2023/01/09

Busturialdeko gazteek eskualdeko enpresetan trebatuko dira 'Gaztedi Busturialdea Bekak 2023' programari esker


Busturialdeko gazteek eskualdeko enpresatan trebatzeko aukera izango dabe aurton be Gaztedi Busturialdea programari esker, lanekoak ez diran formazino beken bitartez. Busturialdeko hainbat udalek sustatuko dabez beka horreek, Lanbideren bitartez.

Bekadunak izango diran sei gazteek, gehienez bost hilabetez benetazko lan merkatura hurbiltzeko eta prestakuntza eta lana uztartzeko aukera eukiko dabe. Hau da, eskualdeko enpresatan lanekoak ez diran praktikak egin ahal izango dabez.

Beka horreek eskuratzeko interesa daukien gazteek baldintza batzuk bete beharko dabez:
  • 18-25 urte izatea, biak barne (edo 30 urte baino gitxiago izatea, Gazte Bermea Sistema Nazionalean inskribatutako pertsonen kasuan).
  • Lanbiden lan eskatzaile moduan agertzea.
  • Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako edo goi-mailako titulua, profesionaltasun ziurtagiria edo unibertsitate titulua (diplomatura, lizentziatura edo gradua) izatea.
  • Jasotako prestakuntzagaz erlazino zuzena daukan hiru hilabetetik gorako lan-esperientzia ez izatea.
  • 'Gaztedi Busturialdea' programan parte hartzen daben udalerrietako batetan erroldatuta egotea, hain zuzen be: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.
Bekaren zenbateko garbia hilero 680 eurokoa izango da, azken urteotan baino 220 euro gehiago, eta hilabete bakotxaren amaieran jasoko da.
Bekadunari, ganera, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean alta emongo jako, lanekoak ez diran praktiken kotizazino-kontuaren kodean.

Bekek ikasitakoa praktikan jartzeko eta lehen lan esperientzia ordaindua izateko aukera eskainiko deutsie eskualdeko gazteei. Parte hartzaileek, ganera, banakako tutoretza eta coaching-a izango dabe euren garapenean eta prestakuntzan laguntzeko asmoagaz.

2014tik hona eskualdeko 50etik gora gaztek burutu dabez euren praktikak Busturialdeko beste horrenbeste enpresatan eta euretariko asko, ganera, lanean geratu dira bekak amaitu ostean.


Eskariak egiteko epea zabalik
'Gaztedi Busturialdea Bekak 2023' programan parte hartu gura daben eskualdeko gazteek edota enpresek, Bermeoko GIZegaz hartu-emonetan jarri beharko dira 94 617 91 58 telefono zenbakira deituta edo GIZera hurbilduta (Gizarte eta Kultura Etxeko lehen solairuan). Gaztedi Busturialdearen webguneko 'Bekak' ataletik be egin daiteke eskaria.

Beken onuradunen hautaketa prozesua Lanbidegaz batera egingo da enpresak eskatutako profila oinarri hartuta.

Lehen bidarrez lan arloan esperientzia lortzea da Gaztedi Busturialdea beken helburua, holan, lan merkatuan errezago sartzea ahalbideratuz.

2022/12/16

‘Haziberriak’ eta ‘Urdaibai Surf Center’ ideiek irabazi dabe Busturialdeko IX. Enpresa Ideia lehiaketako lehen eta bigarren sariak


Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako Udalak batzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Busturialdeko IX. Enpresa Ideia Lehiaketako sariak banatu dituzte.

Sari banaketa ekitaldia Busturiako BBK Klima Abenturan burutu da eta zuzenean eman da www.gaztedibusturialdea.eus webgunearen bidez. Haziberriak izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Urdaibai Surf Center (USC) ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Diruzko sariaz gain, bi irabazle hauei, Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere lagako zaie urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.

Guztira, 10 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.

Ideia irabazlea, HAZIBERRIAK, Iñigo Arruabarrenak (33 urte, Ibarrangelu. Nekazaritzako ingeniari teknikoa) bultzatutakoa izan da. Zerbitzua espazio naturalen diseinuan eta instalazioan oinarritzen da, permakultura zein nekazaritza eta abeltzaintza erregeneratiboaren ekarpenak kontuan hartuz. Eskainiko diren diseinu hauek hainbat elementu desberdin izango dituzte, haien artean elkarlana nabarmentzen da. Atal bakoitza sistema osoaren onura bilatuz diseinatzen da: ortuak, berotegiak, basoak, abeltzaintza, energia sistemak, hidrologia-diseinuak… “Orain arte Euskal Herrian ez da landa eremuak diseinatzeko joerarik izan, eta ondorioz, elikagaien ekoizpen prozesuetan efizientzia eta bioaniztasun galera izugarriak izan dira. Diseinu era honek, gure arbasoen ezagutza tradizionala eta teknologia batzen ditu, sistema guztiaren onurarako”, adierazi du Iñigok.

