Jaurlaritzak bazekien Zaldibarko zabortegian ez zirela ari araudia betetzen

  • Verter Recyclingen Zaldibarko zabortegiari dagokion Eusko Jaurlaritzaren 2013ko Ingurumen Baimen Bateratua eskuratu du ARGIAk. Baita zabortegi honetan 2018an isuri zituzten hondakinen Jaurlaritzaren datuak ere. Dokumentu publikoek beraiek erakusten dute zabortegian ez dela araudia bete. Adibidez, zabortegi horretan egoteko baimenik ez zuten 64.500 tona hondakin pilatu ziren 2018an, tartean hiri-hondakinak eta hondakin arriskutsuak.

Argazkia: Dani Blanco.

2020ko otsailaren 26an - 07:44

Zaldibarko Verter Recycling zabortegiak 2007an jaso zuen lehen aldiz Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua (IBB), "arriskutsuak ez diren hondakinentzako". Ordea, aldaketekin berritu egin zuen baimena 2013an Ingurumen Sailak, eta "karga organikorik gabea" zela ere erantsi zion definizio horri. Bi baimenak alderatuz gero, ikusten da 2013ko baimenak hondakin arriskutsu gehiagori ireki ziela atea.

Bi aldaketa nagusi ekarri zituen 2013ko IBBk: batetik, zabortegiak ordura arte debekatuta zituen hondakin mota batzuk hartzeko baimena eman zioten; eta bestetik, metalak eta konposatu metalikoak zabortegian bertan birziklatzeko baimena ere eman zioten. Bi aldaketa hauek "ez zirela funtsezkoak" ebatzi zuen Ingurumen Sailak eta ondorioz, ez zuten beste IBB bat emateko prozesua berrabiarazi. Horrek ekarriko zukeen tarte batez publiko egotea baimen berritua eta herritarrei alegazioetarako aukera uztea, eta beraz, baimen berritua lortzeko prozesua luzatzea edo korapilatzea.

Gardentasun ikuspegitik, salatu beharrekoa da 2013ko IBB ez zela publiko egin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (2007koa bai, hemen ikusgai), herritar orok ikusi ahal izateko.

ARGIAk eskuratu duen 2013ko Ingurumen Baimen Bateratuaren zati bat. Bertan dio 2007ko baimena berritzen dela eta aldaketa hauek "ez direla funtsezkoak".
27 hondakin mota gehiagorentzat baimena, tartean amiantoa

Hasierako IBBk, 2007koak, 157 hondakin mota hartzeko baimena eman zion Verterri zabortegian. 2013ko baimenak, berriz, guztira 184 (ikus amiantoari buruzko albistea). Jaurlaritzaren baimen berrituan hiru hondakin mota bereizten dira: 47 hondakin mota dira zabortegi batean ohikoenak behar luketen erakoak, hau da, bertan utzi direnak hondakin horiek balorizatzea ez delako bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen aldetik. 2013an baimendutako beste 11 hondakin mota zabortegi barruan eraikuntzarako erabiltzekoak ziren.

Hasierako Ingurumen Baimen Bateratuak (IBB), 2007koak, 157 hondakin mota hartzeko baimena eman zion zabortegiari. 2013ko IBBak, berriz, guztira 184 hondakin mota. Horietatik gehienak, 126 mota, hondakinak zabortegian hartu aurretik Ingurumen Sailari jakinarazi beharrekoak

Baina deigarriena da, baimendutako hondakinen bi herenak, 126 hondakin motak, alegia, eskatzen zuela zabortegian hartu aurretik Ingurumen Sailari jakinaraztea eta honek berariazko baimena ematea hondakin karga horietako bakoitzarentzat. Zergatik? Hondakin horietako batzuen kasuan, izan zitezkeelako balorizatzeko modukoak EAEko beste azpiegitura batzuetan; eta hondakin horietako beste kasu batzuetan, izan zitezkeelako arriskutsuak. Azken hondakin mota hauei, "ispilu sarrera dutenak" deritzaie, eta adibidez, amiantoa da horietako bat, eta erraustegietako zepak beste bat. Ispilu sarrerak esan nahi du hondakin mota bera izan daitekeela arriskutsua edo ez arriskutsua, duen egoeraren arabera. Arriskutarritasuna neurtzeko karakterizazio berezi bat egin behar zaio. 2013ko Jaurlaritzaren IBBk onartutako hondakin gehienak Ingurumen Sailaren baimen berezia eskatzen zutenak ziren, baina zehaztutako prozedurak bidea zabalik uzten zuen arriskutsuak izan zitezkeen hondakin asko zabortegian pilatzeko: batetik, enpresaren esku geratzen zelako arriskuaren karakterizazio hau egitea. Eta bestetik, Verterrek Ingurumen Sailera hondakin hauen berri bidali ostean, zegokion karakterizazioarekin batera, hamar egunen buruan Ingurumen Sailaren erantzunik jasotzen ez bazuen, baimendutzat ematen zelako hondakin hori.

2013ko Ingurumen Baimen Bateratuak baimena ematen du amiantoarentzako (2007ko IBBk ez zuen ematen). Ikus daiteke Hondakinen Europako Zerrendan (gazteleraz LER) 17 06 05 zenbakia dagokiola.
2018ko isurketen Jaurlaritzako datuak: hor egon behar ez zuten 64.500 tona horiek

Erkatu dezagun Jaurlaritzaren 2013ko IBBk baimendutako hondakin moten zerrenda, 2018an Zaldibarko zabortegian isuri ziren hondakinen datuekin. Datu hauek ofizialak direla, Eusko Jaurlaritzak informazio publikoaren zerbitzuaren bidez igorritakoak. Ofizialak bai, ez, ordea, errealak: Zaldibarko zabor-jauziaz geroztik bertan deskargatu izan duten garraiolariek hainbat hedabidetan emandako testigantzak ikusita (Berriak otsailaren 16an argitaratutako hau adibidez), herritarrak ez du modurik jakiteko zehazki zer eta zein kopurutan isuri zen zabortegi honetan. Baina datu ofizial hauen bidez ikus daiteke ea eman zitzaien baimena bete zuten.

Jaurlaritzak igorritako datuen arabera, 2018an guztira 334.875.595 kilo isuri ziren: biribilduz, ia 335.000 tona. Iñaki Arriola Ingurumen Sailburuak, ordea, urte horretan "500.000 tona isuri zirela" esan zuen otsailaren 18an, EH Bilduk eskatuta Diputazio Iraunkorrean egin behar izan zuen agerraldian. Dokumentu ofizialean dagoena edo Arriolak esan zuena, zein da 2018an Zaldibarren isuritako hondakin kopuruen datu zuzena? (Hemen dago otsailaren 18ko Diputazio Iraunkorreko bideo osoa ikusgai. Arriolaren azalpenak 1:16:00 aldera hasten dira, gazteleraz).

Horrez gain, larria da ikustea Jaurlaritzako datuen arabera, isuritako 335.000 tona hondakin hauetatik 154.000 tonatik gora Zaldibarko zabortegian bertan berreskuratu beharrekoak zirela. Egin al zitzaien zegokien sailkatze eta bereizketa prozesua, edo dena zabortegiko zulora isuri ote zuten?

2018an isuritako 64.596 tona ez ziren zabortegi horretan egon behar: horietatik 38.000 tona, gainera, arriskutsuak izan zitezkeen. 935 tona hiri hondakin isuri zituzten urte hartan, baimenik gabe

Are larriagoa da beste hau: Jaurlaritzaren datuen araber, isuritako 64.596 tona ez ziren zabortegi horretan egon behar. Horietatik 23.300 tona inguru EAEko beste azpiegituraren batean berreskuratu zitezkeelako; eta horietatik beste 38.000 tona, hondakin baimenduetakoen zerrendan ez agertzeaz gain, arriskutsuak izan zitezkeelako, hau da, ispilu sarrerakoak dira, karakterizazio berezia behar da arriskutsuak diren edo ez ebazteko. Arriskutsuak izan daitezkeen hauen artean gehienak hormigoia, teila, adreilu eta zeramiken nahasketa ziren.

Jaurlaritzaren datuen arabera, 2.600 tona amiantodun eraikuntza material isuri zituzten. Eta kopuru "txikia" izanagatik ere (935 tona), datu ofizial hauetan ageri da hiri hondakinak ere isuri zituztela urte horretan, zabortegiak horretarako baimenik ez zuen arren.

 

Argazkia: Dani Blanco.
Balorizatu behar zituzten hondakinekin tranpa

Metalak eta konposatu metalikoak zabortegian bertan balorizatzeko, aparteko eremu lau batean egin behar zen hondakin horien balorizazioa, horretara bideratutako 1.500 metro koadrotan. Arriskutsuak ez ziren hondakinak soilik kudeatu zitzakeen: zehaztutako 26 hondakin mota, guztira. Baldintza hauek ezarri zizkion 2013ko IBBk Verter Recyclingi.

2018an zabortegian isuritako 335.000 tona hondakinen ia erdia, 154.000 tona inguru ziren bertan balorizatu beharrekoak

Balorizazio prozesuan urrats hauek denak eman behar zituen: pisatu, deskargatu, zabaldu, imanaz bereizi hondakinak, balorizatutako zatiak edukiontzietan jaso.  Hauek metalak birziklatzeko baimendutako beste kudeatzaile batzuen eskuetara eraman behar zituen Verterrek, adibidez, txatarreroei salduz. Eta balorizatu ezin zen zatia berriz (errefusa), Zaldibarko zabortegira bertara bota zezakeen. IBBren arabera, Verterrek erregistro batean zehaztuta eraman behar zuen zein enpresari hartu zizkion hondakin metaldunak, eta horietatik zenbat metal balorizatu ahal izan zuen, zein motatakoa zehazki, eta zeinen eskutan utzi zuen. Erregistro honen kopia sei hilean behin bidali behar zuen Iñaki Arriolaren Ingurumen Sailera. Ikusi berri dugunez, 2018an zabortegian isuritako 335.000 tonatik ia erdia, 154.000 tona inguru, ziren bertan balorizatu beharrekoak.

El Diario Vasco egunkariak otsailaren 19an argitaratutakoaren arabera, ordea, ez dirudi tona horiek guztiak txukun berreskuratuko zituztenik. Zabortegiko langileek ertzaintzari aitortu diote birziklapenean tranpa egiten zutela, Jaurlaritzak aurrez abisatzen zienez ikuskaritza noiz joango zen: Ingurumen Sailaren ikuskaritzak Verterren zabortegia bisitatu baino lehenago txatarra erosten zuten, balorizatzen zutenaren itxura egiteko. Urtean zehar iristen ziren metaldun hondakinak sailkatu gabe gainerako hondakinekin batera botatzen zituzten zulora.

Organikorik den artean, su arriskua egongo da
"Karga organikorik gabea" izendatutako zabortegia izanagatik, paper eta kartoi hondakin mota batzuk baimendu zitzaizkion. Organikoak su hartzeko arriskua dakar, metanoa sortzen baitu

Zaldibarko zabortegiak su hartzeko metanoa behar izan du, eta metanoa hondakin organikoetatik dator. Baina nola da hau posible, zabortegi hau "karga organikorik gabea" izendatu badu Jaurlaritzak? Badirelako hondakin mota batzuk IBBk onartu dituenak eta materia organikoa dutenak: papera, paper pasta eta kartoia egitean edo eraldatzean sortutako hondakin mota batzuk, hain justu. 2007ko IBBk era horretako bi hondakin mota onartzen zituen, eta 2013ko IBBk lau hondakin mota, hauek guztiak Ingurumen Sailari jakinarazi eta berak baimen berezia eman beharrekoak. 2018ko datuen arabera, 83.000 tona dira urte horretan paper loihetan eta paper pastetan isuritakoak. Zabortegia ireki zutenetik bota izandako materia organiko guztiak du sua pizteko arriskua, horregatik da garrantzitsua hondakin organikoak besteenganik bereizi eta konpostatzea. Zabortegietan hondakin organikoak ez du oxigenorik arnasten, eta prozesu anaerobikoaren bidez metanoa sortzen du. Hau oso da arriskutsua, metano poltsek eztanda egin baitezakete.

