Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean kalera!!!

Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean kalera!!!

LAB Irakaskuntza

Datozen egunotan deialdi bikoitza izango dugu Gasteizko kaleetan: ostegunean Segregazioaren aurkako Kalejira eta igandean Araba Euskaraz. Bata, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak deitua eta bestea Arabako Ikastolek antolatua. LABek herritar guztiei, bereziki arabarrei bi ekimenetan parte hartzeko deia egiten die. Gure ustez, azken hilabeteotan LABek bere Hezkuntza Egitasmoa berritzeko egindako diagnostikoa eta planteamendua berresten dute ekimen hauek.

Ostegunean, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak segregazioaren aurka eta Euskal Eskola Publikoaren Alde kalera irteteko deia egin du. “Segregazioa amaitzeko Hezkuntza Delegatuak neurri eraginkorrik ez duela hartzen” eta “euskal eskola publiko euskalduna, anitza, laikoa, hezkidetzailea eta inklusiboa” aldarrikatzen dute. LABek bat egiten du aldarrikapen honekin. Gainera, Euskal Eskola Publikoaren aldeko herri bultzada indartzen ari dela sumatzen dugu. Ekainaren 2an Oreretan Eskola Publikoaren Aldeko jaian egon ginenean, giroa bor-bor eta herri aldarrikapena indartuta ikusi genuen. Alde batetik, Euskal Eskola Publikoaren garapenerako egiten ari garen lanak fruituak ematen ari da, baina bestetik, bidean administrazioen aldetik oztopoak baino ez ditugu aurkitzen. Gaur gure herrian indarrean den Hezkuntza Sistemak porrot egin du, agortuta dago, edo EHIGEk Euskal Eskola Publikoaren jaian esan bezala: “gure herriak Hezkuntza Sistema Propioa eraiki behar du. Publiko-pribatu eredu dualak porrot egin du. Aldaketa sakona ez badugu egiten, Euskal Hezkuntza sistemak interes korporatibo eta desberdintasun sozialen erreproduzitzaile izaten jarraituko du. Benetan behar duguna ez da egungo sistema egungo statu-quoa balioztatuko duen lege bat egitea, behar den denbora guztia hartu eta parte hartzea bermatuz gure herriak nolako hezkuntza behar duen erabaki behar dugu”. Beraz, EHIGEk egindako elkarlanerako deialdiari baietz esaten diogu eta hezkuntza komunitate osoari zabaltzen diogu deialdia.

Ikastolen Mugimendutik ere diskurtso eta proposamen interesgarriak jaso ditugu. Zentzu honetan, igandea 16an, Araba Euskarazen jasotako diruaren zati haundi bat beka sistema bat osatzeko erabiliko da, hala egoera ekonomiko kaxkarrean dauden familiek Armentia Ikastolan haurrak matrikulatzeko arazoak gainditzeko bidea izango dute. Beraz, ikusten da, segregazioaren arazoari irtenbidea aurkitzeko administrazioaren neurrien zain egon gabe Ikastola mugitzen ari dela. Gustura ikusiko genuke irtenbide partzial honetatik harantzago administrazioen inplikazioa eta segregazioa gainditzeko irtenbide integrala ere. Ikuspegi beretik, Ibilaldiaren antolatzaile izan den Azkue Ikastolako Zuzendari Ibon Goitiak “Hel diezaiogun behingoz herri honek behar duen eskolari” iritzi artikuluan egungo hezkuntza sistemeri dagokionez “Gureak ez diren Curriculumak eta arauek gidatzen gaituztelako. Behingoz, onartu beharko genuke egun dugunak ez digula balio herri libre, jendarte aurrerakoi, feminista, osasuntsu eta alai bat eraikitzeko. Ondorioz, arreta osoa jarri geure hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari. Guztion artean marraz dezagun herri honek behar duen moduko eskola publiko eta burujabea. Horretarako gai bagara, bakoitzak beretik eta guztiok batera, egingo dugu bidea!”

Eskola Publikoa eta Ikastola, guretzat etorkizuneko Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraikitzeko estrategikoak diren bi hezkuntza proiektu, hezkuntza sistemaren porrota agerikoa dela esaten ari dira. Hori baino garrantzitsuago, Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Propioa, publikoa eta burujabea behar duela diote. Zertarako? Segregazioa gainditzeko, inklusioa, hezkidetza, euskara eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko.

LABen ustez ere, sistemaren porrota agerikoa den honetan Euskal Herriak Hezkuntza Sistema berria behar du: publikoa, burujabea eta komunitarioa. Hau da, behetik gorakoa, komunitatearen parte hartze eta erabakiarekin eraikia. Hau soilik posible izango da sistema berria eraiki nahi dugunon elkarlanarekin. Euskal Publikotasunak gaur etsai indartsuak ditu, nagusiki kapitalaren menpe diren estatuak eta administrazio autonomikoak. Baina hezkuntza komunitatea elkarturik geldiezina da, batu gaitezen, hausnartu eta elkarrekin eraiki dezagun, posible eta beharrezkoa da.

Gauzak horrela, deialdi indartsu bat egin nahi dugu ekainaren 13an Gasteizen segregazioaren auka egingo den Kalejiran eta ekainaren 16an Araba Euskarazen parte hartzeko. Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean KALERA!

Report Page