"Oraingoz desalojoa geldiarazi dugu eta lurraren defentsan jarraituko dugu"

  • Berangoko eraikin zaharrena (Otxandategi dorretxea) eta bere inguruko lur emankorrak ez ditzan etxebizitza negozioak irentsi, erresistentzia gosaria deitua zuen Otxantegi Herri Lurra proiektu agroekologikoak. 8:30etarako 40 herritarrek jarri dute gorputza lurraren defentsan. 9:20 aldera Ertzaintza eta udaltzainak komitiba judizialarekin bertaratu dira eta lekua husteko beste egun bat jakinaraziko dietela esan diete herritarrei, une horretan hori egiteko baliabiderik ez zutela argudiatuta. Otxantegi Herri Lurrako kideek pozik adierazi dute oraingoz desalojoa gelditu dutela eta "lurraren defentsan jarraituko dutela".


2023ko azaroaren 23an - 10:13
Azken eguneraketa: 11:26

Otxantegi Herri Lurrak proiektuko kide batek ARGIAri adierazi dionez, 40 lagun inguru batu dira goizean goizik. "Inguruko jendea etorri da, gure ekimenetan parte hartu izan duena, eta babes hori guretzat positiboa da". Otxandategi dorretxea Berangoko gain batean dago, Erdi Aroan defentsarako erabilia izan zen eta bere armarria herriko armarria da egun. Gaurkoan dorretxea eta bere lurrak izan dira 40 herritar hauek babestu dituztenak. Izan ere, Otxantegi Herri Lurrak agroekologia proiektuak jakitera eman duenez, Berangoko azaleraren zazpitik baten jabe den Aguirre-Lipperheide familiak elikagaiak sortzeko emankorrak diren 8 hektarea lur hauek etxebizitzak egiteko ustiatu nahi ditu, 30 milioi euroko irabaziak lortzeko. "Pelotazo"-tzat daukaten proiektu horri aurre egiteko, "lurraren aldeko defentsara" lotu dira bi urte hauetan Otxantegi Herri Lurrako kideak, ortu komuna eta soroa landuz.

Gaur goizean Otxandategi dorretxera daraman bidea oztopatu dute erresistentziara batu diren herritar batzuek. Bitartean, beste kide batzuek eraikin barruan eserita egin diote hustutzeari plantoa eta atarian ere baziren kideak, pankartak eskuan espero zuten desalojoa salatzen. Haien zorionerako, bertaratu diren udaltzainak eta ertzainak komitiba judizialarekin batera joan dira desalojoaren jakinarazpena komunikatzera eta horrez gain esan diete hustuketarako momentuan baliabiderik ez zutela eta desalojoa beste egun batera atzeratuko dela, eta data zehaztuko zaiela.

Ertzaintzaren komitiba judiziala erresistentziako kideei desalojoa atzeratu dela jakinarazten. Argazkia: Hiruka.

Otxantegi Herri Lurrako kide batek adierazpen hauek egin dizkio ARGIAri: "Borroka ekologista da gurea, Uribe Kostan kokatua. Gaurkoan desalojoa gelditu dugu eta berau atzeratzea lortu da. Garaipena da bailarako herri mugimenduentzat eta autogestio proiektuentzat. Lurraren defentsan jarraituko dugu".

Euskal Telebistako Egun on Euskadi saioan eman dute bere berri (4:55 minutuan eta 39:40 minutuan).

Hiruka komunikabideak bertatik egin du jarraipena eta artikulu honetara ekarri ditugun argazkiez gain, sare sozialetan zabaldu ditu kide baten adierazpenak:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agroekologia
2024-05-15 | Estitxu Eizagirre
Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?

Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta, pestizida eta ongarri kimikorik gabe geratu zen Karibeko irla, eta kimiko horien ondorioz, lur oso... [+]


Borrokak eta liburuak

Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]


2024-05-13 | Estitxu Eizagirre
Lurra Taupaka festa
Amillubi martxan da

Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak Amillubi proiektua abiatu du, Gipuzkoan toki estrategikoan kokatua dagoen Amilibia baserria eta bere bederatzi hektarea lurrak kolektibizatzeko. Maiatzaren 11n festa egin dute Amillubin: herritarrek proiektua bertan arnastu... [+]


Eguneraketa berriak daude