2013ko IBBk dio Verterrek hondakin organikoak hartzen baditu, gasak biltzeko tximiniak jarri beharko dituela eta jasotako metanoa ahal bada aprobetxamendu planta batera bideratuko dela, eta ezin bada, antortxan erre beharko duela. Izan ere, erre gabe isuritako metanoak berotegi efektua eragiten du. Zabortegiak tximiniak osorik zituen garaian ere metano guztia bildu eta kanporatzeko arazoak baldin bazituen zabortegiak (hori adierazi dute ikuskaritza aktek), erori ostean eta egitura guztia desegin denean, orain ezinezko da materia organikoak sortzen duen metanoa egoki bildu eta kanporatzea. Epe ertain-luzerako beraz, sute arriskua nabarmena da Eitzaga auzoko zabortegian.

Azken ikuskaritzak detektatu zituen hutsegiteak, baina zigortu ez

Eusko Jaurlaritzak 2018ko isuriei buruz zituen datu hauek ez ote dira oso argiak ondorioztatzeko Zaldibarko zabortegia ez zela hondakinak ongi sailkatzen eta kudeatzen ari?

Horrez gain, 2019ko ekainaren 10ean eta uztailaren 10ean ikuskaritza bisita programatuak egin zizkion Ingurumen Sailak Verterren Zaldibarko zabortegiari. Hitzordua jarrita egin zen bisita hura beraz, ez sorpresan harrapatuta. Hala ere, ikuskariaren aktan 23 okerdura aipatzen dira, baina horietako bat ere ez zuten "larritzat" kalifikatu. Okerdura horien artean aipatzen dira artikulu honetan zehar azaldu ditugun arau-hausteetako gehienak: adibidez, "Ez ditu zabortegian sortutako gasak jasotzen eta/edo tratatzen"; "Hondakin batzuk eliminatu izana, justifikatu gabe balorizatzeko modurik ez zegoela"; "Ez du karakterizaziorik egiten ispilu-sarrera duten hondakinen arriskuari buruz" (arau-hauste hau da bakarra, ikuskaritzak larritasun "ertain" modura kalifikatu zuena); "Balorizatu daitezkeen hondakin hauek sailkatzeko baldintzak ez ditu betetzen: papera, kartoia, egurra, plastikoak, ontziak"; edo "IBBn agertzen ez diren hondakin arriskutsuak edukitzea". Arriolak zabor-jauziari buruzko azalpenak eman behar izan zituenean Diputazio Iraunkorrean, adierazi zuen juxtu ezbeharra gertatu zenean ari zirela espediente zigortzaile bat abiarazteko txostena prestatzen. Askok ez dio sinetsi.

Verterri zigor bakarra jarri dio orain arte Jaurlaritzak: 2012 urtean, 33.000 eurokoa. EAEko zabortegiei jarri izan zaien zigorrik arinenetako bat da. Bitartean, 8,57 milioi euroko irabazi garbiak lortu ditu

2011n martxan jarri zutenetik, Verterren zabortegiak zigor bakarra jaso du. "Larri" gisa kalifikatu zuten eta 2012an izan zen. PCBz (bifenilo polikloratuak) kutsatutako lurrak bolada batean bertan gorde zituzten, nahiz eta 2007ko IBBk ez horretarako baimenik eman. 33.000 euroko zigorra ezarri zion Jaurlaritzak, eta berreskurapeneko neurriak hartzera behartu zuten.

