren zerbitzura jarriko dituela Basque Research Technology Alliance eta Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Prestakuntzako 4GUNE Klusterreko zentroak; Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikaturako TEKNIKA zentroa, eta HETEL, Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea. Titosek adierazi du Mercedesek inbertsioa egin nahi duela Gasteizen, baina horretarako “ziurtasunak” behar dituela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


Mecanerreko langileakaz batera mobilizatu dira Bizkaiko 60 enpresa inguru industria-politikan jarrera aldaketa bat eskatzeko

Gaur, apirilak 16, Eusko Jaurlaritzari eta Industria Sailari beren industria-politikan jarrera aldaketa bat exijitzeko manifestazioa egin dute Bizkaiko 60 industria-enpresa inguruk Mecaner enpresako langileakaz batera, Bilbon. Adierazi dute "hitzetatik ekintzetara"... [+]


Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri

Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.


Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


Eguneraketa berriak daude