Bigarren saria, 2.000 eurokoa, URDAIBAI SURF CENTER (USC) proiektuak lortu du. Proposamenaren atzean Unai Romero dago (22 urte, Busturia. ADEko ikaslea). Irristatze-kiroletarako parke tematikoen ideiarekin lotutako kontzeptu berri bat da aurkeztutakoa. Mota horretako kirolak segurtasun eta erosotasun giroan egitea ahalbidetu nahi du. Erakargarri nagusia olatuen igerilekua da. 400-600 m2-ko azalerarekin, 40zm eta metro bat bitarteko olatuak sortzen ditu, ezin hobeak kirola egiten hasteko. Erakargarri osagarria Pump Truck-a da (Skate Park). Hemen irristatze-kirolen teknika eta ezagutza teorikoak praktikatzen dira gaian adituak diren monitoreekin.


Bestalde, ETXETXU TOMATIEK proiektuak lehen sektorearekin lotutako ideiarik onenaren saria lortu du (1.000 eurokoa). Tomateen salmentan oinarritzen den enpresa-ideia bat da. Jon Gerrikaetxebarriak (32 urte, Gernika-Lumo) azaldu duenez, bere produktu nagusia, dagoeneko merkaturatzen ari dena, negutegiko tomatea da, duela 50 urte baino gehiagotik hazia mantentzen eta gordetzen duen tomatea. Hazia berea denez, urtez urte aukeratzen ditu berarentzat tomaterik onenak direnak. Produktu onena nahi duten bezeroei zuzendutako proiektua da. Gaur egun, GazteNek Berri laguntza-programaren parte da.

Eta, amaitzeko, ZURESKU proiektuak esparru teknologikoko startup bat sortzeko edo garatzeko enpresa-ideia onenaren saria lortu du, 1.000 eurokoa. Marta Bosquet (25 urte, Bilbo. ADE + Kontuen Ikuskaritzako Masterra), Nora Ercoreca (24 urte, Bilbo. Gradua Gizarte Hezkuntzan eta Kirola, Hezkuntza eta Bizikidetzan Masterra egiten) eta Mikel Gimenoren (24 urte, Bakio. Industria Ingeniaritzako ikaslea) negozio ideia hau, Bermeoko ostalaritza eta baserriak/nekazariak biltzen dituen aplikazio batean laburbiltzen da, egunez egun aprobetxatzen ez dituzten produktuei irteera bat eman nahian, beren jarduera eta lehengaia ahalik eta gehien ustiatuz.

Hiri handietan “Too Good to go” bezalako aplikatiboak aurki daitezkeen bezala, ez dute uste oraingoz teknologia hori landa-inguruneari aplika dakiokeenik; beraz, hala badagokio, proiektua aplikazio-eredu erraz bat ezartzean datza, publiko objektiboarentzat irisgarria – oso publiko zabala –, Busturialde osoa konektatuko duen sare bat sortu ahal izateko itxaropenarekin. “Gure helburua eskura ditugun baliabideak aprobetxatzea eta gure ingurunean kontsumo arduratsua egitea da; izan ere, gaur egun, gure inguruan zakarrontzira botatzen den janari kantitatearen lekuko gara, eta munduaren etorkizuna gure adineko jendearen esku dagoela uste dugu”, adierazi dute.

2022/06/10

Europara bidaiatuko badozu atara eizu Europako Osasun Txartela, Batasuneko edozein herrialdetan osasun zerbitzua izateko


Europako Osasun Txartela (EOT) agiri pertsonal eta besterenezina da, eta eskubidea emoten dau ikuspuntu medikotik beharrezkoak diran osasun zerbitzuak jasotzeko, Europako Eremu Ekonomikoan, Erresuma Batuan edo Suitzan egindako aldi baterako egonaldietan. Aintzat hartuko da prestazinoen izaera eta aurreikusitako egonaldiaren iraupena, helmuga herrialdeko legeriaren arabera, eta egonaldiaren arrazoia turismoa, jarduera profesionala edo ikasketak izanda be.

EOT-ek ez dau balio joan-etorriaren helburua tratamendu medikoa jasotzea danean. Kasu horretan, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (INSS) edo Itsasoko Gizarte Institutuak (ISM) jagokon formularioa igorri behar dau, Osasun Zerbitzuaren aldeko txostena jaso ostean.

Kasu batzuetan osasun-laguntzaren zenbateko edo ehuneko finko bat ordaindu beharko da, helmuga Estatuko asegurudunek dabezan baldintza bardinekaz. Zenbateko hori ezin izango da itzuli.

Europako Osasun Txartela banakakoa da eta titularrari osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea bermatzen deutso. Eskatzen daben pertsonei emongo jake txartela eta turismoko bidaietan, ikasketa edota pentsioarengaitik egiten diran leku aldaketetan erabili ahal izango da. Txartelean titularraren izena, NAN zenbakia eta atzetik daukan Segurtasun Sozialeko Institutuaren zenbakia agertuko dira. Horreri esker tramiteak asko arinduko dira, izan be, orain arte derrigorrezkoa zan gaixoa bere herrialdeko Segurtasun Sozialeko bulegoagaz hartu-emonetan jartzea.

Europako Osasun Txartelari esker, Europar Batasuneko hiritar guztiek jaso ahal dabe Batasuneko edozein herrialdetan osasun zerbitzua. Doako zerbitzua izango da hori, eta ordaindu behar baldin bada, ondoren egingo da hori. Txartelaren balioa urte bikoa da (txartelean bertan adierazoten da iraungitze-data).

Egonaldiaren herrialdean zure EOT onartzen ez bada, SOLVIT sarera jo daikezu (solvit@ue.maec.es), Gizarte Segurantzaren Erkidegoko Araudia aplikatzen daben administrazinoen arteko arazoak konpontzeko doako zerbitzua, hain zuzen.

Zelan eskuratu?
  • On line, Gizarte Segurantzaren Bulego Birtualean eskatzen badozu, etxean jasoko dozu txartela.
  • Telefono bidez: 901 166 565 / 91 542 11 76 telefono zenbakietara deitu eta etxean jasoko dozu txartela, egun gitxiren epean.
  • Gizarte Segurantzaren bulegoetan: Bilbon: Avda. Sabino Arana, 3 - 944 284 545 - Vicente Garamendi, 6 - 944 333 003 - Iruña, 13 - 944 478 366 - Gran Vía, 89 - 944 284 517 eta Gernikan: Juan Calzada, 89 - 946 257 107
EOT onartzen daben herrialdeak: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Islandia, Italia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Suedia eta Suitza.

2022/02/02

Gazte Txartelaren eskaintza udal kultura, aisialdi, garraio eta kirol zerbitzu gehiagotara zabaldu gura dau Eusko Jaurlaritzak


Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak hainbat hartu-emon izaten ari da EAEko udalakaz, udal zerbitzu gehiago eskaini deieezan Gazte Txartela dabenei, euskal gazteek deskontu erakargarriak izan daiezan Europa osoko kirol- eta kultura-instalazinoetan, garraioetan eta merkataritzan.

Programaren helburua da euskal gazteei zuzendutako hainbat abantaila komertzial, jarduera, garraio, kultura, aisialdi eta kirol sustatzea, euren bizi-kalidadea hobetzen eta gizartean parte hartzea eta integratzea sustatzen laguntzeko. 2022ko Gazteen Europako Urteagaz batera sustatuko da.

2019ko abendutik aurrera, Gazte-txartela doakoa da, eta Eusko Jaurlaritzak zuzenean bialtzen deutse 14 urte betetzen dabezan gazteei, eskatu behar barikOrdutik, Gazte Txartelak, Eusko Jaurlaritzaren gazteentzako agiriak, doako bidaiako laguntza-asegurua dauka, mundu osoan baliogarria dana.

Deskontuez ganera, Gazte Txartelak aterpekide-txartel modura balio dau munduan zehar banatuta dagozan 4.000 instalazinoetan. Holan, gazteek nazinoarteko sareko edozein aterpetan hartu ahalko dabe ostatu.

Gaur egun 70.000tik gora gaztek daukie Gazte-txartela. Europan homologatuta dagoan gazteentzako euskal agiri bakarra da Gazte Txartela, eta Europako Gazte Agirien (EYCA/European Youth Card Association) Alkartearen barruan dago.

Txartel barria inklusiboa —aniztasuna eta baztertutako taldeak kontuan hartzen dauz— eta jasangarria be da.

Gazte-txartela eskuratzeko nahikoa da 14-29 urte izatea (30 urte betetzean bajan emongo jako urteak betetzen dauzan hilabetea amaitu eta batera) eta Euskadin erroldatuta egotea, nahiz eta beste autonomia-erkidego batetik edo atzerritik etorria izan.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak kontsulta zerbitzua dauka 682 306 102 eta 945 01 95 11 telefonoetan eta gaztetxartela@gmail.com eta gaztetxartela@euskadi.eus helbide elektronikoetan.

Gazte-txartelak deskontu iraunkorrak (garraioak, ostatua, prestakuntza, kultura, kirolak, osasuna, turismoa, e.a.), lehiaketak eta zozketak, bidaia-asegurua, ikuskizunetarako sarrerak, teknologia eta askoz gehiago eskaintzen dau. Gazte-txartela aurkezteagaitik bakarrik, gazteei deskontuak eskaintzen deutsiezan 1.000tik gora establezimendu dagoz Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik. Ikusi hemen Euskadiko abantailak, udalerriaren edo sektorearen arabera.


Gazte-txartela eta ISIC (Ikaslearen Nazioarteko Txartela): desbardintasunak
  • ISIC txartela eukiteko, derrigorrez izan behar da unibertsitateko ikaslea, erdi-mailako ikasketena edo eskola ofizialetakoa; hori frogatuko dauan egiaztagiria behar da. Gazte-txartela eukiteko, barriz, ez da beharrezkoa ikaslea izatea, nahikoa da 14 eta 29 urte bitarteko adina izatea.
  • Gazte-txartelaren epea 30 urte artekoa da, ISICena urte betekoa.
  • Gazte-txartela Europarako txartela da. ISICek, barriz, mundu osoko herrialdeetan balio dau.
  • Europan, orokorrean, Gazte-txartela zabalduago dago.

2021/04/06

Euskal abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina martxan jarri dau Bermeoko Udalak

Euskal abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina martxan jarri dau Bermeoko Udalak, UEMAren laguntzagaz, munduan euskaldunek presentzia izateko.

Bermeon oso zabalduta dagozan abizen asko idatzi daitekez euskeraz: Atxikallende, Allika, Argiarro,  Etxebarria, Bulukua, Markaida, Erauzkin, Gabantxo… kanpaina hori, bere euskal abizena gaztelaniazko grafiaz idatzita dauenari zuzenduta dago, emon behar dauzan pausuak argitu eta epaitegian aldaketa eskatzeko.

Horretarako, UEMA-k prestaturiko informazino-orriak banatu dira herriko udal zerbitzuetan, ikastetxeetan, euskaltegietan eta Hizkuntza Eskolan.

Informazino-orrietan jasotzen dira aldaketa egiteko emon beharreko hiru pausuak:

Erregistro zibilean edo bake epaitegian aldaketa eskatu.
Eskaera orria bete.
Agiri honeek eroan:
  • Nortasun Agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez danak gurasoena eroan behar dau).
  • Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria (epaitegian eskatzen da).
  • Errolda agiria (Udaletxean eskatzen da eta, adinez nagusia ez bada, gurasoena beharko dau).
  • Familia-liburuaren fotokopia (familia edo seme-alabak badaukaz).
  • Seme-alaben nortasun agiriaren fotokopiak, 16 urtetik gorakoak badira.
Horretaz ganera, izena edo/eta abizena euskeraz zelan idatzi behar dan kontsultatzeko www.euskaltzaindia.eus webgunean bilatu ahal da informazino osotua.

Bestalde, epaitegietan egiten diran beste tramite batzuk be euskeraz egin daitekez. Holan ba, epaitegian erregistratzen diran jaiotza, ezkontza eta heriotza-inskripzinoetan, euskera erabiltzeko aukera badago.

2020/06/22

Ezagutu eizu Busturialdeko gazteria zerbitzuek martxan jarritako Gaztedi Busturialdearen webgunea, eskualdeko gazteei zuzenduta


Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko Gazteria zerbitzuak www.gaztedibusturialdea.eus web-orrialdea jarri dabe martxan, Bizkaiko Foru Aldundiaren 'Udal Gaztedi' programaren barruan. Horretan, Gaztedi Busturialdea proiektuan lantzen dabezan lan ildoak batzen dira.

Enplegua, bekak, prestakuntza eta ekintzailetza dira lan arlo nagusiak eta horreetan eskaintzen dabenaren informazinoa batzen da webgune barrian. Ganera, ikastaro, berbaldi edo bestelakotan izena emoteko aukera be dago bertan.

Atariak, ganera, ikastaro, hitzaldi edo bestelakotan izena emoteko izapideak be errezten dauz, aukera emoten baitau izen-emotea bertan egiteko.