Verter ez da zabortegirik zigortuena EAEn. 2008tik 13 zigor ezarri dizkie Ingurumen Sailak zabortegiei, denak "larri" kalifikatuak. Hamahiru zigor horietan, guztira 707.001 euroko kopurua ordaindu dute: zigor arinena 27.000 eurokoa izan da eta larriena 120.000 eurokoa. Verterrek jasotako zigor ekonomiko bakarra arinenetakoa da, beraz. Bitartean, Berria egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, 2017 arte Verterrek 8,57 milioi euroko irabazi garbiak lortu zituen.

Jaurlaritzak datu hauek guztiak baldin bazituen (ikus jarraian "Jaurlaritzak bazekien..." atala), eta ikuskaritzak berresten bazizkon esku artean zituen informazioak, duda geratzen zaio irakurleari kontrol falta den Zaldibarko zabortegian administrazio publikoak izan duena, edo ez ote den gehiago, ezaguera zuen errealitatearen aurrean bestaldera begiratzea, Jaurlaritzak egin duena.

Argazkia: Dani Blanco.

JAURLARITZAK BAZEKIEN...

Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak datu hauek eman zituen Diputazio Iraunkorrean: Zaldibarko zabortegian guztira 2,8 milioi tona zabor isuri zirela eta horiek 1,7 milioi metro kubikoko eremua estali zutela.

Betetzeko erritmoa biderkatu egin zuen enpresak: 2012an 185.000 tona isuri zituen, 2017an 380.000 tona inguru eta 2018an eta 2019an 500.000 tonatik gora.

2013ko Ingurumen Baimen Bateratuaren arabera, zabortegiak 2,7 milioi metro kubiko betetzeko eta 35 urtez ustiatzeko baimena zuen. Baina Verterrek eramandako erritmoaren ondorioz, 2022rako erabat beteko zela esan zuen Arriolak.

Verter enpresak urtero bidali behar dio Ingurumen sailburuordeari "Ingurumena Zaintzeko Programa" eta bertan adierazi urte horretan isuritako hondakinen datuak eta hurrengo urteko aurreikuspenak

Jaurlaritzako arduradunek ezin esango dute, ordea, kudeaketa modu honek ustekabean harrapatu dituenik. Izan ere, IBBren arabera, urtero "Ingurumena Zaintzeko Programa" bidali behar dio Verter enpresak Ingurumen sailburuordeari. Txosten horretan, azken urteko hainbat datu bildu behar ditu enpresak, esaterako datu meteorologikoei buruzkoak, isuritako urenak, atmosferara isuritako emisioenak... eta baita beste hauek ere, zabortegiaren betetze mailari buruzkoak: "Plano topografiko eguneratua egin beharko da, zabortegiaren mugak, zigilatutako zabortegiaren eremua eta azken urteko hondakinak bildu diren zabortegi-eremua zehaztuz". Aurrerago dio hurrengo urteko aurreikuspenak ere jaso behar dituela txostenak: "Hurrengo urtean hondakinek hartuko dituzten eremuen aurreikuspena jasoko da, gutxi gorabeherako kotak adieraziz".

Verterrek Ingurumena Zaintzeko Programa urtero datu guztiekin bidali badu, Jaurlaritza zabortegiaren martxaren jakinaren gainean zegoen.

Hondakin mota gehienak (126) zabortegian hartu aurretik jakinarazi behar zion enpresak Jaurlaritzari. Horien berri bazuen, beraz

Gauza bera isuritako hondakin motekin ere: 2013ko IBBk eskatzen zuen bezala, zabortegiak bidali al zion Jaurlaritzari balorizatu beharreko metaldun hondakinen erregistroa sei hilero? eta Ingurumen Sailaren baimen berezia behar zuten 126 hondakin mota horien kasuan, jaso al zuen jakinarazpena Jaurlaritzak, zabortegiak hondakin hauetako bakoitza onartu aurretik? Zabortegiak IBBk eskatutako informazio hau guztia helarazi bazion Jaurlaritzari, ez ote zuen honek nahikoa zantzurik igartzeko Zaldibarko zabortegiak ez zituela hondakinak egoki sailkatzen?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude