Egitarau zabala prestatu dute Araba Euskaraz festarako

Armentia ikastolak antolatuta, Gasteizen egingo da aurtengo Araba Euskaraz jaia hilaren 16an. Arduradunek azaldu dutenez, lau gunetan banatuko da zirkuitua: Prado parkea, Mineral ingurua, Armentia Ikastola eta Armentiako zelaiak. “Festa parte-hartzailea, dibertigarria eta multikulturala izango da”, antolatzaileen arabera.

Aurreko edizioetan ez bezala, aurten guneak ez dira publikoaren adinaren arabera banatuko, programazioa anitza izango da denetan. “Mugimendua egon dadila nahi dugu, jendeak zirkuitu osoa egin dezan eta ez dadin gune zehatz batean geratu, gainontzekoetan ez duela bere gustuko ezer aurkituko pentsatuz”. Armentia Ikastolan adibidez, Haurren Hiria kokatuko dute, bertan txikienentzako tailer asko antolatuko dira, baina ez da umeentzako leku bakarra izango; jolas eta ekimen gehiago aurkituko dituzte gainerako guneetan ere.

Antolatzaileek publikoaren inplikazioa eta parte-hartzea sustatu nahi izan dute egitaraua prestatzerako orduan.“Jendea festaren parte aktiboa izan daitela nahi dugu, dantzatu eta abestu dezatela, eta horretarako oso eskaintza zabala prestatu dugu: swing, dantza plaza, zumba, batukada…”

Aurten Gertu da leloa, eta horixe gorpuztu nahi izan dute antolatzaileek, “guztiok elkarrengandik gertu egon gaitezen, hiriko zenbait talde eta kolektiboren parte-hartzearekin. Adibidez, Gasteiz Kantuz eta Afanis-Ras izango dira gure alboan, betiere euskara egunerokotasunera hurbiltzeko asmoarekin”.

Musikari dagokionez, Joselu Anaiak, Skabidean eta Ze esatek! taldeak igoko dira oholtzara, besteak beste. Gainera, munduko musikek ere tokia izango dute egunean zehar; zehazki, Kolonbia, Bolivia eta Saharako doinuekin gozatzeko aukera egongo da Armentiako zelaietan. Horretaz gain, erronka, pailazoak, magoak eta bertso saioak ere jasotzen ditu egitarauak.

Irabaziak beka sistema sortzeko

Armentia Ikastolak iragarri duenez, Araba Euskaraz jaian biltzen den dirua beka sistema bat sortzeko erabiliko da, besteak beste. Laguntza sistema horri esker, Ikastolako ateak zabalik egongo dira Gasteizko familia guztientzat, “euren egoera ekonomikoa ez baita muga edo oztopo izango seme-alabak bertan matrikulatzeko”. Ikastolak arlo guztietan irakaskuntza eredu inklusiboago batera jo nahi azaldu du. Gainera, espero du diru-bilketak bertako hezkuntza proiektua indartzeko eta kirol instalazioak hobetzeko aukera ere ematea.

Zabaldu: